Eduki publikatzailea

Atzealdea ZHAPO berrikuspena

Twitter

ZARAUTZEK BERE ETORKIZUNA ELKARREKIN IRUDIKATZEKO PROZESUARI EKIN DIO

2026/10/30

Zarauzko Udalak urrats garrantzitsu bat egin du Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspen-prozesuan. Zarauzko Udalaren urriko osoko bilkuran udalbatzak aho batez onartu zuen berrikuspen-prozesuaren espedienteari hasiera ematea eta baita prozesua gidatuko duen Herritarren Partaidetza Programa.

HAPOa udalerriaren etorkizuneko garapena antolatzeko tresna nagusietako bat da. Besteak beste, etxebizitzaren, ekipamendu publikoen, mugikortasunaren, jarduera ekonomikoen, espazio publikoen eta ingurune naturalaren inguruko erabakiak hartzeko esparrua zehazten du.

Horregatik, Plan Orokorraren berrikuspena ez da soilik hirigintza-dokumentu baten eguneraketa, Zarautzek datozen urteetan izan nahi duen herri-ereduaren inguruan hausnartzeko eta etorkizuneko beharrak identifikatzeko aukera ere bada.

Udal talde guztien adostasunetik abiatutako prozesua

Udalak bereziki nabarmendu nahi izan du Herritarren Partaidetza Programa aho batez onartu izana. Izan ere, Udal Gobernuak hasieran landutako proposamena gainerako udal taldeekin partekatu zen, eta haiek egindako ekarpenekin osatu da behin betiko dokumentua.

Garbiñe Oiarbide (EAJ-PNV) Hirigintza zinegotziaren hitzetan, “Plan Orokorraren berrikuspena Zarautzen etorkizunerako garrantzi handiko prozesua izango da, eta oso positiboa da lehen urrats hau udal talde guztien adostasunarekin ematea. Herritarrei elkarlanean aritzeko eta prozesuan inplikatzeko eskatuko diegu, eta horretarako ezinbestekoa iruditzen zaigu udal barruan ere elkarrizketarako eta elkarlanerako borondatea erakustea”.

Oiarbidek azpimarratu duenez, “Plan Orokorrak ez ditu soilik kaleak, eraikinak edo lurzoruaren erabilerak antolatuko. Zarautzen bizi garen pertsonen egunerokoan eragina izango duten erabakiak hartzeko oinarriak ezarriko ditu. Horregatik, herritarren beharrak, kezkak eta proposamenak hasieratik entzun nahi ditugu”.

Lehen fasea: Zarautzen egungo egoera aztertu eta herritarren ikuspegia jaso

HAPOaren berrikuspenaren lehen fasea Hirigintza Informazioa eta Diagnostiko Parte-hartzailea izango da. Fase honen helburua Zarautzen egungo egoera aztertzea da, herriaren indarguneak, beharrak, arazoak eta etorkizuneko erronkak identifikatuz.

Azterketa teknikoarekin batera, herritarren eta herriko eragileen esperientziak, ezagutzak eta proposamenak jasoko dira, diagnostikoa osatzeko. Horretarako, parte-hartze mekanismo desberdinak aurreikusi dira, hala nola, informazio- eta dibulgazio-ekintzak, herritar guztiei irekitako parte-hartze saioak, mahai sektorialak, udalaren barneko kontraste-saioak. Ekintza horien bidez, udalerriaren egoerari buruzko ikuspegi ahalik eta zabalena lortu nahi da, hirigintzako azterketa teknikoa herritarren eguneroko esperientziarekin osatuz.

Zarautzen etorkizuna elkarrekin irudikatzen

Diagnosi fase honetan badute data, dagoeneko, elkarteekin egingo den mahai sektorialak (azaroak 4) eta Herritarrekin egingo den saio irekiak (azaroak 12). Elkarteek saioan parte hartzeko gonbidapen zuzena jasoko dute eta herritarren saiorako gonbidapen irekia egiten du Udalak, parte hartu nahi duen norbanako edo elkarte orok parte har dezan. Bi saioak, bai elkarteei luzatutakoa eta baita herritarrei, oro har, zuzendutakoa, Etxezabalan egingo dira, aipatutako egunetan, 18:00etan.

Udalak herritarrak prozesu honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu, datozen urteetako Zarautz guztion artean pentsatzeko eta planifikatzeko.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010