Agrégateur de contenus

Retour Argiak erabiltzeko kanpaina

Twitter

BIZIKLETETAN ARGIEK DUTEN GARRANTZIAZ KONTZIENTZIATZEKO KANPAINA ABIAN JARRIKO DA

2024/11/08

Duela hilabete batzuk, Zarauzko Udalak "Mugikortasuna, errespetua eta bizikidetza" proiektua jarri zuen martxan. Bertan, gure herrian mugikortasunak dakarren erronka partekatuari aurre egiten lagunduko duten hainbat jarduera jasotzen dira. Ekintza horien artean kontzientziazio-, sentsibilizazio- eta kontrol-kanpainak daude, guztiontzako segurtasuna irabazten eta herri atseginagoa eta bizigarriagoa izaten lagunduko dutenak.

Testuinguru horretan, bide-segurtasuneko kanpaina bat jarri da abian, herritarrak, bereziki gazteak, bizikletaz ibiltzean segurtasun-elementuak eramatearen garrantziaz kontzientziatzeko. Zehazki, kanpaina hau argien derrigorrezko erabileran oinarrituko da.

Zarauztar asko joaten dira goizez bizikletaz ikastetxeetara edo lanera, eta arratsaldean herriko kaleetatik ibiltzen dira eskolaz kanpoko ekintzetara, entrenamenduetara, erosketak egitera edo etxera itzultzera. Azken finean, ibilbide horietako asko argiztapen gutxiko egoeratan egiten dira, eta, beraz, bizikletan argi egokiak eramateak laguntzen du kaleetan oinezkoak, bizikletak edo ibilgailuak ikusi eta identifikatu ahal izateko, eta, era berean, besteak gu ikusi ahal izateko.

"Kanpaina honen helburua gure kaleetako segurtasuna eta lasaitasuna hobetzea da. Badakigu Zarautzen bizikletaz mugitzeko dagoen erronka handia dela eta herritarrentzako segurtasuna zein garrantzitsua den. Hori dela eta, hainbat jarduketaren bidez, istripuak izateko arriskua murriztu behar dugu, ibilgailu motordunak tartean dauden egoeretatik hasita, horiek baitira kalte gehien egin dezaketenak. Erronka partekatua da eta guztiok egin jarri dezakegu gure hondar alea", adierazi du Iker Basurko (EAJ-PNV) Mugikortasun zinegotziak.

Kanpaina datorren asteazkenean hasiko da, azaroak 13, eta hiru astez luzatuko da. Gervasio Gabirondo (EAJ-PNV) Herritarren Segurtasunerako zinegotziak  adierazi duenez, "bizikletan argiak erabiltzea derrigorrezkoa bada ere, oraindik ez dago oso zabalduta, eta, beraz, kanpaina hau abiarazteko beharra ikusten dugu, eta, horretarako, kontrolak mailaka egingo dira. Lehenengo egunetan, bete beharreko araudiaren eta segurtasun-gomendioen berri emango da, eta, txirrindulariei argiak eskuratzeko behar duten epea eman ondoren, isuna jarriko zaie araudi hori betetzen ez dutenei".

Kanpainak irauten duen bitartean, Udaltzaingoak bizikleta gehien egon ohi diren lekuak eta ordutegiak kontrolatuko ditu, eta uneoro beteko du egoera bakoitzean zaurgarriena den elementua babesteko irizpidea.

Bide-segurtasuneko kanpaina honen ondoren beste batzuk etorriko dira, betiere guztientzako mugikortasun segurua lortzeko helburuarekin. Hurrengo kanpaina hilabete batzuk barru iritsiko da, eta mugikortasunean parte hartzen duten eragileen arteko errespetua eta partekatutako eremuetako zirkulazio egokia izango ditu ardatz.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010