Agrégateur de contenus
Retour 2030 Bulegoa
ZARAUTZ 2030 KANPAINA INDARRA HARTUZ DOA ETA HERRITARREN PARTE-HARTZEARI DEI EGIN DIO


2022/03/25
Zarauzko Udalak 2030 Agenda Globalaren baitan abiarazi duen hausnarketa-prozesu partekatua bere ibilbidea egiten ari da. 2021 urtean aurkeztutako egitasmoak lehenengo fasea gainditu du eta, gaurtik aurrera, herritarrei zuzendutako arreta zerbitzua izango du Salegi kaleko 14. zenbakian dagoen Bulego Teknikoan, Zarautz Lur bulegoarekin espazioa partekatuz.
Arreta zerbitzua Bulego Teknikoan egongo den pertsonak eskainiko du. Bere egiteko nagusia Zarautz 2030 Plan Estrategikoak sortzen dituen zalantzak argitzea izango da eta, nola ez, herritarrek proiektuari egiten dizkioten ekarpenak jasotzea. Bulegoa martxan jartzea inflexio puntua da 2030 Agenda Globalaren eta 17 + 1 Garapen Jasangarriaren Helburuak oinarri hartuta Zarautzeko etorkizuna irudikatu nahi duen ekintza-plana diseinatzerako orduan.
Lehenengo fasean, herritarren iritzia entzun eta kontuan hartzeko ariketa proaktiboa, pentsaera eta joera ezberdineko herritarrek parte hartu dute eta askotariko iritziak jaso dira. Gaur zabaldu den zerbitzuarekin are eta iritzi gehiago jaso nahi ditu Udalak, eta Bulegoa herritarren informazioa- eta arreta-gune izateaz gain, iritziak jasotzeko erreferente bihurtzea nahi da, modu horretan, herritar gehiagora iritsiz.
Helburu berarekin, postontzi mugikorrak prestatu dira herritarren hausnarketa eta ekarpenan jasotzeko. Horretarako, Udalak egokitu duen eta postontzien aldamenean aurki daitekeen formularioa bete besterik ez da egin behar. Postontziak Aritzbatalde kiroldegian eta Bulego Teknikoaren aldamenean jarri dira, baina arduradunek adierazi dutenez, Zarautz 2030 Plan Estrategikoak irauten duen bitartean, herrian zehar lokalizazio ezberdinetan mugitzen joango dira.
Sentsibilizazio kanpaina
Aldi berean, eta egitasmoa gizarteratzeko helburuarekin, Udalak sentsibilizazio kanpaina bat abiaraziko du. “Herritarrak inplikatu behar ditugu Plan Estrategikoaren definizioan; eta horretarako behar beharrezkoa da egitasmoa kalera ateratzea, herritarren aurrean parez pare jartzea. Euskarri ezberdinekin lanean gabiltza eta epe laburrean ikusiko ditugu udalerriko espazio eta udal eraikinetan”, jakinarazi du Iker Basurko (EAJ-PNV) Plan Estrategikoaren arduradunak.
Bulego Teknikoan arreta zerbitzua jartzea eta bulegoa Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren iruditegiarekin atontzea sentsibilizazio kanpainako lehen ekintzak izan dira, baina ez bakarrak. Foileto bat argitaratu da Plan Estrategikoren inguruko informazioarekin: fase ezberdinen azalpena, parte-hartzeko formulak edota 17 + 1 Garapen Jasangarriko Helburuen inguruko informazioa… Foiletoa udal eraikin ezberdinetan aurki daiteke, besteak beste, kiroldegian, liburutegian, HAZen edota Euskaltegian.
Helburu berarekin, kanpainako iruditegia eraman da liburutegira, Gaztelekura eta zenbait markesinetara. Baina zalantzarik gabe, ekintza nabarmenetako bat Hiribusaren errotulazioa izan da. Eta epe laburrean, beste espazio batzuk ere atonduko dira; horien artean daude HAZ bulegoa, malekoia edota Osasun Zentroa.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010