Agrégateur de contenus
Retour Adarretatik 2021
UZTAILAREN 15ETIK 18RA OSPATUKO DA AURTENGO ADARRETATIK MUSIKA JAIALDIA


2021/07/06
Hurrengo asteko ostegunetik hasita, aurten ere Adarretatik musika jaialdiaz gozatu ahal izango da Zarautzen. Modelo Aretoan egingo diren lau kontzertuk osatuko dute Udalak babesturiko jaialdi hau eta Zarauzko udako egitarauaren barnean kokatuko dira
Ostegun eta Larunbateko kontzertuetan Zarauzko abeslariak egongo dira gonbidatu gisa kontzertuetan, eta hala, “Arima Soul” taldeko Lidia Insaustik kanta batzuk abestuko ditu The Cherry Boppers-ekin, eta King Konsul, Irregular Roots-ekin batera izango da larunbateko emanaldian.
Beste behin, bertako talentu gazteari bere tartea egin zaio Adarretatik Jaialdian, eta honela, ostiralean, Martin de Marte talde zarauztarra izango da Modelo Aretoan.
Gonbidapenak doan eskuratu ahal izango dira kontzertu bakoitzaren hasierako ordua baina bi ordu lehenago Modelo Aretoko txarteldegira gerturatuz. Pertsona bakoitzak lau gonbidapen eskuratu ahal izango ditu.
EGITARAUA
-UZTAILAK 15, OSTEGUNA – MODELO ARETOA (20:30) - THE CHERRY BOPPERS (Bilbo) + LIDIA INSAUSTI “ARIMA SOUL” (gonbidatu berezia)
The Cherry Boppers 2004an jaio zen Bilbon. Hasieratik bere asmoa argia da: erritmo afroamerikarrak zabaltzea eta iraganeko erritmo beltz zoragarriak jotzen gozatzea. Hau da, jazzaren sakontasuna, soul dotorezia, funkaren dantza dotorea, etab. Urte guzti hauetan, bere diskografia zabala da, hainbat LP, DVD… eta ia 300 kontzertu Euskal Herrian, estatuan eta baita Frantzian, Alemanian, Eskozia eta Holandan. Nabarmentzekoak dira Donostiako Jazzaldia, Sly and the Family Stone aurretik, Imagina Funk jaialdia The New Mastersounds-ekin batera, Los conciertos de la 2, Buenafuenteren programan zuzenekoa, Ibiza, Paradiso Club Amsterdam, Olimpia Park Munich….
-UZTAILAK 16, OSTIRALA – MODELO ARETOA (20:30) - MARTIN DE MARTE (Zarautz)
“Kaixo Lagun” albumarekin hasi zuen Martin Muruak (Martin de Marte) bere ibilbide martetarra 2018. urtean. 2020an “Red River Ride” lan berria plazaratu zuen. Bi lanak berak editatu eta ekoitzitakoak dira DIY formularen bidez. Bi EP-etako musika-proposamena iradokitzailea eta atsegina da, atmosfera berezi bat sortzen dutelarik: “Gitarraren antolamenduaren pean, hainbat ñabarduraz eta geruzaz beterik, sintetizadore eta teklatuen ukituez, erabateko erakarpena sortzen dute entzuten diren lehen mementotik”. Mondo Sonoro. Bigarren albumetik aurrera, proiektua taldean garatzea erabaki zuen, Zarauzko hiru laguni deituta: Ion Ferrera gitarra, Xabier Aramendi baxua eta Nikolas Eizagirre bateria. Jotzen dutenean rock-a, pop-a eta indie-a nahasten dituzte, ukitu psikodelikoekin eta jazz-ari egindako keinuekin.
-UZTAILAK 17, LARUNBATA – MODELO ARETOA (20:30) - IRREGULAR ROOTS (Zaragoza) + KING KONSUL (gonbidatu berezia)
Zaragozan 2010 ean sortutako Reggae Roots eta Dub banda da. Erreferentzia bezala, 1970 eko artistak hartzen ditu, Lee “Scratch” Perry, King Tubby, Coxsone Dodd, Dennis Brown, Ken Boothe, Black Uhuru. Twinkle Brothers… 5 musikari dira, beste talde batzuetan jo izan dutenak, We&Dem eta Jahsta bezela. Gainera, artista internazional desberdinekin jotzeko aukera izan dute: Benjammin, Earl 16, Danny Red… Diska bat daukate dagoeneko (Irregular Roots), beraien estudioan grabatutakoa, eta bigarren diska 2020 urtean A-Lone Ark estudioan grabatu eta argitaratua. 2021eko urtarrilean, Zaragozako bandak reggae talde nazional onenaren saria jaso zuen Espainiako reggae musikako Lion sarietatik. Lion sarien lehen hitzordu hau Rototom Sunsplash-ek antolatu zuen, Europako mota honetako jaialdi garrantzitsuena dela eta 2010etik Benicasimen (Castelló) ospatzen dela.
- UZTAILAK 18, IGANDEA – MODELO ARETOA (19:30) - AMAIA ZUBIRIA, KARLOS GIMENEZ, GONZALO TEJADA & LUIS CAMINO (EH)
Amaia Zubiria euskal musikaren ordezkari garrantzitsuenetakoa da. 1970eko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte luzatzen den ibilbidean, aparteko gaitasuna duen interprete eta musikagilea dela utzi du agerian eta funtsezko eragina izan du haren ondorengo euskal musikarien belaunaldietan. Kantu tradizionalen gaurkotzaile gisa egindako lanak eta euskal zinemaren puntako soinu-bandetan izandako lankidetzak haren lan artistikoaren garrantziaren neurria ematen digute. Amaia Zubiria abeslariak Donostia Kulturak eskeintzen duen aurtengo “Adarra Saria” jaso berri du. Halaxe adierazi digu Adarra Saria jasotzeak eragin dionaz: “Bizitza asko izan ditut. Eta horietako bakoitza zirkulu bat bezala ikusten dut. Aurrekoa itxi arte ez nintzateke erabat sartuko hurrengoan. Balego. Gainera uztai bat ixterakoan beti xirrikitu bat uzten saiatzen naiz, batek daki. Adarra Saria horrela bizi dut, musikarekiko dudan zirkulu honen amaiera bezala. Hurrengoaren hasiera, agian.” Amaia Zubiriak kontzertu berezi eta bakarra eskainiko digu uztailaren 18an Modelo Aretoan, euskal musikari bikainez inguratuta: Karlos Gimenez (pianoa), Gonzalo Tejada (baxua) eta Luis Camino (perkusioa), Zarauzko Adarretatik musika jaialdiaren laugarren edizioari urrezko brotxea emanez.
Deskargatzeko
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010