Agrégateur de contenus

Retour Basarri saria irabazlea 2022

Twitter

ANER PERITZEK IRABAZI DU 2022KO BASARRI BERTSOPAPER SARIA

2022/07/01

Zarauzko Udalak gaur goizean eman du jakitera 38. Basarri Bertsopaper sariaren irabazlea. Guztira 11 lanek parte hartu dute aurtengo edizioan eta, epaimahaiaren arabera, oro har, maila onekoak izan dira.

Aurten, saritua Aner Peritz izan da, bere “ZOPA HOZTEN ARI ZAIZU” izenburua daukan bertso-sortarekin. 2019ko edizioan bigarren saria lortu ondoren, 19 urteko bertsolari zarauztarrak lehen aldiz irabazi du Basarri Bertsopaper sari hau.

“Pozgarria da guretzat Basarri Bertsopaper saria zarauztar gazte batek irabaztea, honek argi uzten baitu Zarautzen badela bertsolaritzarekiko grina eta herriko bertso elkarteek egiten duten lan nekaezinak bere fruituak ere jasotzen dituela”, adierazi du Irune Urbieta (EAJ-PNV) Kultur zinegotziak.

Sariaren epaimahaia Nahikari Gabirondok, Andoni Egañak eta Uxue Alkortak osatu dute eta gaurko aurkezpenean, Andoni Egañak berak azaldu du zarauztarraren lan hau aukeratzearen arrazoia: “Gure ustez bertso onak dira eta hautatutako gaiari heltzeko ikuspegia aski berria. Baina batik bat, forman datza berrikuntza. Bertsolaritzaren usadiotik at dagoen errimakera bat hautatu du egileak, ABABABABAB errimatuz. Jolas edo proba soiletik haratagoko zerbait da. Berrikuntzak ulermena eta gozamena ez galaraztea ez ezik, bertso jarrietarako bide berriak zabaltzeko modua eskaintzen du”.

Aner Peritzek adierazi duen moduan, “bertso-sorta honek ez du, edo bederen ez zuen, ezer berririk kontatu nahi, askotan kontatu izan den kontu bat beste era batera kontatuta baino ez da, jolas tekniko atsegin bat bilatuz. Sortaren inertziak hala ere gauza batzuk esan beharra eragin zidan. Ea irakurlea ere inertziak daraman eta, aldi berean, hura hausteko tentaziorik duen”.

Sari emate ekitaldia Bertso Astearen testuinguruaren baitan egingo da uztailaren 7an, 22:00etan, Torre Luzeako parkean. Ekitaldian, sarituak bere bertso-sorta musikatu eta jendaurrean aurkeztuko du eta saria jasoko du Udalaren partetik.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010