Agrégateur de contenus
Retour Garbiguneko obrak
HASI DIRA ZARAUZKO GARBIGUNE BERRIA ERAIKITZEKO LANAK


2022/06/28
Garbigune berria Urola Kostako Udal Elkarteak Urdaneta Kalean duen egoitzaren alboko lursailean kokatuko da eta 3.265 m² izango ditu. Inbertsioa 1.798.144,33 eurotakoa izango da eta bere osotasunean Urola Kostako Udal Elkarteko funtsetatik finantzatuko da.
Azpiegitura berria eraikitzeko, ezinbestekoa izan da eskualdeko erakunde publiko guztien elkarlana. Azpimarratzekoa da, batetik, inbertsio ekonomiko handia eskatzen duen azpiegitura izanik, Garbigune berria eraikitzeko finantzaketa Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordea osatzen duten bi alderdien (EAJ-PNV eta EH Bildu) oniritziarekin onartu izana. Eta, bestetik, Zarauzko Udalak Abendañoko partzela honen lagapena eman izana Udal Elkarteari. “Gure eskualdearentzat proiektu hain estrategikoa denez, bereziki zaindu nahi izan dugu adostasunetik eta elkarlanean garatzea egitasmoa” azaldu Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak. Eta eskerrak eman nahi izan dizkie erakundeetako ordezkari guztiei; “bereziki, Xabier Txurruka Zarauzko alkateari; lurrak uztea funtsezkoa izan baita proiektua garatzeko”.
Bere aldetik, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak adierazi duenez, “garbigune berri hau garrantzia handiko proiektua da Zarautzentzat eta horregatik hartu dugu instalakuntza hau eraikitzeko beharrezkoak ziren lurren lagapena egiteko erabakia. Zarauzko garbigunearen zabalkuntza Zarautz 2030 Plan Estrategikoarekin eta jasangarritasunarekin guztiz lerrokatuta dago eta eskualdean sortzen diren hondakinak modu eraginkor eta errazagoan kudeatzen lagunduko dio Udal Elkarteari”
Ezinbesteko azpiegitura
Garbigune berriarekin hondakinen kudeaketako araudi berrietara egokituko da eskualdeko bilketa zerbitzua. Jasangarritasuna oinarri, ekonomia zirkularraren aldeko apustu garbia egin da; besteak beste, gailu elektronikoen berrerabilpena modu aktiboan bultzatuko baita.
Salsamendiren iritziz, “Urola kosta garbi, ekologiko eta jasangarri bat lortzeko bidean, eskualdearen garapenerako ezinbesteko azpiegitura da” eta, gainera, “inbertsioaren ikuspegi publikoa eta enpresen beharrak kontuan hartuta, lanpostuak mantentzeaz gain berriak sustatzeko ere baliagarria izango da”.
Eskualdean, hiru garbigune kudeatzen ditu Urola Kostako Udal Elkarteak: 2001.urtean eraiki zen Zarauzkoa, ondoren Zumaiakoa (2005) eta azkenik Aia-Oriokoa (2010). Harrezkero, erabat aldatu dira erabilera- eta kudeaketa- sistemak eta ukaezina da eraikin handiago baten beharra.
Izan ere, Zarauzko garbigunea da eskualdeko txikiena, eta, era berean, hondakin gehien jasotzen dituena. 2020 eta 2021 urteetako datuei erreparatuz gero, hiru garbiguneetan, guztira, 2.965 tona eta 3.164 tona hondakin kudeatu ziren, hurrenez hurren. Eta ehunekorik handiena, nabarmen; Zarautzen kudeatzen da: urteroko kopuru totalen ia erdia (%49).
Azken urteetan, erabiltzaile eta hondakinen sarrera-erregistro gehien izan dituen garbigunea ere Zarauzko izan da. Urtean zehar, eskualdeko hiru garbiguneetan utzitako hondakinen erdia Zarauzko garbigunean erregistratzen da. Eta erabiltzaileei dagokionez ere, Aia-Orio eta Zumaiako garbigunea erabiltzen dutenak bezainbeste dira Zarauzkoak.
Bada, egin kontu: egungo Zarauzko garbigunearen azalera 1.082m²ko da; Aia-Oriokoa 1.647 m²koa da eta, guztietan handiena, Zumaiakoa da: 1.8458,50 m²ko azalerarekin.
“Inbertsioa sustatu, eta zerbitzu publikoak indartzera dator Zarauzko Garbigune berria. Eskualdeko garapen jasangarri baterako ezinbesteko azpiegitura izateaz gain, herritarrei zerbitzu publiko egokiagoak eskaintzea eta lanpostuak berriak sortzea ere ahalbidetuko du” adierazi du Udal Elkarteko lehendakariak.
2 urteko lanak, hiru fasetan
Aste honetan bertan ekin zaie lursaila egokitzeko lanei eta bi urtez luzatuko dira lanak. Obra 3 fasetan gauzatuko da: lehenik, garbigune berria eraikitzeko lanak egingo dira; gero, garbigune zaharra eraitsiko da (kutsatutako lurren tratamendu-lanak barne) eta, azkenik, eraitsitako eremua urbanizatuko da (aparkaleku berriak sortuko dira eta oinezkoentzako sarbide berria egokituko da aparkalekuetatik La Salle ikastetxeraino). Hala, garbigune berria 2023ko uztailerako izango da prest.
Lehen fasea amaitzerako, beraz, prest izango da 3.265m²ko instalazio berria. Beheko plataforma nagusian 1.538m²ko espazioa irekia izango du, gaikako bilketarako 15 edukiontziak kokatzeko. Goiko plataforman, ibilgailuak igotzeko arrapalaren ondoan joango da kontrol-etxola (bulegoa eta aldagelak) eta baita hondakinak pisatzeko baskula nagusia ere.
Etxolaren ondoan, 120m²ko estalpea egingo da eta goiko plataformaren azpian, berriz, 305m²ko gunea; asmoa da, etorkizunean, herritarrei bideratutako hondakinen berrabilgunea martxan jartzea.
Hondakinen sailkapena gero eta handiagoa eta eraginkorragoa den honetan, Udal Elkarteak jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren alde egiten duen apustuaren adierazgarri da Zarauzko Garbigune berria; “etorkizun iraunkorrago bat eraikitzeko mugarri bat”, azaldu du Salamendik.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010