Eduki publikatzailea
Atzealdea

multimedia saioak konfinamenduan

Twitter

KONFINAMENDU EGOERAN AKTIBO MANTENTZEKO MULTIMEDIA SAIOAK

Ekitaldia edo albistearen eguna honako hau da : 2020/04/15

Martxoaren 14an ezarritako alarma-egoeraren ondorioz, denok daramagu, gutxi gorabehera, hilabete bat etxean sartuta. Egoera honen aurrean, eta lehen unetik, Zarauzko Udalak neurri sorta bat jarri zuen martxan, batez ere, zarauztarren segurtasuna bermatzeko eta, ahal den neurrian, zaurgarritasun egoeran dauden, edo egon litezkeen, pertsona guztiei laguntzeko.

Era berean, Kirol eta Gizarte Zerbitzuetako sailetatik, Zarauzko adinekoei zuzendutako ekimen bat jarri zuten martxan: jarduera fisikoa egiteko multimedia saioak. "Gure egunerokotasunean jarduera fisikoa egitea oso garrantzitsua da, ez bakarrik adineko pertsonentzat, baita guztiontzat ere. Alarma egoerak eta etxean konfinatuta egoteko beharrak gure eguneroko errutinak egokitzera behartu gaitu. Adibidez, adineko pertsona askok ohitura zuten goizero paseatzera ateratzeko, edo Tipi Tapa eta Soinketa +65 doako programetan parte hartzeko. Horregatik multimedia saio sorta bat ekoitzi dugu, Aritzbatalde Kiroldegiko begiraleekin batera, adineko pertsonak euren etxeetan aktibo mantentzeko, fisikoki zein psikologikoki', azaldu du Leire Aranak, Kirol zinegotziak (EAJ-PNV).

Ekimen honetan Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) laguntzen du, Erlo Telebista eta Zarauzko Hitzaren plataforma digitaletan saio guztiak emitituz. "Hasieratik pentsatu genuen Erlo Telebista zela zarauztar guztien etxeetara iristeko biderik egokiena, eta UKTk berehala erakutsi siguen laguntzeko prestutasuna. Horrela, adinekoei zuzendutako 30 minutuko bi saioekin hasi gara; lehenengoa 11: 00etan eta bigarrena 18: 00etan. Saio horietan gorputzaren atal guztiak lantzen dira, baita koordinazioa eta oreka, indarra, oroimena … ", zehaztu du Aranak.

Gazte eta helduentzat, baita ere

Adinekoei zuzendutako multimedia saioen arrakasta ikusita, helduei eta gazteei zuzendutako saioak egiteko enkargua eman die Udalak Zarauzko begiraleei. "Gure lehentasuna egoera honetan kolektibo ahulenetako bat diren adineko pertsonak, konfinamenduak iraun biteartean, aktibo mantentzea zen. Orain martxa ona hartu dugunez, helduei eta gazteei zuzendutako saioak ere prestatu ditugu; spinning, zumba, abdominalak, total training saioak… ", zehaztu du Aranak.

Helduei zuzendutako saioak goizeko 11:30ean eta arratsaldeko 18:30ean ematen ari dira Erlo Telebistan, adinekoen saioen ostean hain zuzen ere. Datorren astean, gazteentzako saioekin hasiko gara, 10:30ean eta 17:30ean. “Aritzbatalde Kiroldegiko begiraleei eskerrak eman nahi dizkiet egunotan egiten ari diren lan handiagatik, jarduerak etxean burutu ahal izateko saioak egokituz, material ezberdinekin, adin eta maila ezberdinetarako, eta sedentarismoan ez erortzeko gomendioak eskainiz. Familia osoa etxean aktibo mantentzea lortzen ari gara, eta hori oso garrantzitsua da gaur egun bizitzen ari garen egoera honetan", burutu du Aranak.


Web edukia bistaratu

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010