Agrégateur de contenus
Retour Anjel Lertxundi Kultur Merezimenduaren Domina ekitaldiak
ANJEL LERTXUNDIREN FIGURA ETA OBRA OMENTZEKO HAINBAT EKITALDI


2023/06/08
Joan den apirileko ohiko Udalbatzan Zarauzko Udalak Anjel Lertxundi idazleari Kultur Merezimenduaren Domina emateko erabakia hartu zen aho batez. Honela, datozen asteetan hainbat ekitaldi eta ekimen antolatu dira idazlearen figura eta obrari gorazarre egiteko.
Ekainaren 20ean, asteartean, udaletxeko Pleno Aretoan Kultur Merezimenduaren Dominaren ekitaldia ospatuko da. Ekitaldi honetan Anjel Lertxundik alkatearen eskutik jasoko du Zarauzko Kultur Merezimenduaren Domina. Honekin batera, Uxue Alberdi idazleak Anjelen obra goresteko testu bat irakurriko du eta Jesus Mari Lopetegi Lopetegik Anjel Lertxundiren testu bat musikatuko du.
Ondoren, Modelo Aretoan, ‘Anjel Lertxundi: idazle totala’ mahai-ingurua antolatu du Udalak, idazlearen ibilbideaz hitz egiteko. Solasaldi honetan parte hartuko dute, besteak beste, Andoni Egañak, Danele Sarriugartek, Iratxe Retolazak eta Iñigo Astizek.
Honez gain, Zarauzko Udalaren laguntzaz, Euskal Herriko Unibertsitateak Anjel Lertxundiren ibilbidea aztergai izango duen Udako Ikastaroa antolatu du. Ekainaren 29 eta 30ean gauzatuko da eta izen ematea aurreko egunerarte egin ahal izango da. “Anjel Lertxundi: idazlea eta obra” Udako Ikastaroak bi helburu nagusi ditu: batetik, Anjel Lertxundiren obra ezagutaraztea, horren oparotasuna eta kalitatea nabarmenduz; eta, bestetik, Lertxundiren literaturgintzak ikergai gisa duen interes handia agertzea, ikerketa eremu berriei ateak zabalduz.
Asmo horrekin, Uda Ikastaroak punta-puntako aditu eta hizlariak bilduko ditu. Ponentziek Lertxundiren obraren alderdi askotarikoak jorratuko dituzte (nobela, saiakera, haur eta gazte literatura, zinemagintza, etab.), gaur egun indarrean dauden ikerketa ikuspegiak hartuta oinarritzat: genero ikasketak, gatazkaren azterketa, ikasketa kulturalak, ahozkotasuna, eta beste.
Tresak eta Kordelak
Zarautzekin lotura sendoa izan du betidanik Anjel Lertxundik. 1993 urtean, herria, bere txikitasunean, handi egiten duten pasarte eta bitxikeriak gordetzen dituen liburua argitaratu zuen: Tresak eta kordelak. Liburua, bere horretan, altxor txiki bat da zarauztar ororentzat. Gure herria nolakoa izan zen, nolako ohiturak zeuden, gurasoen edota aitona-amonen jolasak nolakoak ziren... ezagutzeko ipuin-bilduma zoragarria baita, bertako istorioak, ipuinak eta kontuak aztertu eta ezagutzeko aukera paregabea. Momentu hau baliatuz, ekainaren 19tik aurrera, doan eskuratu ahal izango dira Tresak eta Kordelak liburuaren hainbat ale Sanz Enea kultur etxean.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010