Eduki publikatzailea
Atzealdea Aritzbatalde Kiroldegia urrian
ARITZBATALDE KIROLDEGIAK ZERBITZUEN ESKAINTZA ZABALAGOA IZANGO DU URRITIK AURRERA


2020/09/30
Ekainaren 22an zabaldu zituen Aritzbatalde Kiroldegiak ateak, COVID 19aren aurkako segurtasun eta higiene neurriak bermatzeko trazabilitate handiko dinamikak martxan jarrita. Leire Aranak (EAJ-PNV), Kirol zinegotziak, hilabete hauetako funtzionamenduaren balorazio oso positiboa egin du: “Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiet Aritzbatalde Kiroldegiko erabiltzaile guztiei, guztion osasunaren alde, zerbitzu eta ikastaroetan hilabete hauetan izandako pazientzia eta jarrera arduratsuagatik. Oso beharrezkoa izan da guztion konpromisoa kiroldegiaren martxa onerako. Izan ere, ekainetik gaur arte, guztira, 24.662 erabiltzaile izan ditu kiroldegiak: horietatik, erdiak (12.628) fitness gunean izan dira eta, beste erdia (12.034), igerilekuetan. Horrez gai, udan guztira 14 ikastaro eskaini dira eta 137 ikaslek hartu dute parte hauetan. Kantitatea baino, erabilera bakoitza nolakoa izan den azpimarratu nahi dugu, une zail hauetan, Udalak onartutako Aritzbatalde COVID19 Plana ezin hobe gauzatu ahal izan bait da, esan bezala, erabiltzaileek hartutako jarrera arduratsu eta erantzun onari esker”.
Hala, Planaren funtzionamendu egokia jada bermatuta, eta herritarren eskaerei erantzuteko asmoz, Aritzbatalde Kiroldegiak zerbitzuen eskaintza zabalagoa izango du urritik aurrera, orain arteko funtzionamendua mantenduz; hau da, erreserba bidezko sistemarekin (https://www.zarautz.eus/eu/-/instalazioen-erreserba) eta guneen arteko sektorizazioarekin (sarrera eta irteera bereiztuak).
Datorren urriaren 1etik aurrera, fitness gunerako eta igerilekuetarako txandak zabalduko dira; zehazki, gune bakoitzean, astero, 39 txandatik 54 txandara pasako dira. Herritarren eskaerei erantzun nahian, eguerdiko eta azken orduko txandak izango dira martxan jarriko direnak, eta baita larunbat arratsalde eta igande goizean ere. Ikusi hemen urritik aurrerako txanden ordutegia.
Horrekin batera, aurrez aurreko Harrera zerbitzuaren ordutegia ere zabaldu egingo da. Ikusi hemen Harrerako ordutegia.
Aritzbatalde kiroldegiaren aurrerapauso honekin batera, urritik aurrera bazkide kuotaren hobaria %25ekoa izango da.
KOZ (Kirol Orientazio Zerbitzua) ere aktibatuko da urritik aurrera: astearteetan 12:30etik 16:00era, asteazkenetan 10:30etik 16:00etara eta 16:45etik 18:00etara, eta ostegunetan 13:30etik 16:15era eta 18:45etik 20:15era. Zerbitzu hau doakoa da eta kiroldegiko lehen solairuan eskainiko da. Horretarako, koz@zarautz.eus helbide elektronikora idatzi beharko da eta zerbitzuko aholkularia harremanetan jarriko da interesdunarekin.
2020-2021 ikasturteko ikastaroak irailaren 28an hasi dira, haur, gazte eta helduentzat. Guztira 66 ikastaro eta 902 erabiltzaile arituko dira ikastaro hauetan, momentuz. Nahi izanez gero plaza libreak daude oraindik: ikusi hemen plaza libreak dituzten ikastaroen zerrenda.
Bide beretik, igerilekuan doako entrenamenduak eskainiko dira nahi duen edonorrentzat.
Azkenik, adinekoentzako soinketa COVID19 kirol planera moldatu da eta, 10 erabiltzaileko taldeetan, eremu seguruan eskaintzeko asmoa dago astean zehar. Izen emateak urriaren 1etik aurrera.
Informazioa eta izen-emateak kiroldegiko Harreran edo kirola@zarautz.eus helbidean. Argibide gehiago 943 00 51 23 telefonoan.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010