Agrégateur de contenus
EKAINAREN 29AN ARITZBATALDE KIROLDEGIAN FITNESS GUNEA, IGERILEKUA ETA FRONTOIAK ZABALDUKO DIRA
2020/06/23
Ekainaren 18ko 14/2020 Dekretuak zehazten dituen normalizazio berriko prebentzio neurriekin zabaldu da ekainaren 22an Aritzbatalde Kiroldegiko Harrera eta Ikastaro eskaintza. Bide beretik, osasun baldintzak kontuan hartuta, Ekainaren 29an fitness eremua, igerilekua eta frontoiak zabalduko dira, astegun eta larunbat goizean.
Zarauzko Udaleko Kirol zinegotziak, Leire Aranak (EAJ-PNV) azaldu duenez, “Jende pilaketak saihesteko, erreserba bidezko sistema aktibatuko da eta aretoetako aforoa %50ekoa izango da. Higiene eta segurtasun neurriak bermatzeko, halabeharrez, fitness guneko pisu librea eta gune termala oraindik itxita egongo dira”.
Era berean, Aranak azpimarratu du goi erakundeetatik ezarritako higiene eta segurtasun arauak betetzeko ezinbestekoa izango dela Aritzbatalde kiroldegiko Covid19-arautegia eta erabilera baldintzak uneoro errespetatzea: “Arautegi eta baldintza hauek krisiaren garapenaren arabera egokitzen joango dira. Momentuz, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da jarduera unean izan ezik, baita norberak bere toalla eta ur botila ekartzea ere. Uneoro kiroldegiko langileen esanak betetzea eskatzen dugu”.
Erreserba sistema
Ekainaren 24tik aurrera, abonatuek instalazioen erreserba egiteko aukera izango dute. Hitzordua hartzeko bi aukera eskaini dira: telematikoki, Zarauzko Udaleko web orrialdetik (www.zarautz.eus/eu/kirola) eta telefonoz (943 00 51 23); edo modu presentzialean, Kiroldegiko harreran (8:00etatik 20:00etara). Fitness gunea erreserbatzean, lehen solairu osora baimenduko da sarbidea; bestalde, igerilekuetan txanda hartzean, igerileku bakarrera baimenduko da sarrera (adibidez, igerileku ertainean hartzen ba dugu txanda, ezingo ditugu beste bi igerilekuak erabili).
Erreserbak astebete lehenagotik egiteko aukera egongo da, eta hitzordua baino 15 minutu lehenago arte. Aforoa oraindik bete gabe egongo balitz, kiroldegiko harreran unean bertan egin daiteke erreserba. Hitzordu bat bertan behera uzteko 2 ordu lehenago ezeztatu daiteke, eta hiru aldiz hitzordura ez agertuz gero, gertaeren erregistrotik penalizatuko da. Erreserba ordua baino 10 minutu lehenago etortzea beharrezkoa izango da eta sarreran kiroldegiko langileek txanda bakoitzeko zerrendak egiaztatuko dituzte.
Aritzbatalde Kiroldegiko abonatu ez diren pertsonek Kiroldegiko harreran eta egunean bertan solik egin ahal izango dute erreserba, oraingoz. Era berean, 65 urtetik gorako herritarrei lehentasuna emango zaie erreserbatzeko ondoko txandetan: 9:45ean eta 11:15ean igerilekuan eta 10:30ean fitness gunean.
Aforoa %50ekoa izango da
Fitness gunea, igerilekuak eta frontoiak aforo mugatuarekin zabalduko dira; zehazki, %50eko aforoarekin.
Fitness gunean (1 solairua), aforoa 40 pertsonakoa izango da eta txanda bakoitza 90 minutukoa izango da, gehienez. Beharrezkoa izango da txanda hasi baino 15 minutu lehenago etortzea eta txanda amaitu ondoren, 15 minutuko tartea izango da aldagela erabili eta instalaziotik ateratzeko. Fitness gunea hiru aretoetan egokitu da, jende pilaketak ekiditeko eta segurtasun distantzia bermatzeko: kardio-tono, kardio-bike eta luzaketa gunea. Derrigorrezkoa izango da toalla handia eta txikia ekartzea (izerdia lehortzeko), eta makinak erabili aurretik eta ondoren desinfektatu egin beharko dira, desinfekzio gunean eskuragarri egongo diren produktuak erabiliz. Fitness guneko sarrera Itaisoro kaleko larrialdi atetik egokitu da eta irteera Araba kaleko larrialdi eskaileretatik.
Igerilekuetan ere aforo mugak egongo dira eta igerileku bakoitzari bi aldagela egokitu zaizkio (emakumezkoentzat bat eta gizonezkoentzat bestea). Igerileku txikiko aforoa 23 pertsonakoa izango da, eta igerileku ertainean eta handian, bi pertsona kale bakoitzeko (guztira 12 pertsona igerileku bakoitzean). Igerilekuetako txandak gehienez 45 minutukoak izango dira eta txanda hasi baina 15 minutu lehenago etortzea beharrezkoa izango da. Txanda ondoren, 30 minutuko tartea izango da aldagelak erabili eta instalaziotik ateratzeko. Igerilekura sarrera Lapurdi kaletik egokitu da, Harrera ondoko larrialdi atetik, eta irteera, pistako ate nagusitik (Araba kalea).
Frontoia, Squash 1 eta squash 2 erabiltzeko txanden gehienezko denbora 60 minutu izango da. Aldagelak ezingo dira erabili eta sarrera eta irteerak Harreratik egingo dira.
Hobaria abonuaren prezioan
Normaltasun berrirako Dekretuak jasotzen dituen neurrien artean kirol instalazioak irekitzeko premisa aforoa eta erabilera mugatzea dela ikusita, Aritzbatalde kiroldegiko abonuaren prezioak %50eko hobaria izango du baldintzak malgutu artean.
Hori horrela, Kirol zinegotziak azaldu du “martxoan abonatuak zirenei ez zaie kobratuko uztaileko abonua, martxoan hilabete erdiz itxita egon baitzen Aritzbatalde kiroldegia eta zerbitzuei zegokion hilabeteko-abonua kobratua baitzen hilaren hasieran, ohiko moduan. Alegia, konpentsatu egingo da martxoko kobraketa uztaila osoko erabilerarekin”.
Garbiketa eta desinfekzioa indartu
Kiroldegitik berriz azpimarratu nahi dute sektore berriak ireki ahala egun osoan zehar garbitzaileak egongo direla guneak garbitu eta desinfektatzeko. “Higiene-ekipamendu osagarriez hornitu da gune bakoitza, desinfekzio gune modura izendatu ditugunak, erabiltzaileek arduratsu jokatu eta beraien sarrera/irteera eta gune-erabilera aldi bakoitza desinfektatua izan dadin. Mesedez distantzia soziala mantendu, maskara jantzita etorri eta uneoro arduratsu jokatu”, burutu du Aranak.
Edozein argibide, duda edo informaziorako, deitu kiroldegiko 943 00 51 23 telefonora, idatzi kirola@zarautz.eus helbidera edo hurbildu Aritzbatalde kiroldegira, jada aste honetatik aurrera aurretiazko hitzordua eskatu gabe.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010