Agrégateur de contenus

Retour Etxebizitza azterlana

Twitter

ETXEBIZITZAREN EGOERAREN ETA APARTAMENTU TURISTIKOEN INGURUKO AZTERKETA LANA MARTXAN JARRIKO DU UDALAK

2023/10/27

Zarauzko etxebizitzaren egoerari eta apartamentu eta etxebizitza turistikoen eraginari buruzko azterlana martxan jartzea erabaki du Garbiñe Oiarbide buru duen Zarauzko Udaleko Hirigintza departamentuak. “Azterlan honen helburua gaur egun Zarautzen daukagun etxebizitzaren sektorearen diagnosi eta lehen proposamen batzuk osatzea da, ondoren egoerari modu egokienean heltzeko eta aurre egiteko informazio zehatza eta erabilgarria eduki ahal izateko”, jakinarazi du Garbiñe Oiarbide (EAJ-PNV) Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak.

“Zarautz etxebizitza eskari handiko herria da. Bere ezaugarriengatik eta duen bizi-kalitatearengatik erakargarria da jendearentzat eta horrek eragin du erosketarako nahiz alokairurako eskariak eta prezioak gora egitea. Azken bi legealdietan, Udal Gobernuak Etxebizitza Plana baliatu du Zarautzen Etxebizitza arloan behar zuen bultzada emateko, babes maila desberdinetako etxebizitzak zein merkatu librekoak eraikiz”, azaldu du Oiarbidek.
Neurri hauek oso baliagarriak izan dira zarauztar askori, gazte zein heldu, etxebizitza berriak eskuratu ahal izateko, bai eta bigarren eskuko etxebizitza merkatua eta alokairuaren merkatua mugitzeko ere. Hala ere, neurri hauez gain, bestelako neurriak hartzeko beharra somatzen da, bereziki epe laburrera begira. Horretarako, etxebizitzaren egoera eta etxebizitza eta apartamentu turistikoen egoera aztertzeko erabakia hartu du Udalak, baita behe solairuetako lokalen egoera ere, izan ere, horietan etxebizitza tasatuak egin daitezke kasu batzuetan eta apartamentu turistikoak beste batzuetan.

Lokalak etxebizitza tasatu bihurtzeari dagokionez, Udalak badu indarrean horren inguruko ordenantza bat eta bertan jasotzen da etxebizitza bihurtzeko aukera duten lokalen zerrenda. Hala ere, zerrenda horretan jasota egoteak ez du bermatzen lokal hori etxebizitza bihurtzeko aukeraren bideragarritasuna. Azken urteotan etxebizitzek bete beharreko bizigarritasun baldintzen inguruan onartu den legeriaren eraginez, zerrenda horretako zenbait lokalek ez dute aukerarik ematen bertan etxebizitza bat egokitzeko. Hori horrela, ordenantza horren berrikuspenaren beharra atzeman da.

Bestalde, behe solairuetako 25 lokal inguruetan egin diren apartamentu turistikoak Zarauzko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrean jasotakoaren baitan egin dira, honek ahalbidetzen baitu erabilera hori ematea, betiere, sarbide propioa badute. Zarauzko Udalak ez dauka, beraz, honen inguruko erregelamendu propiorik eta arautu beharreko gaia dela iritzi dio udal gobernuak.

Etxebizitza turistikoei dagokionez, azken urteotan turismo-erabilerara bideratutako etxebizitzei buruzko eztabaidak garrantzia handia hartu du gure gizartean. “Zarauzko kasuan, etxebizitza direla ulertu den heinean, ez dira orain arte arautu, soilik Eusko Jaurlaritzaren Turismo sailak ezarritakoa bete behar izan dute, baina kezka sortzen duen gai honi heldu nahi dio udal gobernuak”, gehitu du Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak. Bide horretan, EUDELek gaia lantzeko datorren astean egingo duen bileran parte hartuko du Oiarbidek. 

Erabakiak hartzeko lehen pausoa

Azterketa honek jasoko dituen diagnosiak eta proposamenek aukera emango diote Udalari herritarrekin eta gaiari lotutako eragileekin hausnarketa prozesu bat martxan jartzeko eta horren bidez hartu beharreko erabakiak hartzeko, bai epe laburrean –sortu edo aldatu behar diren ordenantzak, adibidez– eta baita epe luzeagoan ere –ZHAPOren berrikuspenean txertatzeko erabakiak–. “Lehenengo pauso honen bidez datuetan oinarritutako ikuspegi bat izango dugu, baita mahai gainean jar daitezkeen proposamen batzuk ere, ondoren, zarauztarrekin elkarlanean gaia jorratzeko” gehitu du Oiarbidek. 

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010