Agrégateur de contenus
Retour Trafikoaren murrizketa
1.200 IBILGAILU GUTXIAGO ERDIGUNEAN FRANTZESKUAKO BIDE BERRIARI ESKER


2021/05/13
Errotaberri eta Abendañoko industrialdera sartzeko bide berria ireki denetik, Zarauzko erdiguneak bide-segurtasuna eta lasaitasuna irabazi ditu. Aritzbatalde eta Azken-Portu auzoak izan dira azpiegitura berri horren onuradun nagusiak, eta, horri esker, nabarmen txikiagoa izan da eremu honetatik igarotzen den ibilgailu-kopurua. Trafikoa murrizteak mesede egiten die zuzenean auzo horietako bizilagunei, eragozpenak saihestuz eta segurtasun handiagoa emanez ikasleak maiz ibiltzen diren eremu batean.
Udaltzaingoak bide berri horrek trafikoaren ohiko fluxuan izan duen eragina neurtu du, eta egunero 1.200 ibilgailu inguruk ohiko ibilbidea aldatu dutela ondorioztatu du. Ibilgailu hauek euren eguneroko ibilbidea aldatzen dute Araba kalearen amaieraraino ez joateko, eta bide berri hau erabiltzen hasi dira. 10 metro baino luzeagoak diren ibilgailuek bakarrik egiten dute ibilbide tradizionala gaur egun oraindik, baina horiek birbideratzeko aukera desberdinak aztertzen ari dira.
Zentzu bakarra Herrikosoro kalean
Zarauzko trafikoaren berrantolaketarekin jarraituz, Mugikortasuneko taldeak Herrikosoro kalea norabide bakarreko bide bihurtuko du laster (mendebaldetik ekialdera). "Aldaketa honen bitartez bidearen abiadura jaitsi nahi dugu, 30 km/h-koa izatera iristeko, baita ibilgailuen joan-etorria murriztea ere", adierazi du Iker Basurko (EAJ-PNV) Mugikortasun zinegotziak. "Kale hori Abendañoko industrialderako ohiko sarrera eta irteera izan da, eta orain, berriz, Franstzeskuako sarbide hori izango da, hain zuzen ere, sarbide nagusia".
"Gainera, bidearen noranzkoaren aldaketarekin irabazitako zabalerari esker, 100 aparkaleku plaza berri irabaziko dira Herrikosoro kalean, erdi-baterian, eta Zarautzek eskertuko du, batez ere urteko zenbait hilabetetan", gaineratu du Basurkok. "Gune hori, zehazki, ez da ibilgailu bakoitzeko aparkaleku indizerik okerrena duena; baina, erdiguneetako egoiliarren plazak gehitu direnez, plaza berri horiek zerbitzua emango dute gune urdin gisa, eta horrek onura handia ekarriko dio herriari".
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010
