Agrégateur de contenus
Retour Adierazpen Instituzionala Lapurtutako Haurtxoak
ESTATU ESPAINIARREAN LAPURTUTAKO HAURTXOEN LEGE-PROPOSAMENARI BURUZKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA


2022/03/01
2020ko otsailaren 26an, Espainiako Estatuan Lapurtutako Haurtxoei buruzko Lege Proposamena sinatu eta erregistratu zuten, eta, urte bereko ekainaren 23an, Diputatuen Kongresuko talde ia guztiek onetsi zuten berau kontuan hartzea. Gaur egun, zuzenketak izapidetzen ari dira talde politikoak.
Legea 2017an hasitako prozesu luze baten emaitza da: orduantxe aurkeztu zieten Proposamena lehenengo aldiz Kongresuko taldeei, eta, 2018ko azaroaren 20an, aho batez onetsi zuten berau izapidetzea. Alabaina, eta prozedura oso aurreratuta bazegoen ere, hauteskundeak deitu zituzten, eta lehen izapidetze hura bertan behera geratu zen.
Asko dira hasiera-hasieratik lanean jardun duten erakundeak, Espainiako Estatuan lapurtutako haurtxoen Legeak behin betiko onespena jaso dezan. Ce Aqua-Coordinadora Estatal de apoyo a la Querella Argentinak bultzatu eta sustatu zuen, bertako kide den Todos los niños robados son también mis niños elkarteak proposatuta. Espainiako Estatuko hainbat tokitan izandako haurtxoen lapurreten biktimen elkarte askok ere parte hartu dute, modu aktiboan, eta Lege Proposamena babesten dute: Adelante Bebés Robados (Madril eta Gaztela-Mantxako ordezkaritza); Asociación Bebés Sustraídos Bizkaia “Itxaropena”; Asociación de Bebés Robados de Andalucía (ABEROA); Asociación de Afectados por Bebés Robados de Andalucía (ABRA); Asociación de Víctimas de bebes robados y de adopciones ilegales de Alicante (AVA); Asociación Origens de Baleares; Camino a la Justicia; Sevilla bebés robados; Sos Bebés Robados Cádiz; Sos Bebés Robados de Cantabria; Sos Bebés Robados Galicia; Sos Bebés Robados Huelva; Sos Bebés Robados Jerez de la Frontera; Sos Bebés Robados Madrid (Madril eta Kanariar Uharteetako ordezkaritza); Todos los niños robados son también mis niños- CeAqua (erakunde sustatzaile gisa).
Horiez gain, giza eskubideen alorrean diharduten estatuko eta nazioarteko elkarteen babesa du ekimenak: APDHE (Asociación Pro Derechos Humanos de España), Amnesty International eta Red Argentino Europea por el Derecho a la Identidad —Abuelas de Plaza de Mayo elkartearen ordezkariak Espainian—. Eta, horiekin guztiekin batera, hainbat elkarte memorialistak, feministak eta akademikok ere babesten dute dokumentua.
Lege-proposamena oso garrantzitsua da, Espainian 50 urtean baino gehiagoan egin direlako haurtxoen lapurretak, estatuko lurralde osoan. Horrela, bada, Lege Proposamenaren helburua da lapurreta horien biktimei Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen oinarri diren egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta ez errepikatzeko eskubideak bermatzea (aipatutako lapurretak gizateriaren aurkako krimena dira eta).
Hain da larria egoera, non Nazio Batuen Erakundeko zenbait organismok ere parte hartzeko beharra ikusi duten; besteak beste, Pablo de Greiffek, egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzea bermatzeko Nazio Batuen kontalari bereziak, eta Desagertze Behartuei buruzko Nazio Batuen Lantaldeak. Era berean, Europako Parlamentuak interes handia agertu zuen, eta Eskabideen Batzordearen Misioa bidali zuen, zeinak txosten bat argitaratu baitzuen 2017ko azaroan, 31 gomendiorekin.
Lege Proposamena onetsiz gero, Espainiak Nazio Batuen eta Europako Parlamentuaren irizpide eta gomendioak beteko lituzke, azkenik: batetik, autonomia-erkidego guztietan jarduteko irizpide eta mekanismo homogeneoak ezarriko lituzke; eta, bestetik, diktadura osoan eta demokraziaren aldi batean zehar gertatutako delitu horiek benetan ikertzeko prozeduren pisua beren gain har ditzaketen erakunde eta organismoak sortu eta koordinatuko lituzke. Gainera, lege horri esker, bermatu egingo lirateke iraganeko eta orainaldiko biktimen eskubideak, jada gure artean ez daudenenak, eta oraindik ere beren familiarekin elkartzea edo beren identitatea berreskuratzea bilatzen dutenenak. Bermatu egingo lirateke, era berean, lehen aipatutako egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta ez errepikatzeko eskubideak, zeinak oso garrantzitsuak baitira bai biktimentzat, bai zuzenbide estatu demokratiko baten funtzionamendurako.
2020ko irailaren 17an zabaldu zen Proposamenari zuzenketak aurkezteko izapidea, eta, gaur egun, Justizia Batzordean dago. Lege Proposamena izapide horretan geldi dago.
Espainian min handia eragin dute haurtxoen lapurretek, eta min horrek bere horretan dirau. Beharrezkoa da erantzun bateratu, komun eta kolektiboa ematea, eta, hori dela eta, Zarauzko Udalak zera eskatzen dio Diputatuen Kongresuari:
- Zuzenketen izapidea amaitzeko, Legeak bere bidea egin dezan Parlamentuan, behin betiko eta premiaz onetsia izan arte.
- Onetsitako Legea ahalik eta fidelen izatea Espainiako Estatuan Lapurtutako Haurtxoei buruzko Lege Proposamenaren (122/000039) jatorrizko testuarekiko. Izan ere, testu horrek babes sozial eta politiko handia lortu du, bai egin bitartean, bai Parlamentuan izapidetzen hasi zenean.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010