Agrégateur de contenus

Retour 38 Udako Musikaldia

Twitter

38. UDAKO MUSIKALDIAN LAU KONTZERTU IZANGO DIRA AURTEN

2026/07/22

Abuztuan ospatuko da 38. Udako Musikaldia Zarautzen, eta beste behin, zarauztarrek zein bisitariek musika klasikoaz gozatzeko aukera aparta izango dute Santa Klara elizan.

Abuztuaren 6, 13, 20 eta 27an izango dira kontzertuak eta musika klasikoa bere zabaltasunean eskaintzea da antolatzaileen helburua. Estilo eta jatorri askotariko artistak izango ditugu aurtengo emanaldietan.

Musikaldiari hasiera emateko, ABUZTUAREN 6an, ganbera kontzertua izango da:

  • Julian Kainrath (biolina) eta Anton Gerzenberg (pianoa).

Hilabete gutxiren aldearekin biolinerako konposatutako errepertorioko bi lan paregabe aurkeztuko ditu Julian Kainrath-ek, Anton Gerzenberg piano-jotzaile bikainarekin batera: Franck-en Sonata, Ysaÿe-rentzako eztei-opari gisa idatzia, eta Griege-n Sonata 3, Chaikovski-ren Biolinerako Kontzertuaren jatorrizko interprete Adolph Brodsky-k estreinatua.

Bigarren kontzertua ABUZTUAREN 13an izango da VIVALMA taldearen eskutik.

  • DANSER, BALLARE… -> Marta Ramírez García-Mina (biolin barrokoa), Marina Cabello del Castillo (biola da gamba) eta Eloy Orzaiz Galarza (klabea).

Juan March Fundazioaren “Jóvenes Intérpretes” zikloan parte hartu zuenetik (2017), hainbat jaialditan parte hartu du VIVALMAk.

Kontzertua errepertorio barroko instrumentalaren ingurukoa izango da, eta bere jatorria gorteko dantzan eta dantza herrikoian datza. Programaren lehen zatiak «Danser» du izena eta Vivalma-k sortutako Suite de danzas aurkeztuko digu, J.P. Rameau, F. Francoeur, J. Du Phly edo F. Couperin konpositoreen piezetatik abiatuta. Marin Marais-en “Grand Ballet”-ak itxiko du Frantziako estilo nazionala ardatz duen saioaren atal hau.

Programaren bigarren zatiak «Ballare» du izena eta Italiako dantza erakutsiko digu ostinato baxuaren eskutik.

Abuztuaren 22an izango da hirugarren kontzertua: EXPRESSIO DUO taldea

  • ELEMENTUAK -> Maria Zubimendi eta Garazi Navas (akordeoiak).

Programa honek transkripzioetan jartzen du arreta: hiru mendetako musika akordeoi duo baten musika adierazpenera ekarria. Frantziako barrokoaren dotoretasunetik hasi Jean-Baptiste Lully eta Jean-Philippe Rameau-ren lanekin, Jean-Féry Rebel-en ausardiara igaro, zeinak soinuaren bidez kaosaren eta naturaren indarrak irudikatzen dituen, azkenik euskal musikaren unibertsora heldu arte Aita Donostiaren eta Jesus Guridiren obren bidez.

Expressio Duo-ren ELEMENTUAK proiektua Garazi Navas eta Maria Zubimendik osatzen dute. Musikenen elkar ezagutu ondoren sortu zuten proiektuak akordeoi bikotearen aukerak muturreraino eramatea du helburu eta orkestra-musikaren kolore eta testurak duoaren bidez berrasmatzea.

Programa honetako musika-bidaia gorteko dantzetatik naturaren irudikapenera eta euskal soinu- paisaietara hedatzen da. Emaitza, ezagutzen ditugun lanen irakurketa berria ez ezik, akordeoiak garai eta estilo ezberdinen arteko zubi gisa duen ahalmenaren erakusgarri ere bada, zalantzarik gabe.

Bukatzeko, ABUZTUAREN 27an TRIO RODIN taldeak itxiko du Musikaldia.

  • ROMEO & JULIETA 2.0 -> Carles Puig (Biolina), Teresa Lli (txeloa) eta Jorge Mengotti (pianoa).

2011n Utrecht-en sortutako TRÍO RODIN Carles Puig biolin-jotzaileak, Teresa Lli txelo-jotzaileak eta Jorge Mengotti piano-jotzaileak osatzen dute.

Italian eta Holandan heziak, Europako areto onenetan aritu dira (Amsterdameko Concertgebouw, Bartzelonako eta Valentziako Palau de la Música, Madrilgo Auditorio Nacional), baita jaialdi handietan ere.

Hirurehun kontzertu baino gehiago eman dituzte, eta nazioko eta nazioarteko lehiaketetan sarituak izan dira. Kritikak txalotu egin ditu, beren indar adierazkorragatik eta publikoarekin duten lotura emozionalagatik. Artista asko hurbildu da William Shakespeare idazle bikainaren Romeo eta Julieta obrara. Musikoak, margolariak, eskultoreak, koreografoak, antzerkigileak eta zinemagileak liluratuta sentitu dira konbentzio sozialengatik eta konpromiso familiarrengatik debekatutako maitasunaren tragediarekin. Oraingoan, Sergei Prokofiev-en Romeo eta Julieta Suitea eta Leonard Bernstein-en West side story Suitea entzungo ditugu, biak Trio Rodinek pianoarekin egindako hirukote-bertsioan.

1935ean, Romeo eta Julietari buruz konposatzen hasi zen Prokofiev: 3 suite sinfoniko, pianorako 10 pieza eta Balleta. 22 urte geroago, 1957an, Berbsteub West Side Story musikala sortzeaz arduratu zen, Romeo eta Julietaren istorioan oinarrituta baina XX. mendeko New Yorken girotuta. 1961ean zinemara eraman zen.

Sarrerak

Sarrerak salgai egongo dira uztailaren 24an, 18:00etatik aurrera, Modelo Aretoko txarteldegian eta https://tickets.kutxabank.es plataforman. Prezioa 4,25 € sarrerako.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010