Agrégateur de contenus

Retour Aurrekontuak 2023

Twitter

“INBERTSIO ESTRATEGIKO GARRANTZITSUAK” AHALBIDETUKO DITUEN AURREKONTUAK ONARTU DITU ZARAUZKO UDALAK

2023/01/05

Abenduan ospaturiko ohiko Udalbatzarrean hasierako onespena eman zitzaion Zarauzko Udalaren 2023ko aurrekontuei. Udal Gobernuak aurkezturiko proposamenak EAJ-PNV, PSE-EE eta Podemos Equo Berdeak taldeen babesa izan zuen eta EH Bilduren aurkako bozka. Jesus Arana (EAJ-PNV) Ogasun eta Finantza zinegotziak azaldu duenez, “hauek dira legealdi honetako azken aurrekontuak eta, hauen bitartez, hasieran harturiko konpromisoak maila altu batean betetzea lortuko dugu”. Lehenengo pandemiak eta, ondoren, Ukrainako inbasioak ekarri dituen ondorioek baldintzaturiko agintaldi bat izan da hau baina, hala ere, zarauztarrekin harturiko konpromisoak beteko ditugu”.

Honela, Udal Gobernuak 49.318.019,35 euroko aurkeztu du 2023. urterako. Aranaren esanetan, “Udal Fondo Foralaren portaera egokiak eta azken urteetan egindako udal zorpetzearen gestio eraginkorrak ahalbidetu dute aurrekontuen gorakada hau”.

Beste urte batez, aurreko aurrekontuetan bezala, Gizarte Politiketara (233,05 €/bizt.), Kultura eta Gazteriara (214,18 €/bizt.), Kirolera (199,77 €/bizt.) edota Ingurumenera (113,41 €/bizt.) bideraturiko inbertsioak nabarmentzekoak dira. 2022an zehar, Udalak etorkizunerako estrategikoak izango diren planak garatu ditu prozesu partehartzaile handien bitartez, hala nola, Zarautz 2030 Plana, Berdintasun Plana edota Plan Energetikoa, eta aurrekontu hauek bide-orri hauekin guztik lerrokaturik daude, bertan zehazten diren ekintzak ahalbidetuz. Hauetako bat argiteria publikoaren berritzea izango da, udal gastu energetikoa asko gutxitzen lagunduko duena.

“Lehengaien eskasia eta hauen prezioen igoerak eragindako egoerak 2022rako pentsaturik zeuden hainbat proiektu 2023ko lehen lauhilekora mugituko ditu, baina honek ez du urte honetarako aurreikusiriko inbertsioetan eragingo”, gehitu du Aranak. “Behin Santa Klarako konbentuaren jabetza eskuratuta, 1.282.000 euroko inbertsioa bideratuko da eraikinen berritze eta egokitzapenerako eta beste 500.000 euro, inguruko lurretan Zarauzko birika berdea bilakatuko den Amalur parkea garatzera”.

Udal eraikinen eta espazio publikoen berritzeak pisu nabarmena dauka inbertsioen atalean. 1.651.592 euro bideratuko dira Udaltzaingoaren egoitza berria izango den Villa Nuria eraikinaren egokitzapenera, 1.100.000 euro Astiko kantinaren espaziora, 630.000 euro herrian zehar 9 komun autogarbigarri berri jartzera, 325.500 euro haur jolas parkeak berritzen jarraitzera, 265.000 euro Pilartxo Eneako parkean estalkia jartzera eta 240.000 euro Zelai Ondoko bolatokiaren berrikuntzara. Honez gain, gizarte eta kirol erabilerara bideratzeko eraikinen egokitzapenean, ingurumenean (Irita berreskuratzea, Arboladia, Eraztun Berde Urdina, lurren erosketa, ingurumen heziketa...), berrurbanizazioetan eta asfaltatzen planean ere egingo dira inbertsioak.

“Irisgarritasun unibertsala ere aurrekontuen atal nabarmen bat izango da beste behin. Hiru igogailu berri instalatuko dira Vista Alegren (1.562.000 €), beste bat Iñurritzako Jubilatu eta Pentsionisten elkartearen egoitzan (280.000 €) eta Zarauzko zebra bideen egokitzapen plana ere gauzatuko da”.

Aipaturiko inbertsio nagusi hauekin batera, badaude, kopuruan txikiagoak izanda ere zarauztarren bizi kalitatea hobetzen lagunduko duten beste hainbeste ere. Kirol arloan, Astiko lurren erosketa prozesuarekin jarraituko da, etorkizunean, bertako udal kirol instalakuntzen zabalkuntza ahalbidetzeko eta Errotaberrik BTT-BMX-CX pista berri bat eraikiko da. Bidegorri sarea ere handituko da kilometro berri bat gehituz eta ipar-hego mugikortasuna hobetuko da trenbideko azpi pasabideen bitartez. “Aurrekontu hauek zarauztarren ongizatea hobetzen jarraitzeko eta etorkizun komunitario, solidario eta iraunkorragoa lantzeko diseinatuta daude”, amaitu du Finantza zinegotziak.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010