Agrégateur de contenus
Retour Aurrekontu partehartzaileak
HERRITARREKIN ELKARLANEAN ZARAUTZ HOBETZEN JARRAITZEKO PROZESUA MARTXAN URRIAN


2025/09/25
Azken urteetako dinamikari jarraituz, Zarauzko Udalak aurten ere datorren urteko aurrekontuaren lanketa zarauztarrekin partekatu nahi du. Ohi bezala, auzoz auzo bilerak egingo ditu udal gobernuak herritarrekin. Bilera horien helburua da egindakoen inguruan kontu ematea eta baita zarauztarren beharrak eta ekarpenak bertatik bertara entzutea ere.
“Oso aberasgarria da zarauztarrekin batera datorren urtera begira prestaturiko aurrekontuak lantzea”, azaldu du Garbiñe Oiarbide (EAJ-PNV) Partaidetza zinegotziak. “Ezinbestekoa iruditzen zaigu auzoetara gerturatzea eta gertutasun eta konfiantzazko eremu horretan zarauztarrei beren kezkak eta beharrak aurrez aurre azaltzeko aukera ematea. Urtetik urtera prozesua hobetzen saiatzen gara eta zarauztar gehiagorengana iristean jarri ditugu aurten indarrak” azaldu du Oiarbidek, “irisgarritasunean hobekuntzak txertatu ditugu eta landa eremuko bizilagunengana iristeko ere bide berriak ezarri ditugu”.
Auzo bilerak
Aurten ere 7 hitzordutan bateratu dira auzo bilerak. Berritasun modura, bi bileraren kokapena aldatu da, irisgarritasuna bermatzeko. Alde batetik, Aritzbatalde, Zelai Ondo, Mitxelena eta Salberdin auzoei dagokien bilera Aritzbatalde kiroldegiko pilotalekuan egingo da eta, bestetik, Iñurritza, Mendilauta eta Talaimendiri dagokiena, Iñurritzako Jubilatuen Elkarteko beheko solairuan.
Hauek dira aurten egingo diren zazpi bileren hitzorduak:
• Urriak 2: Azken Portu eta Santa Klara. 18:30ean Santa Klarako erabilera anitzeko aretoan.
• Urriak 7: Alde Zaharra eta Salbide. 18:30ean Udaletxeko Pleno Aretoan.
• Urriak 8: Zelai Ondo, Aritzbatalde, Mitxelena eta Salberdin. 18:30ean Aritzbatalde kiroldegiko pilotalekuan.
• Urriak 14: Iñurritza, Mendilauta eta Talaimendi. 18:30ean Iñurritzako Jubilatuen Elkarteko beheko solairuan.
• Urriak 16: Vista Alegre eta Hiruerreketa. 18:30ean Vista Alegreko Auzo Elkartean.
• Urriak 21: Urteta. 20:00etan Urtetako Elkartean.
• Urriak 23: Itxasmendi. 18:30ean Itxasmendiko Auzo Elkartean.
Bilera horietan norbaitek zeinu hizkuntzako aldibereko itzulpena beharko balu, aurrez eskatu dezake partehartu@zarautz.eus helbidera idatziz.
Postontzien bidez edo telematikoki parte hartzeko aukera
Edonola ere, bileretara joateko aukerarik ez dutenentzat ere bada aurrekontuen eta proiektuen inguruan proposamenak egiteko aukerarik, bai postontzien bidez eta baita telematikoki ere. Postontziak ohiko kokalekuetan jarriko dira: Vista Alegre auzo elkartean, Udaletxean, Sanz Enean, Udal Euskaltegian, Azken Portuko Kristau Biltokian, Aritzbatalde kiroldegian, Iñurritzako auzo elkartean eta baita HAZeko bulegoan ere. Gainera aurten postontzi bereziak jarri dira landa eremuko bizilagunek posta jasotzeko erabiltzen dituzten etxoletan.
Telematikoki, berriz, bi bide daude ekarpenak egiteko: partehartu@zarautz.eus helbidera elektronikora mezua bidaltzea edota webguneko “parte hartu” atalera jotzea. Postontzietan eta telematikoki proposamenak egiteko aukera urriaren 2tik 31ra bitartean egongo da zabalik.

Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010
