Agrégateur de contenus
Retour Bigarren Bizitza bizikletak
ZARAUTZEK BIGARREN BIZITZA BAT EMAN DIE 800 BIZIKLETA BAINA GEHIAGORI


2025/11/28
Zarauzko Udalaren, Bangassou Fundazioaren eta Ayuda Contenedores GKEaren arteko lankidetzari esker, kalean utzitako 800 bizikleta inguru erretiratu dira Zarauzko kaleetatik, 2021etik 2024ra. Bizikleta horiek berreskuratu eta Hirugarren Munduko hainbat herrialdetara bidaliko dira. Bertan harrera ona egingo zaie eta bigarren bizitza bat izango dute.
Zarautz hiri berezia da mugikortasunari dagokionez. Bertako kaleetan milaka bizikleta ibiltzen dira egunero, oso arrazoi ezberdinengatik. Haur eta nerabe askok egunero erabiltzen dituzte eskolara hurbiltzeko, baita arratsaldean kirola egitera edo eskolaz kanpoko jardueraren bat egitera joateko ere. Baina helduek ere erabiltzen dute lanera joateko, erosketak egitera joateko edo autobusa edo trena hartzera hurbiltzeko. Horrez gain, errepideko zein mendiko bizikletarekin ariketa egiteko zaletasun handia dago.
2023ko azaroan, Olatu Berdea enpresak Zarauzko bizikletaren erabilerari buruzko azterlan bat egin zuen. Bertan, 28.000 bizikleta baino gehiago daudela ondorioztatzen zen, eta horrek argi uzten du garraiobide horren erabilerak herrian duen garrantzia.
Txosten horretan bertan Zarautzen etxebizitza bakoitzeko bizikleten batez bestekoa ia hiru unitatekoa (2,91) zela agertzen zen, batez beste Gasteiz (1,5) edo Donostia (1,2) baino zifra askoz handiagoa izanik. Bi hiri horiek ahalegin handia egiten ari dira hirian bizikletaren erabilera sustatzeko eta bultzatzeko. Inguruko hirietatik haratago, kopuru horrek Zarautz ere bizikleta-tradizio handiko eta mundu mailako izen handiko beste hiri batzuen gainetik kokatzen du, hala nola Amsterdam (1,91), Kopenhage (1,8), Groningen (1,7) edo Utrecht (1,6).
Biztanleko bizikleten batez bestekoari erreparatuz, kopuruak gehiago hurbiltzen dira, baina, bizikletak Zarauzko bizitzan duen garrantzia argi ikusten da oraindik ere (1,23 bizikleta/bizt.), Groningenetik (1,7) edo Utrechtetik (1,44) oso gertu eta Amsterdam (0,97), Kopenhage (0,84), Gasteiz (0,62) edo Donostiatik (0,57) gora.
"Bizikleta gure kulturaren parte da Zarautzen, ez da beharrezkoa bizikleta sustatzea. Herriko kaleetan zehar igarotzen bazara konturatzen zara horretaz. Baina berezitasun horrek bizikleten mundua kudeatzera behartzen gaitu, hori da gure erronka, eta, horregatik, bizikletaren kulturari balioa eman nahi dion proiektu batean murgilduta gaude, baina, aldi berean, errespetua eta bizikidetza sustatu nahi ditugu kaleetan", adierazi du Iker Basurko (EAJ-PNV) Mugikortasun zinegotziak.
Urtero 200 bizikleta baino gehiago erretiratzen dira bizikleteroetatik. Alde batera utzita edo zirkulatzeko egoera txarrean, espazioa okupatzen dute bide publikoan, eta ez diete aparkaleku horiek erabiltzen uzten behar dituzten zarauztarrei.
Egoera horretatik sortu zen 2021-2024 aldian arrakasta izan duen eta bizikleta horietako askori bigarren bizitza eman dien gizarte- eta lankidetza-proiektuari forma emateko aukera.
Udaltzaingoak kalean abandonatuta edo egoera txarrean dauden bizikletak detektatzen dituenean hasten da prozesua. Jarraian, bizikleta horiek pegatina batekin identifikatzen dituzte, jabeari abisua emanez bizikleta hori kendu edota konpontzeko, edo, bestela, 45 egun ingururen buruan erretiratuko direla esanez. Jarraian, udal gordailura eramaten dira, eta bertan, araudia betez, bi urtez egongo dira. Denbora tarte horretan, jabeek bere bizikleta hartu ahal izango dute, beren jabetza egiaztatzen badute.
Denbora hori igaro ondoren, Ayuda Contenedores GKEko langileek Iruñeko beren pabiloira eramaten dituzte, eta bertan boluntario-talde handi batek prestatzen ditu.
Prozesuaren amaieran, zati batzuk hiri-hondakinera joango dira, baina elementu asko aprobetxatzen eta osatzen dira. Bizikleta horiek garapen bidean dauden herrialdeetara ateratzen diren loteetan sar daitezke, non bizikleta horiek bigarren bizitza bat izango duten eta eguneroko mugikortasunean lagunduko dieten pertsona askori.
"Proiektu honen arrakastak dagoeneko antzeko proiektuekin martxan jarri diren beste hiri batzuen arreta erakarri du. Zarautzen kasuan, orain ideia berrietan pentsatzen jarraitzea dagokigu, abandonaturik utzitako bizikleta horiek bigarren bizitza bat eta gizarte onura bat izan dezaten", gaineratu du Basurkok.
Zarautzek Bigarren Bizitza proiektua aurkeztu du Bilbon
Duela gutxi, REDS-SDSNk bultzatutako Ekonomia Zirkularreko jardunaldi bat egin zen Bilboko Ingeniari Eskolan. Bertan izan ziren, beren esperientziak azaltzeko, horri buruz zeresana duten hainbat erakundetako ordezkariak. REDSeko eta Eskolako ordezkariekin batera, beren esperientziak azaldu zituzten, besteak beste, Eva Savignek, Nafarroako Ingurumen Kudeaketako Ekonomia Zirkularreko Agendako lantaldearen arduradunak; Gasteizko Udalekoak Joseba Sánchez Rodríguezek, Ecoembeseko José Arrancudiagak; Garbikerreko Jon Saenz de Viguerak; eta Iker Basurkok, Zarauzko Udalaren ordezkari bezala. Basurkok kaleetako bizikletak berreskuratzeko eta Hirugarren Munduko herrialdeetara bidaltzeko proiektu hau azaldu zuen bere hitzaldian. Oso harrera ona izan zuen proiektuak, bai bere berezitasunagatik, bai jasangarritasunaren ikuspegitik zein gizarte- eta lankidetza-ikuspegitik egindako ekarpenagatik.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010
