Agrégateur de contenus

Retour Taxi zerbitzua hobetzeko plana

Twitter

TAXIAREN UDAL ZERBITZUA HOBETZEKO PLAN BAT LANTZEN ARI DA ZARAUZKO UDALA

2024/06/12

Taxi zerbitzua erronka garrantzitsua da mugikortasunaren ikuspuntutik herri eta hiri askorentzat. Egia da, halaber, gero eta zailagoa dela taxiko profesional gisa irautea, lanbide horretan esklusiboki arituz, Eusko Jaurlaritzaren araudi mugatzailea errespetatuz.

Zarauzko Udalak, Mugikortasun alorretik, egoeraz jabetuz eta taxiaren zerbitzu publikoa hobetu daitezkeela jakinda, lanari ekin dio eta Zarauzko Udal Taxiaren Plana prestatzen ari da. Gaur egun funtzionatzeko moduan aldaketak egingo lituzkeen plan bat, bai eta hobekuntzak eta arau-proposamenak ere, gaur egun zerbitzu hobea emateko oztopo direnak. Horretarako, asmoa da zerbitzu honen erregulazio-eremuan eskumena duten beste erakunde batzuk ere tartean sartzea.

Plan hau egin aurretik, Udalak herritarrei, enpresei, hotelei eta elkarteei egindako galdeketa bat jarri zuen abian, eta bertatik ateratako ondorioak planaren ibilbide-orria markatzeko erabiliko dira. Era berean, lehen bilerak egin dira AGITAX elkartearekin eta Zarauzko taxilariekin. Azken horiek beren kezkak azaldu ahal izan dituzte, eta begi onez ikusi dute Udalak gaiaren lanketa egitea.

"Aurre egiteko genuen erronka da hau, eta azkenean merezi duen denbora eta ahalegina eskaini ahal izango dizkiogu. Taxia zerbitzu publikoa da, eta, beraz, hau hobetzeko lan egin behar dugu. Laster plan sinple baina garrantzitsu bat aurkeztuko dugu, nahi dugun norabidean lehen urratsak ematen lagunduko diguna. Hobekuntza batzuk Zarauzko taxi profesionalen eta Udalaren esku egongo dira, baina beste batzuk partekatu egin beharko ditugu eta, horretarako, Urola Kostako Mankomunitatearen, Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan beharko dugu. Baina garrantzitsuena da aurrerapausoak ematen hastea, txikiak izan arren", adierazi du Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak (EAJ-PNV).

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010