Eduki publikatzailea
Atzealdea Udal Euskaltegia 26 27
MARTXAN DA ZARAUZKO UDAL EUSKALTEGIAREN 2026-2027 IKASTURTEA


2026/09/03
Iraila iristearekin batera, Zarauzko Udal Euskaltegiak zabaldu du 2026-2027 ikasturteko matrikulazioa. ‘Euskara Pauso Batera’ lelopean, eskaintza zabala dauka euskaltegiak: batetik, aurrez aurreko taldeak, eta, bestetik, autoikaskuntza zerbitzua; aurrez aurreko taldeetan, C1 mailara arte eta autoikaskuntza sistemaren bidez, maila guztiak. Urtero bezala, jubilatuentzako taldea, herrira iritsi berrientzat AISA-Harrera ikastaroa eta DBHko etorkin gaztetxoentzat euskara indartzeko ikastaroak ere izango dira. Euskara erabiltzeko, Mintzalagun programan ere parte hartzeko aukera dago.
2026-2027rako eskaintza
Alde batetik, aurrez aurreko taldeak daude, eta horietan ikasleek egunean bi orduko eskolak izaten dituzte: oinarrizko mailetakoek, hau da, A1 eta A2koek astean hiru saio eta tutoretza bat izango dituzte; eta B1, B2 eta C1ekoek astean hiru egunetan etorri beharko dira, astelehen, astearte eta ostegunetan, hain zuzen ere. Goiz, arratsalde eta gau parteko ordutegiak eskaintzen dira Euskaltegian eta taldeak sortzen dira maila bereko edo antzeko ikasleak elkartuta.
Bestetik, autoikaskuntza daukagu, etxetik ikasteko aukera ematen duen sistema, euskaltegira etortzeko denbora askorik ez dutenentzat egokia. Etxean lan egiteko unitateak jartzeko euskaltegi birtual bat sortu da, EuskaraOn izenekoa, eta hortik jasotzen dute ikasleek materiala. Oinarrizko mailako ikasleek astean tutoretza bat izaten dute, ordubetekoa, eta maila aurreratuagoetakoek, hamabostean behin. Tutoretza eguna eta ordua ikaslearekin adosten du tutore bakoitzak. Horretaz gain, astero ordubete edo ordu eta erdiko mintzasaioa ere izaten dute ikasleek, taldean. C2 mailako ikasleak astero elkartzen dira tutorearekin eta mintzamena berekin lantzen dute. Autoikaskuntzan, tutoretzak euskaltegian bertan nahiz on-line egin daitezke.
Dirulaguntzak
Udalak beka sistema eskainiko du aurten ere: euskara ikasten ari direnei matrikularen % 75 itzuliko die eta ikastaroan zehar langabezian daudenei % 100, baldin eta emandako orduen % 80 betetzen badituzte. Gainera, matrikularen prezioan % 50 eko hobaria izango dute familia ugariek eta familia gurasobakarrek, eta % 100ekoa tarifa soziala dutenek.
HABEk ere laguntza eskainiko die 2025-2026 ikasturteko matrikularen prezioan A1 eta A2 maila ikasten duten ikasleei eta C1 helburu-maila duten 16-18 urteko ikasleei. Bestalde, HABEren azterketaren bat edo B2ra bitarteko mailaren bat gainditzen duenak erakunde horri dirulaguntza eska diezaioke.
Aurtengo berritasun nagusia Euskara Bonoarena da. Dirulaguntza hau eskuratzeko, A0, A1 eta A2 mailetan ikasten hasten den ikasle bakoitzak 120€ ordainduko ditu euskaltegian matrikulatzen den lehen urtean. Behin diru-kopuru hori ordainduta, ikaslearen abiapuntuko mailaren arabera ordu-kreditu edo ordu-poltsa bat emango zaio, eta ikasleak dohainik izango ditu ordu-kreditu hori agortu arteko ikastaroetako ordu guztiak, B1A2 maila lortu arte, betiere epemuga baten barruan.
Nahi duenak zabal-zabalik ditu euskaltegiko ateak irailaren 24ra arte, 9:00etatik 19:00etara, Iturribide kaleko 28-30an; 943131153 edo 943835084 zenbakietara deituta ere artatuko zaituztegu, baita euskaltegia@zarautz.eus helbide elektronikora idatzita ere. Anima zaitezte, zain izango gaituzue.

Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010
