Eduki publikatzailea
Atzealdea Zarautzen bizi ondorioen aurkezpena
“ZARAUTZEN BIZI” PROZESUAREN EMAITZAK ASTEARTEAN ETXEZABALAN


2025/06/12
Maiatzaren 13an egin zen “Zarautzen Bizi” hausnarketa prozesuaren aurkezpena Santa Klaran. Geroztik 3 lan-saio egin ditu Udalak herritarrekin. Lehen lan-saioan kaleen izaera izan zen aztergai: merkataritza, lokal hutsetan egin daitezkeen erabilerak, etxebizitzak, apartamentu turistikoak… Bigarren saioan, aldiz, etxebizitzarekin lotutako gaiak aztertu ziren: etxebizitza tasatuen udal ordenantza, lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza, etxebizitza eskuragarri egiteko egin daitezkeen eskuhartzeak…
Azkenik, hirugarren lan-saio batean, aurreko bi saioetako ekarpenak uztartzeko ariketa egin zen. Saio hartan aurreko saioetako gaiak uztartu eta ixteaz gain, aukera eman zitzaien parte-hartzaileei landu gabe geratu zen edozein gai proposatzeko eta beraien aldetik esateke geratu zen edozer partekatzeko.
“Oso lan-saio aberasgarriak izan dira”, azaldu du Garbiñe Oiarbide (EAJ) Hirigintza, Etxebizitza eta Partaidetza zinegotziak. “Lan-talde txiki bat sortu ahal izan dugu eta horrek aukera eman digu partaide guztiek elkarri entzuteko eta gaiak elkarrekin lantzeko. Hirigintzaren inguruko gaiak ez dira xamurrak izaten araugintzari eta legeei oso lotuta daudelako, baina uste dut talde motorraren laguntzarekin gaiak xamurrago egitea lortu dugula eta parte-hartzaileek hainbat gairen inguruan hausnartzerakoan izan dutela nahikoa ezagutza. Azpimarragarria da, gainera, lanketan parte hartu dutenen gehiengo zabal bat emakumeak izan direla”.
Lan-saio horietan jasotako ekarpenen eta lanketen berri emateko, ondorioen aurkezpen saioa prestatu du prozesua bideratzeaz arduratu den lan-taldeak. Saio hori Etxezabala Aretoan egingo da datorren asteartean, ekainak 17, 18:00etatik 20:00etara. “Asteartean aurkeztuko diren ondorioek ez diote amaiera ematen parte-hartzeari, izan ere, prozesutik atera diren hainbat gaik bere parte-hartze propioa izango dute” azaldu du Oiarbidek, “Hain interesgarria izan den hirigintza kolaboratibo ariketa honek, beraz, jarraipena izango du”.
Hori horrela, Udalak zarauztarrak gonbidatu nahi ditu ondorio aurkezpen saio horretan parte hartzera, bertatik bertara izan dezaten lan-saioetan egindako hausnarketak eman dituen emaitzen berri. Edonola ere, aurkezpenera joaterik ez dutenek eskuragarri izango dute prozesuaren informazio osoa eta baita ondorioak ere Zarauzko Udalaren webguneko “parte-hartu” atalean.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010