Agrégateur de contenus
Retour Etxebizitza Turistikoak interpretazio berria
ETXEBIZITZA TURISTIKOEI MUGAK JARRI DIZKIE UDALAK
2024/10/25
Euskadiko Turismoaren 13/2016 Legeak, sektorea antolatzeko berrikuntza gisa, etxebizitza partikularretan ostatua hartzea arautuko zuela iragarri zuenetik, Etxebizitza Turistikoak ohikoak bihurtu dira gure herrian. Zarauzko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (ZHAPO) 2008koa da eta, une horretan etxebizitza turistikoak arautzen zituen legerik ez zegoenez, ZHAPOk ez du jasotzen figura hori. Hori horrela, orain arte interpretatu da, etxebizitza diren heinean, bizitoki erabilera baimentzen den lekuetan ezarri daitezkela.
Baina, azken urteotan izan den jurisprudentzia aintzat hartuta, egoki ikusi da orain arte egin den interpretazio hori aldatzea, zenbait epai izan baitira bizitoki erabilera baino, ostatu erabilera kontsideratu behar direla esaten dutenak. Interpretazio aldaketa hori oinarritzen duen txosten teknikoa aztergai izan zen joan den urriaren 17ko Lurralde Batzordean eta aho batez onartu zen. Honek esan nahi du, hemendik aurrera jasotzen diren eskaerak interpretazio berriaren baitan aztertuko direla eta horren ondorio nabarmenena izango da, mugatu egingo direla. "Interpretazio aldaketa honek gaiari lasaitasun handiagoarekin heltzeko aukera emango digu, asko mugatuko baitu aurrerantzean Etxebizitza Turistikoak ezartzeko aukera” adierazi du Garbiñe Oiarbide Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak (EAJ-PNV).
Praktikan, interpretazio aldaketa horrek honako eragina izango du: Etxebizitza Turistikoak ezartzeko aukera izango da, oro har, etxebizitza eraikinetako lehen solairuan, soilik 2008 urtekoa baino lehenengokoa bada eraikina edo, edozein solairutan, sarbide propioa badu, hau da, gainerako bizilagunek erabiltzen duten ezkaratzetik apartekoa. Alde Zaharrean, Zabalgunean eta Salberdinen ez da baimenduko Etxebizitza Turistikorik. "Zarauzko etxebizitzaren egoerari eta etxebizitza eta apartamentu turistikoen eraginari buruzko azterlana lantzeak aukera eman digu datuetan oinarritutako diagnosi erreal bat egiteko eta diagnosi horretan sakontzen jarraitzen dugu” azaldu du Oiarbidek, “gainera, EUDELen baitan sortu den lan talde batean gabiltza Etxebizitza eta Logela turistikoen erregulazioa bateratzeko proposamen bat lantzen”.
Etxebizitza turistikoen gaia ez da bukatzen, beraz, interpretazio aldaketa honekin, gaiari heldu beharra dago oraindik eta lanketa hori herritarrekin eta eragileekin batera egiteko asmoa du udalak “iragarri genuen moduan, besteak beste, Etxebizitza Turistikoen gaiaren inguruko hausnarketa partekatua egingo dugu, baina ukaezina da honek gaiari beste lasaitasun batekin heltzeko aukera emango digula”.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010