Agrégateur de contenus

Retour Goizetik zerbitzua

Twitter

UDALEKO GIZARTE ZERBITZUEK HERRIKO ADINEKO PERTSONEI ZUZENDUTAKO “GOIZETIK” PROGRAMA JARRI DUTE ABIAN

2023/11/24

Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuek programa berri bat jarri dute martxan herriko adineko pertsonei zuzenduta. “Goizetik” zerbitzua adineko pertsonei zuzendutako zerbitzu prebentiboa, asistentziala eta komunitarioa da. Programaren helburu nagusia erabiltzaileen autonomiari eustea eta gizarteratzea da, isolamendu eta bakardade egoerak konpentsatuz.

Zerbitzuaren xede-taldea 65 urtetik gorako mendekotasun-arriskuan dauden adinekoak dira, edo mendekotasun-egoera aitortuta ez izanik, hauskortasun-isolamendu sozial eta/edo bakardade-egoeran daudenak. Honez gain, zailtasun-egoerak bizi dituzten adineko pertsonak, hala nola ingurukoak galdu dituztenak dolu-prozesuan, depresioan edo autoestimu-maila baxuan daudenak ere badira zerbitzu honen hartzaileak.

Programa honen baitan gauzatzen diren saioak adinekoen autonomia pertsonala bultzatzen saiatzen dira, narriadura eta mendekotasun-egoerak atzeratuz. Era berean, etxean bakarrik denbora luzez egoten diren adinekoen gizarte-harremanak eta komunikazioa errazten saiatzen da zerbitzua, gizarte-isolamendua saihesten lagunduz.

“Ekimen honekin adineko pertsonei elkartzeko eta beste pertsona batzuekin eta udalerriko komunitate-jarduerekin harremanak izateko guneak emate saiatzen gara”, adierazi du Jesus Arana (EAJ-PNV) Gizarte Politiketako zinegotziak. “Saio hauetan pertsona bakoitzaren gaitasunak sustatuko dira, bizitza aktiborako jardueren garapena erraztuz. Bestalde, dauzkaten gaitasun kognitiboen galera ahal den heinean atzeratzea bilatzen da, arretarako, memoriarako eta abarrerako teknikak erabiliz”.

Saio hauetan, eremu indibidual zein taldekakoak eskainiko zaizkie erabiltzaileei euren gaitasun kognitibo zein fisiko eta harremanekin loturiko alderdiak lantzeko. Eremu indibidualari dagokionez, esku-hartzea adineko pertsona bakoitzari zuzenduta egongo da, bere baliabideak eta aukerak ezagutzeko, jarduerak bere benetako gaitasunera egokitzeko. Talde eremuetan, aldiz, parte hartzaileen arteko harreman sozialak sustatzeko tailerrak eta jarduerak antolatuko dira. Komunitate eremua ere landuko da saio hauetan, zerbitzua kokatuta dagoen zentroko eta hurbileneko inguruneko bizitzan adineko pertsonak integratzea sustatuz. Azken finean, saio hauen xedea gizarte harremanak eta integrazioa sustatzea da, beti ere izaera ludikoa duten saioen bitartez.

Gizarte Politiketako zinegotziak adierazi duenez, “departamentuarentzat ere oso lagungarriak izango dira saio hauek, bertan, beste zerbitzu batzuen esku-hartzea eska dezaketen premia-egoerak detektatzeko aukera ere izango baita”.

Zerbitzua Udaberri eraikineko bigarren solairuan kokatzen da, pasa den azaroaren 13an abiatu zen eta guztiz doakoa da. Bi talde osatuko dira, lehena, astelehen, asteazken eta ostiraletan bilduko dira, 10:00etatik 13:00etara, eta bigarrena, astearte eta ostegunetan, ordu berean. Taldeak 10 pertsonakoak izango dira eta astetik astera egunak txandatuko dira.

Zerbitzuaren inguruan informazio gehiago nahi duenak, Udaleko Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jar daiteke 943 005 111 telefonoan edota Zigordia kaleko 33. zenbakian dauzkan bulegoetara gerturatuz.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010