Agrégateur de contenus

Retour Euskal Jaiak 2026

Twitter

EUSKAL JAIETAKO EGITARAUA AURKEZTU DU ZARAUZKO UDALAK

2026/08/26

Bi aste baino ez dira geratzen Euskal Jai Egunerako eta Zarauzko Udalak Euskal Asterako prestatu duen egitaraua ezagutzera eman du. Egitarau hau Udalak herriko eragileekin elkarlanean antolatu duen programa da.

Bihar bertan emango zaio hasiera egitarauari Santa Klara komentuan lehiatuko den Bertsolari Gazteen L. Lizardi Sariaren lehen kanporaketa saioarekin. Hemendik aurrera, dantzaz, musikaz eta kulturaz beteko dira Zarauzko kaleak Euskal Asteak irauten duen bitartean.

Urtero bezala, egun hauetan hainbat lehiaketa ere izango ditugu. Esandako Bertsolari Gazteen L. Lizardi Sariaz gain, Helduen Binakako Dantza Txapelketa, Bikote Gazteen Dantza Txapelketa eta XXXVIII. Aurresku Txapelketa lehiatuko dira.

Ez dira faltako aurten ere Frontoi Txikin azken urteetan gauzatu diren, eta hain harrera ona izan duten, fandango eta arin-arin ikastaroak, Jon Alkain eta Alaitz Garciaren eskutik, Zarautz TRIKek lagunduta.

Irailaren 5ean, larunbata, lehen aldiz ZKEko pilota atalak Euskal Asteko Pilota jaialdia antolatuko du. Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko den jaialdi honek doako sarrera izango du eta bertan izango da buruz-buruko eta binakako txapelduna izandako Ives Salaberri ‘Xala’ pilotaria.

Irailaren 6an, igandea, Haurren Euskal Jai Eguna ospatuko da, etxeko txikienak protagonista izango dituena. Ez dira faltako puzgarriak, erraldoi eta buruhandiak eta beste herrietatik etorritako dantzari gazteen emanaldia eta kalejira.

Astelehenean, irailaren 7an, herriko kultur taldeek “Sagardoa eta Txakolina, zarauztarron sendakiña” emanaldia izango dugu Lege Zaharren enparantzan.

Euskal Jai Eguna

Irailaren 9an, asteazkena, Euskal Jai Egunaren txanda iritsiko da eta goizean-goizetik musikaz eta kantuz beteko dira gure kaleak. Aurten, Munoan garatzen ari diren obrak direla eta, bertan ospatzen ziren ekitaldiak lekuz aldatu behar izan dira eta ondorioz, Alproja Taldearen emanaldia Zelai Ondoko kantxan izango da eta, aldiz, eguerdiko eta gaueko erromeriak, Lege Zaharren Plazan gauzatuko dira. 13:30ean, aurtengo Euskal Jaietarako egindako bi karrozak izango dira ikusgai, Amaia Zuazobidek eta Jose Luis Lasak egindakoak.

Honekin batera, urtero errepikatzen diren ekitaldi, dantzaldi eta musika emanaldiak izango dira egun guztian zehar.

Turismo Bulegoan jada eskuragarri dagoen egitarauan jasotzen den moduan, Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak adierazi duen moduan, “gure hizkuntza, euskara, ohiturak eta herri giroa zaintzeko deia luzatzen dut Euskal Jaietan ere. Zaindu dezagun maite duguna. Ondo pasa Euskal Jaiak”.


​​​​​​​

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010