Agrégateur de contenus
Retour R14 aurkezpena
SALBERDINEKO R14 PARTZELAN TASATUTAKO 92 ETXEBIZITZEN ZOZKETAN IZENA EMATEKO EPEA DATOZEN EGUNETAN IREKIKO DA


2022/11/25
Xabier Txurruka alkateak (EAJ-PNV) jakinarazi du Salberdineko R14 lursaileko Erregimen Bereziko 92 Udal Etxebizitza Tasatuen zozketaren deialdian izen emateko epea irekiko dela. Eraikina Araba kalean kokatuko da, garai batean Pardo enpresa zegoen tokian, Aritzbatalde kiroldegiaren parean.
Udalaren 2020ko otsailaren 27ko Osoko Bilkurak erabaki zuen, lehiaketa bidez, Salberdin eremuko R14 lurzatiaren salerosketa-kontratua Amenabarri esleitzea. Sustatzaileak dagoeneko aurkeztu du Udalean 92 etxebizitza tasatuen proiektua, eta zozkatuko diren etxebizitzen programa honela banatuta dago:
• Mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat gordetako 4 etxebizitza, bina logelakoak (etxebizitza egokituak).
• Bi logelako 7 etxebizitza (etxebizitza egokitua ez direnak).
• Hiru logelako 81 etxebizitza.
Etxebizitza guztien gehieneko salmenta-prezioa Udalbatzak 2008ko martxoaren 26an egindako bilkuran erabakitako Udal Etxebizitza Tasatua arautzen duen Ordenantzak arautzen du, bai eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko ekainaren 30eko Aginduak ere, babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezio eta errentak eta zuzkidura-bizitokien kanona zehazteari buruzkoak.
Udalak Zarautz Lur, S.A. Udal Etxebizitza Bulego Publikoari enkargatuko dio Udal Etxebizitza Tasatuen eskatzaileen zerrenda sortzea. Esleipen-prozeduraren oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik, 30 egun naturaleko epea irekiko da ETXEBIDE Babes Publikoko Etxebizitzak Esleitzeko Zerbitzu Publikoan izena emanda dauden pertsonak eta bizikidetza-unitateak zerrendan sartu ahal izateko.
Zerrendan izena emateko, eskatzaileek honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:
1. ETXEBIDE Babes Publikoko Etxebizitza Esleitzeko Zerbitzu Publikoaren Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alta emanda egotea 2023ko urtarrilak 10eko datarekin.
2. EGOITZA: Zarautzen erroldatuta egon beharra, etengabe gutxienez 5 urtez edo, etenaldiekin edo gabe gutxienez 10 urtez egon beharko du erroldatuta bizikidetza-familiako kideren batek.
3. ERRENTA: Aintzat hartuko dira 2021ko ekitaldiko diru-sarrera haztatuak, Erregimen Berezian Udal Etxebizitza Tasatuetarako Zarauzko Udal Etxebizitza Tasatuei buruzko Ordenantza Arauemaileek xedatutako gutxienekoaren eta gehienekoaren artean daudela egiaztatzeko. Etxebizitza Tasatuetako onuradunen gehieneko diru-sarrera haztatuak ez dira erregimen orokorrean BOEak lortzeko indarreko gehieneko diru-sarreren 1,3tik gorakoak izango.
Izen ematea
Eskaera orria modu presentzialean aurkeztu daiteke Zarautz-lurren bulegoan (Salegi kalea 14) edo modu telematikoan, Udalaren web atariko egoitza elektronikoaren bitartez.
Pertsona edo bizikidetza-unitateko eskaera bakarra onartuko da. Dokumentazio guztia salerosketako kontratu pribatua sinatu baino lehen aurkeztu beharko da.
Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emateko eskaera, eskaera-eredu ofizialean aurkeztuko da. Eredu hori eskura egongo da Zarautz-lurren bulegoan (Salegi kalea 14), Amenabarren bulegoetan (Donibane plaza 7), udal webgunean eta sustatzailearen webgunean.
Etxebizitza plana
Zozketa hau beste mugarri bat da Zarauzko Udalak 2015ean abian jarri zuen Etxebizitza Planean. “Lehenengo bizilagunak auzo berrira iritsi zirenean, plan estrategiko honen emaitzak ikusten hasi ziren, baita Salberdinen ere”. Xabier Txurrukak “historikotzat” jo du datozen hilabeteetan Zarautzek etxebizitza-politikari dagokionez biziko duen unea. “Aldapetako eta Salberdineko sustapenen artean 140 (120 + 20) Babes Ofizialeko Etxebizitza eta 78 (48+30) Etxebizitza Tasatu esleitu ondoren, urtarrilean 92 Etxebizitza Tasatu berri hauek Salberdinen esleitzeko zozketa egingo da”.
Alkateak iragarri duenez, “datozen hilabeteetan beste bi izen-emate prozesu deituko dira, alde batetik, Iñurritzako Amenabarren sustapeneko babes ofizialeko 24 etxebizitza eta tasatutako 36 etxebizitza esleitzeko eta, bestetik, Promociones Salbidek Salberdineko R10, R11, R12 eta R13 partzeletan gauzatuko dituzten 139 etxebizitza tasatuak esleitzeko”.
Oro har, Zarauzko Udalak abian jarritako Etxebizitza Planak babes maila desberdineko 600 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten du, “gure herrian dagoen etxebizitza-premiari aurre egiteko talka-plan bat”, amaitu du alkateak.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010