Eduki publikatzailea

Zarauzko Udala, ostalaritzaren ondoan

Twitter

“OSTALARITZAREN ONDOAN EGON GARA, GAUDE, ETA EGONGO GARA”

2020/11/13

Zarauzko Udaleko EAJ-PNV taldeko Iker Basurko zinegotzia elkarrizketatu dugu, ostalaritzan, turismo aholkularitzan, marketing estrategikoan eta proiektuen komunikazio eta kudeaketan lan egin ostean, 2019-2023 legealdian etapa berri bat hasi duenean, beste arlo batzuen artean, Ekonomiaren Garapen Jasangarriko arduradun bezala, eta, 2020 urte honetan, sektoreak bizi duen egoera kritikoa erronka berritzat duenean.

Iker, duela urte eta erdi enpresa mundutik politikara egin zenuen salto. Zein izan zen aldaketa hori emateko zure motibazioa?

Urte asko izan dira enpresa ezberdinetan, proiektu propioetan eta sektore ezberdinetan lanean aritu naizela eta, askotan, zerbitzuen sektoreari lotutakoak izan dira. Beti motibatu naute gure inguruneari eta gizarteari balioa ematen dioten proiektuek. Sektore pribatuan hartutako kudeaketa esperientzia hori zerbitzu publikoan aprobetxatzeak motibatzen ninduen, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko, Udala bezalako instituzio batetik. Urrats naturala zen eta horregatik nago hemen.

Zeintzuk dira zure ardurak Zarauzko Udalean?

Arlo ezberdinetako zinegotzi arduraduna naiz: Mugikortasuna, Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ), Kontratazioa, eta Ekonomiaren Garapen Jasangarria. ‘Zarautz 2030’ izeneko proiektua abian jartzeko taldean ere parte hartzen dut; proiektu honekin etorkizuneko Zarautz definitzeko herritar guztiak inplikatu nahi ditugu, etorriko diren denbora berrien erronka ekonomiko eta sozialei erantzuna emanez. Arlo ezberdinetako arduradun izateak instituzioaren ikuspegi orokorragoa izateko aukera ematen dit eta Zarauzko bizilagunek hobekuntzak eskatzen dituzten arloen funtzionamendua gertuagotik ezagutzeko.

Udalera sartu, eta pandemia iritsi zen…

Bai, egoera oso gogorra da, ezin dugu ezkutatu errealitate gordina, baina ezkortasunean sartzen ba gara ez dugu ezer lortuko. Seriotasunez eta arduraz jokatu behar dugu, eta pandemia honi guztiok batera, modu solidarioa, aurrea hartu eta gainditu. Alkateak duela gutxi esan zuen bezala, gutako bakoitzak, indibidualki, egoera honetatik ateratzeko asko egin dezakegu. Uneoro galdetu behar diogu gure buruari zer egin dezakegun hori lortzeko, eta horren arabera jardun.

Ostalaritza faktore garrantzitsu bezala seinalatu da pandemia honetan…

Errudunak bilatzearen joera hori ekidin behar dugu. Egia da ostalaritza gure bizitzako funtsezko zatia dela, gure harreman sozialen eta aisialdirako denborarena. Horregatik, ulergarria izan daiteke murrizketak ezartzea edo itxi behar izatea, orain gertatu den bezalaxe. Hala ere, ezin gara itxieran edo debekuan gelditu, babesa eskaini behar dugu. Egoera oso zaila da sektorearentzat, izugarrizko esfortzua egin dute protokolo eta segurtasun neurri guztiak betetzeko, eta, espero dugu, denbora gutxirako izatea eta laster euren jarduerara itzuli ahal izatea.

Nola lagunduko die Udalak?

Pandemiaren haseratik Suspertze eta Eraberritze Bulegoa jarri genuen martxan, eta, bertatik, Zarauzko elkarteekin koordinatuta, Ekintza Plan bat osatu genuen. Plan horrek, besteak beste, zuzeneko laguntza ekonomikoak eta kontsumorako bonuak jasotzen ditu, eta, are gehiago izango dira 2021. urte osoan zehar, gutxienez.

Aurten, 262 negoziok jasoko dituzte zuzeneko laguntzak, 230.000 euro inguru guztira, eta negozio horietatik 80 ostalaritzakoak dira. Udala Zarauzko ostalaritzaren eta zerbitzuen sektorearen ondoan egon da, dago eta egongo da. Oso garrantzitsuak dira gizartearentzat eta ekonomiarentzat.

Orain terrazen bigarren kuota ordaindu behar dute…

Kuotarik garrantzitsuena, udaldia barne hartzen duena, Udalak bere gain hartu zuen. Neguko kuota baxuagoa da, eta orain honen ordainketa pasako zaie, baina, 2021eko aurrekontua onartu bezain laster, beste laguntza eta beherapen fiskal batzuk jarriko ditugu martxan, eta horien artean, seguru, terrazak, uraren kontsumoa eta gure ustez aztertzeko eta kontuan hartzeko interesgarriak diren beste kontzeptu batzuk egongo dira. Beti bezala, laguntzak modu zuzen eta orekatuan banatzen saiatuko gara.

Beraz, epe labur eta ertainera begira lan egiten duzue. Zer gehiago egiteko asmoa duzue?

Terrazei eta beladoreei buruzko ikerketa bat eskatuko dugu, lehen urrats garrantzitsua dena. Ostalaritzari erraztasunak eman nahi dizkiogu urte osorako terrazak izateko, hala nahi izanez gero. Baina, betiere, bizikidetza, mugikortasuna eta irisgarritasuna bezalako alderdiak errespetatuz.

Horretarako, gai hori arautzen duen ordenantza berriaren zirriborroari heldu diogu berriro, eta egokitzat jotzen ditugun hobekuntzak sartzeko unea dela uste dugu. Honez gain, prestakuntza ikastaro batzuk jarri nahi ditugu martxan, iraupen laburrekoak, bezeroaren arretaren inguruan, terrazan eta barran zerbitzua ematearen inguruan edo ostalaritza negozioak kudeatzearen inguruan. Asmoa da langileak prestatu ahal izatea eta kualifikazio hobea duten langileen poltsa bat sortzea, goi denboraldian kontratatu ahal izateko, bajak betetzeko edo une jakin batzuetan kontratatzeko. Zarauzko ostalaritza eta turismo eskaintzaren kalitatea hobetzeko beste urrats bat litzateke hori.

Astearte honetan bertan elkarretaratzea egin dute ostalaritzaren alde. Bertan izan zinen?

Bai, izan naiz. Oso harreman ona dut kaltetutako pertsona askorekin, eta badakite ondoan nautela. Zarauztarrekiko enpatia eta hurbiltasuna funtsezkoak dira udal kudeaketan dihardugun guztiontzat.

Nahikoa azpimarratzen da elkartzeko unea dela.

Jakina. Arlo guztietan murgilduta gauden garai zailei aurre egiteko modurik onena dela uste dut. 2021eko ekintza asko Zurekin-en eta Murkil-en bidez egingo dira. Udal bezala, bazkideen urteko kuotaren zati bat geure gain hartuko dugu. Kuotaren ordainketa elkartzeko oztopo ez izatea nahi dugu. Bi elkarteetan ordezkaritza handiagoa behar dugu, guztion lana eraginkorragoa izan dadin, eta sektorearen etengabeko hobekuntzan eta bikaintasunean sakontzen jarraitzeko.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010