Agrégateur de contenus

Retour Amillubi Udalbatzarra

Twitter

AUTOBUS GELTOKI BERRIARI ARGI BERDEA EMAN DIO UDALBATZAK

2025/11/28

Zarauzko Udalak, bere azaroko ohiko Udalbatzan, EAJ-PNV eta PSE-EE gobernukideen aldeko bozkekin, Amillubi eremuko 1. eta 3. partzelak saltzea erabaki du, gaur egun udal-brigadaren pabilioia dagoen tokian, etxebizitza libre zein tasatuak, Zarauzko autobus-geltoki berria eta lurpeko aparkaleku publikoa eraikitzeko.

Joan den ekaineko Osoko Bilkuran onartu ziren partzela hauek besterentzeko lehiaketaren deialdia eta oinarriak. Eskaintzak aurkezteko epea amaituta, bi proposamen aurkeztu ziren lehiaketara. Zarauzko Udaleko Kontratazio Mahaiak bi proposamenak aztertu ondoren, VIUDA DE SAINZ, S.L., URBELAN, S.A.U. eta PROMOCIONES LEKU-EDER, S.A. enpresen arteko ABEEari esleitzea erabaki du Udalaren titulartasunekoak diren eta lurzoruaren udal ondarea osatzen duten Amillubi eremuko 1 eta 3 partzelak.

“Zarautzentzat oso garrantzitsuak diren azpiegiturak ahalbidetuko ditu esleipen honek baina, autobus geltokiaz, aparkalekuaz eta 21 etxebizitza tasatuez gain, Udalak sei milioi eta erditik gora jasoko ditu beste hainbat eta hainbat inbertsio egitea ahalbidetuko dutenak, Zarautz eta zarauztarren bizi kalitatea hobetzera bideratuko ditugunak”, adierazi du Garbiñe Oiarbide (EAJ-PNV) Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak.

Lizitazioaren prezioa guztira 14.734.056,21 eurokoa (BEZ barne) izango da. Ordainketaren zati bat, 5.404.805,32 €+BEZ, obra eraikian jasoko du Udalak, hau da, etxebizitza blokearen beheko solairuan autobus-geltokia, sotoan aparkaleku publikoak eta partzelaren eta inguruaren urbanizazio osoa.

Gainontzeko 6.772.100,64 €+BEZko dirusarrera, Zarauzko herriarentzat etorkizunean baliagarriak izango diren lur erosketa eta inbertsio berriak gauzatzera bideratuko ditu Udalak.

“Garraio publikoaren aldeko apustu sendo eta argia da hau, zarauztarrontzat oso garrantzitsua, baina eskualde mailan ere berebiziko garrantzia izango duena, trenak eta autobusak puntu horretan duten loturak orain baino azpiegitura egokiagoak izango baititu eta horrek zerbitzuak indartzeko aukera ere ekarriko duelako”, gehitu du Oiarbidek.

Behin tramite hau gaindituta, prozesuarekin jarraituz, 2026an hasiko dira Zarauzko autobus geltoki berria eraikitzeko lanak.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010