Eduki publikatzailea
Atzealdea Zarauzko Estropadak
ZARAUZKO ESTROPADAK OSPATUKO DIRA ASTEBURUAN ETA ZARAUZKO IKURRINAK IZANGO DIRA JOKOAN


2024/08/14
Urtero bezala, Zarauzko Estropak ospatuko dira Zarauzko Aste Nagusiaren barruan, eta Zarauzko Ikurrinak izango dira jokoan. Alde batetik, abuztuaren 17an, goizean, jokatuko diren ETE ligako Zarautz Arraun Elkartearen Emakumeen IV. Ikurrina, 11:00etatik aurrera, eta KAE 1 ligako Zarautz Arraun Elkartearen Gizonezkoen XV. Ikurrina, 11:45etik aurrera.
Beste alde batetik, arraun maila goreneko jardunaldi bikoitza, abuztuaren 17 arratsaldean eta abuztuaren 18 goizean, Zarauzko Ikurrina preziatua eskuratzeko: Emakumezkoen Zarauzko XVI. Ikurrina eta Gizonezkoen Zarauzko XLVII. Ikurrina.
“Zarauztarrontzat asteburu berezia da, beti esaten dugu. Zarauzko Ikurrina, berezia delako guretzat: ikusten duzuen bezala, ez da ohiko bandera. Ikurrina da: ikurrina bera, bi aldeetan, eskuz egina eta bordatua”, azaldu du Leire Aranak (EAJ-PNV), Turismo zinegotziak. “Zarauztarrona da; herriarena. Gure arraun kultura eta usadioaren isla. Horrek duen baloreari indarra ematen jarraitu nahi dugu Udaletik. Eta kantauri isurialdeko arraunlariek ere hori balorean jartzen dutela sentitzen dugu. Ikurrina emateko unean bizi den emozioa, bakarra delako. Bai KAE 1 eta ETE mailan, baita maila gorenean ere”.
Bide beretik, Xabier Txurrukak, Alkateak, Zarauzko Ikurrinaren tradizioa eta izenaren garrantzia azpimarratu ditu: “Zarauzkoa ez da bandera, ezta trapua ere. Zarauzkoa Ikurrina da, gure garaikurrik preziatuena”.
Horretaz gain, Aranak adierazi du Zarauzko Ikurrinak baduela beste berezitasun azpimarragarri bat: “Emakumezkoen eta gizonezkoen sariak berdinak dira. Parekideak. Urteak daramatzagu emakumeen kirolaren alde arraunean, eta Zarauzko Ikurrinan ere, hala da. Udalaren konpromisoaren erakusle da hori”.
“Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkizuet Zarautz Arraun Elkarteko kideoi, urtero Ikurrina honetan musutruk egiten duzuen boluntario lan garrantzitsuagatik. Zorterik onena opa dizuet asteburu honetan. Batez ere, etxekoei. Onenak irabazi dezala!”, burutu du Turismo zinegotziak.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010