Agrégateur de contenus
Retour

Herri Hezitzaile hitzaldiak

Twitter

CIBER JOKOAREN INGURUKO HIRU HITZALDI ANTOLATU DITU ZARAUTZ HERRI HEZITZAILE TALDEAK

2021/04/06

Zarautz Herri Hezitzaile taldeak hiru hitzaldi antolatu ditu apirilean zehar Modelo Aretoan. Hitzaldi sorta hau Ciber Jokoaren baitan mintzatuko da eta horretarako Esti Linares Deustuko unibertsitateko doktorea eta ikertzailea etorriko da bere ezagutza eta esperientzia partekatzera. Bestalde, 3.saioan, estrategia zehatzak landuko diren saioan, Jose Mª Izeta Izan Fundazioko terapeuta etorriko da, beraien elkartean izandako esperientzia eta ikasketak partekatzeko.

Irune Urbieta (EAJ-PNV) Hezkuntza zinegotziak adierazi duenez “aurreko hitzaldietan gai honi buruzko kezka azaldu zuten parte hartu zuten pertsonek eta, horregatik, egoki ikusi dugu aurten gaiari heltzea”. “Guztion elkarlanetik sortzen dira urtez urte Herri Hezitzaile taldeak antolatzen dituen ekimen ezberdinak. Guretzat, garrantzitsua da eragile ezberdinen elkarlana, ikuspegi eta sentsibilitate ezberdinak jorratu ahal izateko, eta, bereziki, ikuspegi komunitarioa sustatzeko, haur eta nerabeen heziketan parte hartzen duten pertsona guztiekin”, gehitu du Urbietak.

Hiru hitzaldiak apirilaren 14, 21 eta 28an izango dira, 18:30etatik aurrera Modelo Aretoan. Lehenengo saioan bideo-jokoen errealitate sakona aztertuko da: Nondik datoz? Zergatik erabiltzen dira? Zein motako bilakaera izan dute? Zein-nolako eraginak dituzte? Haur, nerabe, zein gazteen zein espazio okupatzen dute? Mota honetako galderei erantzuna emango zaie.

Bigarrenean bideo-jokoen analisi kritikoa sustatuko da. Horrela, haur, nerabe zein gazteek gehien erabiltzen dituzten bideo-jokoak ikuspuntu kritikotik aztertuko dira. Era berean, espazio hauetan eta egokitu zaien plataformetan ematen ari diren arriskuen berri emango da. Beti ere, bestelako erabilerak sustatzeko eta bultzatzeko estrategia eta erreferentzia alternatiboak emango dira.

Azkenik, hirugarren eta azken saioan, adikzioen aurkako erresistentziak eta estrategia pedagogikoak eraikitzeko eta berenganatzeko espazio propioa sustatuko da. Joko-adikzioak ekiditeko elkarte erreferentea egongo da hitzaldian: Izan Fundazioa. Bertako adituak “sustantziarik gabeko adikzioei buruz hitz egingo du” eta teknologia berriek duten arriskua jokoaren adikzioan.

“COVID19a dela eta, haur, nerabe eta gazteak etxean konfinatuta egon dira eta ondorioz, kasu askotan, ohi baino ordu gehiago eman dituzte pantailaren aurrean. Hauetako batzuk, bideo-jokoetan murgildu dira. Errealitate honetara hurbildu nahi dugu hitzaldi hauen bitartez” azaldu du Arantxa Aldalur Hezkuntza teknikariak.

"Talde hau departamendu eta eragile ezberdinek osatzen dugu arrazoi nagusi batengatik: arlo ezberdinetako hezitzaileak gaudelako harremanetan haur eta nerabeekin. Gurasoak, tutoreak, irakasleak, begiraleak, entrenatzaileak…” adierazi du Leire Arana (EAJ-PNV) Kirol zinegotziak. “Ikuspegi guzti hauetatik jorratzen ditugu antolatzen ditugun hitzaldiak eta, horregatik, saio hauetara haur eta nerabeekin harremanetan dauden eragile guztiei luzatu nahi diegu gonbidapena”.

Hitzaldi hauek modu presentzialean edota streaming bidez (Udalaren YouTube kanalean) jarraitu ahal izango dira. Era batean edo bestean parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Izena emateko, kartelean aurkitzen den QR kodea eskaneatu eta bertako formularioa bete beharko da. Kodeaz gain, https://labur.eus/zerciber atarian ere eman daiteke izena.

Herri Hezitzaile Udaleko hainbat departamenduetako kideek eta zinegotziek osatzen dute: Hezkuntzak, Gazteriak, Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio atalak, Parekidetasunak eta Kirolak, besteak beste. Udal departamendu hauez gain, Kabia elkarteak, Zarauzko Berritzeguneak eta Bakeola - EDE Fundazioak osatzen dute taldea. Duela bi urte antolaturiko hitzaldietan Bullying-aren gaia jorratu zen, eta iaz, familiek teknologiarekin duten harremana landu zen ‘Familia Aro digitalean’ izeneko hitzaldietan. Hitzaldi hauek Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatu dira.

 


Affichage de contenus web

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010