Agrégateur de contenus

Retour Euskaraldia 2020 adierazpen instituzionala

Twitter

EUSKARALDIA 2020 ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

2020/09/30

EUSKARALDIA 2020-ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
 
Euskaraldiak indar eta ilusio kolektibo berri bat piztu zuen orain dela bi urte, euskararen biziberritzearen esparruan. Euskal Herriko 225.000 lagunek hartu zuten parte ariketan. Zarautzen, hain zuzen ere, 4.554 lagunek eman zuten izena, 3.832 ahobizik eta 722 belarriprestek, eta Udalak ere Euskaraldia Udal barruan sustatzeko erakunde-adierazpena onartu zuen 2018ko ekainaren 28ko Osoko Bilkuran. 
 
Euskaraldiaren bigarren edizioaren atarian gaude eta Zarauzko Udaleko talde politiko guztiek, Udalaren parte hartzea bultzatu nahi dugu berriz ere. Izan ere, Udalari eredugarri izatea dagokio euskararen erabilera sustatzeko eginkizunean. Udalak eredu izan behar du euskaraz egiten INOIZ BAINO GEHIAGO, GEHIAGOREKIN ETA GEHIAGOTAN!
 
Euskaraldiaren bigarren aldi honek badu berritasunik. 2020an belarriprestei eta ahobiziei proposatuko die, 15 egunetan, euren egunerokoan egin dezaten ariketa. Baina horretaz gain, entitateek (erakunde, merkatari-ostalari, enpresa, elkarte…) euskaraz mintzatzeko gai diren hiztun taldeak identifikatu beharko dituzte: ariguneak. Horrela, taldean ere hizkuntza ohiturak euskararen mesedetan aldatzeko ariketa egin ahal izango dute.
Ariguneak dira euskaraz lasai aritzeko guneak, bertako kide guztiek euskara ulertu eta denek edo gehien-gehienek ariketa taldean egitea erabaki baitute. Entitatearen funtzionamenduan dagoeneko eratuta dauden taldeak edo espazioak dira, eta hizkuntza-praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea dute helburu.
Euskaraldiaren xedeak bat datoz Zarauzko Udalak ezarriak dituen helburu estrategikoekin: Euskaraldia tresna berritzailea da, lankidetzan oinarritua, herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabileran urrats bat aurrera egiteko, gure Herriaren hizkuntza egoeran berdintasun orekatuago bat lantzeko. Gainera, Udalaren hizkuntza politika indartu eta sakontzeko aukera paregabea ematen digu Euskaraldiak, eta Udalak aukera horri erantzun nahi dio euskararen aldeko mugimendu sozial horren arrakastarako bere aletxoa jartzen.
 
Horrenbestez, Zarauzko Udalak honakoa adierazi nahi du: 
 
Zarauzko Udalbatzak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. Erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du eta hamabost eguneko ariketa egingo du, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra.
Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta bereziki udal barrura begira ekimena zabaltzea
Ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak emango ditugu, arduradun politikoak izan nahiz langileak izan.
Udal egituran, langile nahiz udal ordezkarien artean, kanpo eta barne ariguneak osatzeko, babesteko eta sustatzeko konpromisoa hartzen dugu. Hizkuntza ohiturak finkatu eta egonkortzeko asmoarekin.  
Zarauzko Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible  izan daitezen eta praktika horiei etorkizunean eutsi ahal izateko.  
Zarauzko Udalak, udal barruan ez ezik udalerrian ere, ekimenaren sustatzaile gisa, herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldiko ekimenean parte har dezaten eta izena emateko bideak erraztuko ditu. 
Geuk ere euskaraz egingo dugu, inoiz baino gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan!
 
Zarautzen 2020ko irailaren 24an
 
    EAJ-PNV          EH Bildu       PSE-EE      Podemos-Equo Berdeak

 

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010