Agrégateur de contenus
Retour

Euskaltegia 23-24

Twitter

MARTXAN DA ZARAUZKO UDAL EUSKALTEGIAREN IKASTURTE BERRIA

2023/09/12

Zarauzko Udal Euskaltegiak ikasturte berriari hasiera eman dio, urtero bezala, eskaintza zabalarekin, beren euskara maila hobetu edota euskara agiriak lortu nahi dituzten pertsonentzat. Euskaltegi publikoaren curriculuma eta programazioa Europako erreferentzia markoarekin bat datoz. Bertan, ikasle helduak euskara ikastean egin behar duen aurrerabidea jasotzen da, eta sei mailatan egituratzen da. Oinarrizkoa A1 eta A2; aurreratua B1 eta B2 (lehenengo eta bigarren perfilen baliokidea); aditua C1 (3. perfilaren edo garai bateko EGAren parekoa) eta C2 (4. hizkuntza eskakizuna edo 4. mailaren baliokidea).

2023-2024 ikasturteko eskaintza

Gure irakaskuntzaren ardatza ikaslea da, eta bere beharretara egokitzen saiatzen gara.

Aurrez aurreko eskaintza:

-    Oinarrizko mailak (A1 eta A2) -> astean lau egun (astelehenetik ostegunera).
-    B1, B2 eta C1 mailak -> astean hiru egun (astelehen, astearte eta ostegun).

Goiz, arratsalde eta gau parteko ordutegiak eskaintzen dira eta taldeak maila bereko edo antzeko ikasleak elkartuta sortzen dira.

Autoikaskuntza:

EuskaraOn euskaltegi birtuala sortu da, ikasleei etxetik ikasteko aukera emateko eta bertatik lan egiteko unitateak eskuratzeko. Oinarrizko mailako ikasleek astean tutoretza bat izaten dute, ordubetekoa, eta maila aurreratuagoetakoek, hamabostean behin. Tutoretza eguna eta ordua ikaslearekin adosten du tutore bakoitzak. Horretaz gain, astero ordubeteko mintza izaten dute A2 mailakoek eta ordu eta erdiko mintzasaioa hortik gorakoek, denek ere taldean. C2 mailako ikasleak astero elkartzen dira tutorearekin eta mintzamena berekin lantzen dute. Sistema honetako ikasle batzuk Euskaltegira etortzen dira, baina, beste zenbaitekin tutoretzak online egiteko aukerak ahalbidetzen dira.

Euskaltegiko ikasleek Euskara agiriak lortzeko aukera ere izaten dute. A1 eta A2 mailetako ikasleek Euskaltegian bertan urte osoko ebaluazio jarraituaren bitartez eta amaieran azterketa bat eginda, eta B1, B2, C1 eta C2ekoek HABEk, IVAPek edo beste erakunderen batek antolatutako azterketetara aurkeztuta.

Orokorrean, emaitza onak izaten dituzte euskaltegiko ikasleek, bai HABEk antolatutako azterketetan, baita bestelakoetan ere.

Izen emate prozesua irailaren 22a bitartean egongo da zabalik.

Beka sistema

Azterketak alde batera utziz, garrantzitsuena euskara ikastea eta erabiltzea da. Horregatik, Udalak beka sistema eskaintzen jarraitzen du. Honen bitartez, euskara ikasten ari diren pertsonei matrikularen %75 itzultzen die, baldin eta emandako orduen %80 betetzen badituzte. Ikastaroan zehar langabezian daudenei %100 itzultzen die. Horretaz gain, HABEren azterketaren bat edo B2ra bitarteko mailaren bat gainditzen duenak erakunde horri dirulaguntza eska diezaioke, eta dagokion dirulaguntza HABE eta Udalaren artean osatuko da.

Berritasun bezala, aurten HABEk C1 maila helburu duten 16-18 urteko gazteei  dirulaguntza emango die.

UDAL EUSKALTEGIA
Bulegoko ordutegia: 09:00etatik 19:00etara.
Iturribidea 28-30. Zarautz.
943131153 / 943855084
euskaltegia@zarautz.eus


Affichage de contenus web

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010