Agrégateur de contenus

Retour A25 Berdintasuna egitaraua

Twitter

AZAROAREN 25AREN BAITAN EGITARAU BEREZIA ANTOLATU DU BERDINTASUN DEPARTAMENTUAK ‘TRATU ONAK, HARREMANAK ERAIKITZEN’ LEMAPEAN

2024/10/28

Datorren azaroaren 25ean Emakumeen Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da eta Berdintasun departamentuak programazio berezia prestatu du ‘Tratu onak, harremanak eraikitzen’ lemapean.

“Emakumeok jasaten dugun indarkeria matxista identifikatzen jakin behar dugu eta asko hitz egiten dugu horren inguruan, oso garrantzitsua delako. Dena den, jokabide horiekin apurtzeko, tratu txarrekin bukatzeko, harreman positiboak sortzen ere jakin behar dugu”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Berdintasun zinegotziak.

Izan ere, ba al dakigu zeintzuk diren tratu onak? Nola maite dugu geure burua? Non jarri muga tratu txarrak ekiditeko? Zer da onargarria eta zer ez? A25 honetarako prestaturiko programazioaren baitan antolaturiko ekitaldien bitartez hainbat galdera planteatu nahi izan dira, eta galdera horien erantzunak formatu ezberdin bidez bilatzen saiatu dira departamentuan.

Lehenik eta behin, azaroaren 4an, Arantxa Urretabizkaia idazlearekin hitzaldia antolatu da, Udaberri Jubilatuen elkartean, zahartze tradizionala albo batera utzi eta emakume helduek dituzten harremanetan sakontzeko helburuarekin. Horretarako, adineko emakumeak egon ohi diren espazioan solasaldi bat antolatu da idazlearekin, baina gizonak ere gonbidatuta daude, guztion artean eraiki ahal izateko tratu oneko espazioak.

Gazteen egoerari erreparatuz, Benetan Zabiz zuzeneko programaren bidez umoretik gerturatuko zaio gaiari. Aitziber eta Malenek, ibilbidea dute sare sozialetan, eta gure kasuan, Modelon, azaroaren 13an, zuzeneko podcast bat egingo dute eta gainera, gonbidatu sorpresa bat ekarriko dute. Saioaren helburua da hausnartzea gazteek zer nolako harremanak dauzkaten, oraindik kezkagarriak diren portaerak ikusten direlako. Zeintzuk dira gaur egungo gazteei kezkatzen dizkieten gaiak? Zein harreman mota dituzte? Nola begiratzen diote maitasunari?

Berdintasun departamentuak antolaturiko programazioak orotariko ekimenak ditu eta, norbere amets eta tratu onekin konektatzeko, proposamen artistiko bat ere badugu. Arrate Rodriguez artista ezagunaren bidez, astearteetan, ordu erdiko bidaia intimo eta artistiko bat bizitzeko aukera izango da Emakumeen* Etxean. Sarrerak aurrez hartu ahal izango dira, Emakumeen* Etxeko webgunean, sare sozialetan, bertara deituta edota email bitartez.

Berrikuntza modura, “Querer” serie esanguratsua proiektatuko da Modelo Aretoan, azaroaren 14an eta 21ean, 20:00tan. Donostiako zinemaldian estreinatu berri den telesail honek 4 atal dauzka, eta bina kapitulu emitituko dira egun bakoitzean.

Tratu onen gaia jorratzeko, departamentuak garrantzitsutzat jo dute bikote eta norberaren harreman erotikoei buruz hitz egitea, gustagarriak eta on egiten diguten praktikei buruz arakatzeko. Emakumeen * Etxean izango da saioa, azaroaren 18an, Aitziber Estonbaren eskutik. Programazioa ixteko, Gaztelekuan, tratu onei buruzko tailerra eskainiko da, nerabeei zuzenduta, azaroaren 28an.

Programa osoa Emakumeen* Etxeko webgunean kontsulta daiteke, sare sozialetan edota Emakumeen* Etxean bertan. Modelo Aretoan programaturiko sarrera guztiak gonbidapenen bidez egingo dira eta ordubete lehenago banatuko dira leihatilan. “Nitar izatea” proposamen artistikorako izena eman beharko da aurretiaz, Emakumeen* Etxera deituz edo idatziz edota Izen-emate formularioa betez.


​​​​​​​

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010