Agrégateur de contenus
Retour Ttanta Eguna Zarautz 2024 aurkezpena
TTANTA EGUNA ZARAUTZEN, 2030 AGENDA UDALERRIETAN APLIKATZEKO ERREFERENTZIA


2024/02/22
Gaur goizean aurkeztu da Zarautzen Ttanta Egunaren lehen edizioa, Garapen Iraunkorreko Helburuak politika publikoetan aplikatzeari buruzko topaketa. Martxoaren 21ean izango da, Modelo Aretoan, 2030 Agendaren aplikazioan adituen parte-hartzearekin: udaletatik – Zarautzez gain, Ampostakoa (Tarragona) edo Valongoa, Portugalen, besteak beste – eta Orkestra, Arantzazu LAB, IHOBE eta REDS erakundeen ekarpenekin.
Topaketan Carlos Mataixek parte hartuko du, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Giza Garapenerako Teknologiako Berrikuntza Zentroko zuzendaria eta 2030 Agendak eskatzen duen elkarlaneko gobernantzan erreferentziazko ahotsa.
Ttanta Egunaren antolaketarekin, Zarauzko Udalak hausnarketarako eta ikaskuntzarako gune aitzindari bat eskaini nahi die udal erakundeei, eta jardunbide egokien katalogo bat zabaldu nahi du, prozesu honetan toki entitateek lortu dituzten soluzioak azaltzeko.
Zarauzko Udalak 2022an gauzatu zuen 2030 Agendarekin zuen lehen konpromisoa, Garapen Iraunkorreko 17+1 Helburuen tokiko hedapenerako egungo Plan Estrategikoa abiarazita. Talde Politiko guztiek aho batez onartu zuten plana, Zarauzko eragileen partaidetza zabala izan zuen eta, dagoeneko, garatzen joan dira honen baitan garatutako hainbat proiektu eta ekimen.
"Zarautz 2030 Plan Estrategikoa da zarauztarrekin dugun konpromisoa etorkizuneko Zarautz definitzeko. Lehen Ttanta Egunaren ospakizunarekin, Zarautzen, 2030 Agendaren horizonterako bidean aurrera egiteko ikaskuntzak partekatzeko topagune bat ahalbidetu nahi dugu Zarautzen", azaldu du Xabier Txurruka alkateak.
Topaketa Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatu da, eta Ihobe, Eudel eta REDS (Garapen Jasangarrirako Espainiako Sarea) erakundeen babesa ere badu.
Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Gizarte Berrikuntzako zuzendariak azaldu duenez, "lankidetza eta era guztietako aliantzak sortzea dira Nazio Batuek planteatzen diguten dimentsioko erronka honen giltzarria, eta guztion ongizateak, inoiz baino gehiago, eskutik eta zeharka lan egitera garamatza".
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategiako zuzendari nagusi Sebastián Zurutuzak balioa eman dio "Zarautz bezalako udalerrien lidergoari; izan ere, herritarrengan eragina duten tokiko politikei erronka globalak ezartzen ari zaizkie, eta herritarren artean dibulgazio-lan handia egiten ari da, 2030 Agendaren aldaketa-prozesuan herritarren inplikazioa lortzeko".
Ttanta Eguna topaketa 9:30ean hasi eta 14:00etan amaituko da, Zarauzko Adierazpena irakurri ondoren. "Ttanta Egunaren lehen edizio honetan hausnarketa interesgarriak entzuteko aukera izango dugu, herri ezberdinetan bizitako esperientziak eta 2030 Agenda tokian-tokian lurreratzeko hartutako konpromisoak bertatik bertara ezagutzeko aukera, guztiok batera aurrera egiten jarraitzeko eta, aldi berean, bide beretik urratsak eman nahi dituzten herriei laguntzeko eta motibatzeko", azaldu du Iker Basurko Zarautz 2030 eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziak.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010