Agrégateur de contenus
Retour Udako programa
ZARAUZKO UDA, EKITALDIZ BLAI!


2026/06/28
San Pelaio festak amaitu diren honetan, Zarauzko Udalak uda garairako prestatu dituen ekitaldi guztiak bateratzen dituen egitarau berezia aurkeztu du. Urtero bezala, denetarik eta denontzat dakarren egitaraua aurkeztu da eta gure kale eta plazak giro onez, ikuskizunez eta musikaz beteko dira, haur, nerabe, gazte zein helduentzako prestaturiko egitarau oparoarekin.
Turismo Bulegoak argitaratzen duen egitarau berezi honek uztailean eta abuztuan zehar Zarautzen izango diren 130 ekitalditik gora bateratzen ditu. Hauetako asko Udaleko departamentu desberdinek antolaturik daude, hala nola, Turismo, Jaiak eta Ekitaldiak, Kultura, Kirola… eta, beste asko, herriko eragile, klub eta jai-batzorde desberdinek antolaturikoak dira.
“Nire eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet ekitaldi hauen eta herriko auzoetako festen antolakuntzan inplikatzen zareten zarauztarroi. Zalantzarik gabe, Zarauzko udarak aho-zapore gozoa eta une ahaztezinak utziko dizkigu denoi”, adierazi du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak.
Egitarauan urtero errepikatzen diren eta Zarauzko udan oso erroturik dauden ekitaldiak daude, hala nola, Kalerki, Txaparrotan, Los 40 Summer Live uztailaren 31an, ostegunetako Herri Kirol jaialdiak, Udako Musikaldia, igandetako Udako Erromeriak, zezen puzgarrien entzierroa, Frontoi Txikiko pilota txapelketak, Bertso Astea, Getaria-Zarautz itsas-zeharkaldia edo auzoetako jaiak, esaterako. Honekin batera, urtero musika ikuskizun, kirol lehiaketa eta azoka berriak gehitzen doaz, ahalik eta egitarau borobilena osatzeko.
Udako programa hau zarauztar guztien etxeetara iritsiko da posta bidez astelehenetik aurrera, guztiok eskura edukitzeko gure herrian antolatuko diren ekitaldi guztien berri.
“Aurten, Zarauzko Aste Nagusia abuztuaren 14tik 23ra ospatuko dugu, Donostiakoaren eta Bilbokoaren artean geratzen den tarteko astean. Honela, su artifizialen erakustaldiak abuztuaren 15ean eta 16an izango dira, lehen mailako pilota txapelketako partidak bi igandetan, 16 eta 23an, eta Zarauzko Estropadak 22 eta 23an. Aurten, Malekoiko kontzertuak abuztuaren 17tik 22ra programatu dira. Kontzertu hauei dagokionez, urtero egin ohi dugun moduan, adin-talde guztietara iristea nahiko genukeen kartela osatu dugu”, zehaztu du alkateak.
Hauek dira aurten Damako eskenatokian izango diren taldeak:
Abuztuak 17 -> Gaztea Gaua: Olaia Intziarte, Zeatik Ez eta bertako talde gonbidatua.
Abuztuak 18 -> Neomak
Abuztuak 19 -> Janus Lester
Abuztuak 20 -> Seguridad Social
Abuztuak 21 -> Puro Relajo
Abuztuak 22 -> Leire Martinez
Deskargatzeko
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010

