Agrégateur de contenus

Retour Euskal Jaien mendeurrena

Twitter

EUSKAL JAI EGUNAREN MENDEURRENA OSPATUKO DUGU AURTEN ZARAUZTARROK

2024/03/08

Urte erdia, sei hilabete, besterik ez dira geratzen aurtengo Euskal Jai Egunerako. Aurtengoa, gainera, ez da nolanahikoa izango, zarauztarrok ain maitea dugun festa honek mendeurrena betetzen baitu. 1924. urteko irailaren 9an ospatu zen lehen Euskal Jai Eguna, eta 40 urte ondoren etorri ziren Haurren Euskal Jai Eguna, aurreko igandean, eta Euskal Astea, bi egun horiek lotzen dituen programazioarekin.

“Zarauztarrok asko maite eta bizi ditugu gure Euskal Jaiak eta, aurtengoa, guztiz berezia izatea nahi dugu”, adierazi du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak. “Herritar eta eragileekin elkarlana baliatuz, denetarik eta denentzat izango den egitarau zoragarria prestatuko dugu mendeurrena ospatzeko”.

Data borobil hau ospatzeko, Udalak egitarau berezi eta gogoangarri bat antolatu nahi du aurtengo Euskal Jai Egunerako eta Euskal Asterako.

Leire Aranak (EAJ-PNV), Partaidetza, Turismo eta Jai eta Ekitaldien zinegotziak, jakinarazi duen moduan, “Udalean lantalde bat sortu dugu dagoeneko, Euskara, Kultura, Turismo eta Jaiak eta Ekitaldietako departamentuetako teknikari eta ordezkari politikoen partaidetzarekin. Bilera hauetatik hainbat proposamen atera dira, besteak beste erakusketa berezi bat antolatzea, logo lehiaketa bat zabaltzea mendeurrenean erabiltzeko, erromeria bereziak…”

Urtero Euskal Astean parte hartzen duten eragileekin ere kontaktuan jarri da Udala azken hilabeteetan eta, orain, herritarren nahiak eta ekarpenak jasotzeko unea iritsi da.

Hala, zarauztarren artean partehartzea bultzatzeko eta herritarrek ekarpenak egiteko aukera ahalbidetzeko, galdetegi bat zabaldu da. Honek hiru galdera izango ditu:

1.    Zein da zure ekitaldi gustukoena gaur egungo Euskal Asteko egitarauan?
2.    Zarauzko Euskal Jaiaren 100. urteurrena ospatzeko proposamen berezirik baduzu?
3.    Etorkizunerako proposamenik baduzu?

Galdetegia euskaraz edo elebitan egiteko aukera izango da eta guztiz anonimoa izango da, hau da, ez da inolako datu pertsonalik gordeko galdetegia osatzerakoan. Galdetegia osatzeko, hilabeteko epea zabalduko da eta, beraz, azken eguna, apirilaren 9a izango da.

Honez gain, herritarrek Turismo Bulegora (Kale Nagusia, 30) gerturatu eta bertan euren ekarpenak egiteko aukera ere izango dute.

Euskal Jai Egunari buruzko erakusketa berezia

Mendeurren honetan bizitako esperientziak eta ekitaldiak gogora ekartzeko asmoz, Zarauzko Udalak erakusketa berezi bat antolatuko du udan Merkatu plazako lehen pisuko espazioan. 100 urte hauetako errepasoa egiteko, Udalak enkargua egin dio Photomuseumi dokumentazioa biltzeko, izan ere, Foto Garren funtsaren inbentarioa eta digitalizazioa ari dira burutzen gaur egun eta Euskal Jaiaren gaiak presentzia nabarmena du artxibo horretan. Batetik, lan horretaz baliatuko dira erakusketa osatzeko, baita Euskal Jaien hasiera ofizialaren aurretik egiten ziren jaien inguruko dokumentazioaz ere: esku-programak, prentsan azaldutako informazioa, kartelak eta abar.

Argazki eta dokumentazioarekin batera, Euskal Jai Egunean hain adierazgarriak diren karrozak ere nabarmenduko dira erakusketa honetan. Horretarako, Joxe Mari Zuazobidek urteetan zehar egindako 30 karroza ingururen maketak eta argazkiak ikusgai izango dira. “Jakina da karrozak Euskal Jaietan izan duten presentzia eta, gure herrian, horren adierazle nagusia da Zuazobide. Erakusketa honekin, bere bizitzan zehar karrozen baitan egindako lan izugarriari aitormena egin nahi diogu”, azaldu du Irune Urbieta (EAJ-PNV) Kultura zinegotziak.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010