Agrégateur de contenus

Retour Aztarnategiaren garbiketa eta bisita gidatua

Twitter

ZARAUZKO HILERRIRIK ZAHARRENAREN GARBIKETA LANAK BURUTU DITU ARANZADIK

2023/10/24

Erdi Aroko nekropoliko aztarnategian garbiketa lanak burutzen aritu da berriki Aranzadi Zientzia Elkartea. Zarauzko Arte eta Historia museoan aurkitzen dena Zarauzko hilerririk zaharrena da, duela mila urte baino gehiagoko hilobiekin.  

Aztarnategia ondo kontserbatzea ezinbestekoa da bertako ondareak egoera onean iraun dezan. Tenperaturak eta hezetasunak eragin zuzena dute aztarnategian eta mantenu lanak egitea beharrezkoa da. Kontestu horretan kokatzen dira pasa den asteko garbiketa lanak, “garbiketa orokorreko lanak“ batez ere, Aranzadi Zientzia Elkartetik bertaratu ziren bi kideren hitzetan.

Garbiketa orokorreko lanak izanagatik ere, “lan delikatua eta prezisio handikoa“ izan dela gaineratu dute: xurgagailuaz hauts eta gainerako hondakinak eliminatzen dira, brotxa eta pintzelarekin hezur eta hilobiei akumulatutako zikinkeria kentzen zaie, paretetan sortzen den lizuna fungizida batekin kentzen da; eta azkenik, papera eta trapu batekin, aztarnategia estaltzen duen eta beraren gainean egotea ahalbidetzen duen kristala garbitzen da barrutik.
Garbiketa ondorengo ebaluazioa ona da, Zarauzko hilerririk zaharrena “egoera onean aurkitzen da“, bi egunetako lanen ondoren “berriz bisitan joateko guztiz prest“.

Santu Guztien Eguneko bisita gidatu berezia

Santu Guztien Egunean hilerria bisitatzea ohitura denez, Zarauzko Arte eta Historia Museoak herriko hilerririk zaharrena ezagutzeko bisita berezia antolatu du azaroaren 1erako, 16:30tan.

Santa Maria la Real parrokiak eta kanpandorreak osatzen duten Santa María la Real Arkeologia eta Monumentu multzoaren lurpeko aztarnategian gure arbasoen historia gertutik ezagutu ahal izango dugu.

Bertan Burdin Aroko aztarnen artean, jaioberri baten hilobia aurkitu zen. Hau izango ote da gure zarauztar arbasorik zaharrena? Jarraian Erdi Aroko gure aitona-amonen “aitona-amonak” izango liratekeen eta IX. eta X. mendeko hilobiak bisitatuko ditugu, Gipuzkoan ezagutzen diren zaharrenak. Beraien hilobiratze ohitura eta baldintzek beraien garaiez eta bizimoduez hitz egiten digute, egun ezagutzen dugunetik oso urrun. Garai hartako hilobiratze erritoak ezagutuko ditugu. Hilobi horien artean, adibidez, Zarauz familiaren hilobia aurkitzen da, antzina Zarauzko familiarik garrantzitsua izan zena; Torre Luzea, Kanpandorrea eta Narros Jauregiko jabeak izan zirenak, besteak beste.

Santu Guztien eguna aitzaki hartuta, Zarauzko hilerririk zaharrenera gerturatuko gara eta aspaldiko garaietako zarauztarren bizitzan murgilduko gara; Santu Guztien Eguna eta Arimen Gaua ospatzeko Zarauzko historia eta Zarauzko hildakoak berpiztuz.

Azaroak 1, asteazkena, bisita gidatua:
Ordua: 16:30tan
Elkargunea: Zarauzko Arte eta Historia Museoa
Prezioa: 2€/pertsonako
Izen-emateak: museoan eta egunean bertan, 16:00tatik aurrera.
Erreserbak egiteko eta zalantzak argitzeko: info@menosca.com

ZARAUZKO ARTE ETA HISTORIA MUSEOA
Elizaurre 1, 20800 Zarautz - 943 83 52 81
Ostiral eta larunbatetan 10:00-14:00 eta 16:00-18:00. Igande eta jaiegunetan 16:00-18:00

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010