Agrégateur de contenus
Retour Aldapeta lagapena Aldundiari
UDALAK ALDUNDIARI 338 M2-KO LOKAL BAT ETA BI ETXEBIZITZA UTZI DIZKIO ALDAPETAN EGUNEKO ZENTRO BAT EZARTZEKO


2022/02/23
Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatua Xabier Txurruka alkatearekin batera izan dira gaur Zarauzko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari utzi dizkion lokalean eta bi etxebizitzak bisitatzen.
Lokala, 338m2-koa, balio anitzeko eguneko zentro dibertsitate funtzionala duten pertsonak artatzeko erabiliko da. Udaleko eta Aldundiko arduradunak bat etorri direnez, zentro aitzindaria eta berritzailea izango da, arreta-modu berriak ezagutzeko balioko duena. Aurreikuspenen arabera, zentro berriak 25 plaza izango ditu guztira, eta desgaitasun fisiko, intelektual edo desgaitasun mistoa duten pertsonak joango dira bertara.
Bestalde, eguneko zentro berriarekin estuki lotuta, bi etxebizitza berri irekiko dira laguntzekin, 8 plazarekin, eguneko zentroaren goiko aldean kokatuta. Desgaitasuna duten pertsonentzako izango dira, baita ere. Maite Peñaren hitzetan, komunitatean integratzeko izugarrizko aukera eskainiko dute etxebizitza horiek, Zarauzko erdigunean kokatuta baitaude, eta pertsona bakoitzaren beharretan oinarritutako esku-hartze eta arreta ereduari erantzungo diote.
“Aldundiaren esku jartzen ditugun bi etxebizitza eta eguneko arreta-zentro berritzailea kokatuko den lokalarekin burututzat jotzen du Udalak Aldapetako proiektua” azaldu du Txurrukak. “Bere sorreratik izaera soziala izateko jaio eta bere garapenean hasierako potentzial sozial hori biderkatu du proiektuak. Vista Alegrerako igogailu publikoez gain, Babestutako 50 etxebizitzek (horietatik 16 alokairuan), aurreko astean Santa Ana Egoitza zabaltzeko emandako lokalek eta gaur Aldundiaren esku uzten ditugun eguneko-zentrorako lokalek eta bi etxebizitzek agerian uzten dute udal gobernu honen Zarauzko Gizarte Politikak hobetzeko azpiegiturak indartzeko konpromisoa eta apustua”.
Berdintasuna, gizarte babesa eta euskara
Aldapetara egindako bisitaren ondoren, Markel Olano ahaldun nagusiak Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez Zarautzen jasotako proposamen eta iritzi nagusiak partekatu ditu alkatearekin. Olanoren iritziz, lurralde osoan “gobernatzeko modua” eraldatzen ari da Etorkizuna Eraikiz. “Gipuzkoaren etorkizuneko desafioei erantzun asmoz, egitasmo hau 2016an martxan jarri zenetik, dagoeneko 125 herritarren proiektu sustatu ditugu, 32 proiektu esperimental abian dira eta bederatzi erreferentzia zentro garatu ditugu erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko”, aipatu du diputatu nagusiak. Ahalegin horretan guztian, nolanahi ere, “funtsezkoa” da udalerrien eta herritarren beraien partaidetza bultzatzea. “Gainontzeko erakundeen, enpresen, gizarte eragileen eta, oro har, herritarren parte-hartzeak indar handia ematen dio gobernantza eredu berri honi. Denon ekarpena eta konpromisoa ezinbestekoa da, geroa guztion artean eraikitzeko”, gehitu du.
Zarauztarrengandik, hain zuzen ere, ehundik gora ekarpen (107) jaso zituen kapsulak eta horietatik, besteak beste, berdintasunari –emakume eta gizonen berdintasuna alor guztietan, bereziki kirolean eta lan munduan–, gizarte politikei –bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako gizarte babesa, esate baterako– eta euskarari lotutako balioak izan ziren nagusi. Horien ondotik, gazteen aldeko politiken beharra eta mugikortasunaren inguruko proposamenak izan ziren herritarrek beren ekarpenetan nabarmendutako balioak.
“Etorkizuna Eraikiz egitasmoan jasotako ekarpenak, 2030 Agendaren prozesu parte-hartzailearekin lortuko dugun diagnostikoarekin batera, oso baliagarriak izango zaizkigu Zarautz jasangarriago eta inklusiboago bat diseinatzeko ditugun erronkei aurre egiterako orduan”, adierazi du Txurrukak.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010