Agrégateur de contenus

Retour Irita Amillubi Behin Betiko plenoa

Twitter

“ZARAUTZEN INOIZ IZAN DEN ALOKAIRUKO ETXEBIZITZA BABESTU ESKAINTZARIK HANDIENA”

2024/07/24

Irita-Amullubi eremuetako Plan Orokorraren aldaketa hizpide izan zen Zarauzko Udaleko uztaileko ohiko Udalbatzan. EAJ-PNVk eta PSE-EEk osaturiko Udal Gobernuaren aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrako bozkarekin hirigintza planaren aldaketari behin betiko onespena eman zitzaion.

Aldaketa hau garrantzia handikoa izango da Zarauzko etorkizunerako, hainbat proiektu estrategiko ahalbidetzen dituelako, etxebizitzaren arloan bereziki. Besteak beste, Irita-Amillubiko eremuetako Plan Orokorraren aldaketa honek, bidea irekiko dio, alde batetik, Iritan Babes Ofizialeko alokairuko 130 etxebizitza eta 100 zuzkidura bizitoki inguru eraikitzeari eta, bestetik, Amillubin 20 etxebizitza tasatu eta 45 libre eraikitzeari.

Garbiñe Oiarbide (EAJ-PNV) Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak plenoan adierazi duen moduan, “erabaki oso garrantzitsua da gaur hartzera goazena, zarauztarren eskura Zarautzen inoiz izan den alokairuko etxebizitza babestu eskaintzarik handiena jartzeko aukera emango digulako”.

Bestalde, plan berriak Zarauzko herriak behar duen autobus geltokia ahalbidetuko du. Azpiegitura hau Amillubi eremuan gaur egun Udal Brigadaren eraikina dagoen tokian eraikiko da. Honek, Brigadaren eraikina tokiz aldatzera behartuko du, Udalak horretarako Abendañon aurreikusita daukan partzelara leku aldatuz, hain zuzen ere gaur autokarabana parkina dagoen eremura.

Bide batez, Xabier Txurruka (EAJ-PNV) Zarauzko alkateak Udalbatzaren aurrean jakinarazi du, eratu berri den Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin izandako bileraren ondoren, “hauek Iritan eraikiko diren babesturiko etxebizitzen osotasuna alokairura bideratzeko asmoa” dutela.

Honela, Oiarbidek, azken 9 urtetan Udal Gobernuak etxebizitza arloan egindako lana gogorarazi du Udalbatzako hitzartzean: “Dagoeneko entregaturik daude alokairuko 20 etxebizitza Aldapetan, 82 etxebizitza tasatu Aldapetan eta Salberdinen eta 120 babes ofizialeko etxebizitza Salberdinen. Bestalde, eraikitzen ari dira une honetan alokairuko zuzkidurako 60 bizitoki Salberdinen, 91 alokairuko etxebizitza babestu Salberdinen, 267 etxebizitza tasatu Salberdinen eta Iñurritzan eta 36 babes ofizialeko etxebizitza Iñurritzan”.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010