Agrégateur de contenus

Retour Aldundia Kaminero Etxea

Twitter

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAK ZARAUZKO GURUTZE GORRIARI LAGAKO DIO NAFARROA KALEKO ‘KAMINERO ETXEA’

2024/02/02

Zarauzko Gurutze Gorria aurki hasiko da Nafarroa kaleko Kaminero Etxe-tik lanean, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako lagapenari eta Zarauzko Udalaren laguntzari esker. Lursailaren eta eraikinaren lagapena doakoa eta aldi baterakoa izango da, harik eta erakunde humanitarioa Gipuzkoa kaleko egoitza berrira behin betiko lekualdatu ahal izan arte, 2025aren amaierarako aurreikusita dagoena.

Egunotan, Zarauzko Udala instalazioak prestatzen ari da, erakunde humanitarioaren hurrengo lekualdaketari begira. Horrela, gaur goizean Maria Ubarretxena, Bide Azpiegituretako diputatuak eta Xabier Txurruka alkateak bisitatu dute eraikina, Mikel Unanue Zarauzko Gurutze Gorriko kidearekin batera. Bisitan, Bide Azpiegituretako diputatuak aukera baliatu du foru erakundearen izenean Gurutze Gorriari babesa eta esker ona adierazteko, "gure lurraldeko erakunde humanitario garrantzitsuenetako batek" egiten duen lana aitortzeko, hain zuzen. Hala, balioa eman die Ubarretxenak erakunde horretako langileen eta boluntarioen dedikazioari eta lanari; "erakundeak  premian dauden pertsona askori laguntzen baitie egunero, eta bizitzak salbatzen ditu gure errepideetan, Gipuzkoan eta mundu osoan".

Biltegi eta Bidezainen Etxea izeneko eraikina prest egongo da datozen asteetan beraz, berregokitze lanak amaituta, Xabier Txurruka alkateak aurreratu duenez. Eraikina herriaren ekialdeko sarreran aurkitzen da, Nafarroa kaleko 55. zenbakian, eta 2.132 m2-ko partzela eta 450 m2-ko eraikin bat ditu. Bertan, garaje bat dago beheko solairuan, eta biltegi bat eta aldagelak daude. Horrez gain, kanpoko aparkaleku estali bat dago eraikinaren atzealdean. Azaldu bezala, Zarauzko Udalak bere gain hartuko ditu instalazioak egokitzeko lanak; arotzeria eta hezetasunak, pintura eta instalazio orokorrak konponduz. Xabier Txurruka alkateak onartu du kosta egin zaiela Gurutze Gorriaren anbulantziak aldi baterako birkokatzeko leku egokia aurkitzea, Zarauzko Udaltzaingoaren egoitza berria hartu ahal izateko Villa Nuria eraikina egokitzeko lanak hasi ondoren: “Aldundiaren aldi baterako lagapen honi esker, irtenbide bat eskain dezakegu behin betiko egoitza Gipuzkoa kalean ezartzen den bitartean”.

Lekualdaketa, aurki

Erakunde humanitarioaren etorkizunari begirako planei dagokienez, aurreikuspena da Gurutze Gorria 2025eko abenduan bere egoitza berrira aldatzea, gaur egun Udaltzaingoa dagoen udal-jabetzako lokalera. Bitartean, Zarauzko Gurutze Gorriak behin-behineko instalazioak erabiliko ditu ibilgailuak aparkatzeko (anbulantzia bat, 4x4 ibilgailu bat eta bi furgoneta), osasun-laguntzako zerbitzuetako materiala gordetzeko eta aldageletarako. Prestakuntza-gelak eta bulegoak itsas pasealekuko egungo lokaletan geratuko dira behin betiko lekualdatu arte. Mikel Unanue, Zarauzko boluntarioak eskerrak eman dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Udalari lokala uzteagatik eta egokitzeagatik, herritar guztiei zerbitzua eta babesa ematen dien lanarekin jarraitzeko erraztasunak emateagatik.

Zarauzko Gurutze Gorriko taldeak 50 boluntario inguru eta kontratatutako pertsona bat ditu gaur egun. Zarauzko jarduera nagusiak hezkuntza eta ikastaroak (lehen sorospenak, itsas salbamendua), anbulantzia-zerbitzuak, itsas salbamendua, Getariako hondartzetako sorospena eta gizarte-zerbitzuak (janari-bankua, oinarrizko beharrak, jostailuak...) dira. Unanue boluntario dabil lanean, eta gogorarazi nahi izan du Gurutze Gorriaren bulegoak irekita daudela interesa duten guztientzat, eta Zarauzko taldearekin harremanetan jar daitezkeela zarautz@cruzroja.es helbide elektronikoan.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010