Eduki publikatzailea
Atzealdea Udal Euskaltegia 2025
MARTXAN DA ZARAUZKO UDAL EUSKALTEGIKO IKASTURTE BERRIAN IZENA EMATEKO EPEA


2025/09/04
Iraila iristearekin batera, Zarauzko Udal Euskaltegiak zabaldu du 2025-2026 ikasturteko matrikulazioa. Eskaintza zabala du: batetik, aurrez aurreko taldeak, eta, bestetik, autoikaskuntza zerbitzua; aurrez aurreko taldeetan, C1 mailara arte eta autoikaskuntza sistemaren bidez, maila guztiak. Urtero bezala, jubilatuentzako taldea, herrira iritsi berrientzat AISA-Harrera ikastaroa eta DBHko etorkin gaztetxoentzat euskara indartzeko ikastaroak ere izango dira. Euskara erabiltzeko, Mintzalagun programan ere parte hartzeko aukera dago.
2025-2026rako eskaintza
Alde batetik, aurrez aurreko taldeak daude, eta horietan ikasleek egunean bi orduko eskolak izaten dituzte: oinarrizko mailetakoek, hau da, A1 eta A2koek astean lau egunetan etorri behar izaten dute, astelehenetik ostegunera; eta B1, B2 eta C1ekoek astean hiru egunetan, astelehen, astearte eta ostegunetan, hain zuzen ere. Goiz, arratsalde eta gau parteko ordutegiak eskaintzen dira Euskaltegian eta taldeak sortzen dira maila bereko edo antzeko ikasleak elkartuta.
Bestetik, autoikaskuntza daukagu, etxetik ikasteko aukera ematen duen sistema, euskaltegira etortzeko denbora askorik ez dutenentzat egokia. Etxean lan egiteko unitateak jartzeko euskaltegi birtual bat sortu da, EuskaraOn izenekoa, eta hortik jasotzen dute ikasleek materiala. Oinarrizko mailako ikasleek astean tutoretza bat izaten dute, ordubetekoa, eta maila aurreratuagoetakoek, hamabostean behin. Tutoretza eguna eta ordua ikaslearekin adosten du tutore bakoitzak. Horretaz gain, astero ordubete edo ordu eta erdiko mintzasaioa ere izaten dute ikasleek, taldean. C2 mailako ikasleak astero elkartzen dira tutorearekin eta mintzamena berekin lantzen dute. Autoikaskuntzan, tutoretzak euskaltegian bertan nahiz on-line egin daitezke.
Dirulaguntzak
Udalak beka sistema eskainiko du aurten ere: euskara ikasten ari direnei matrikularen % 75 itzuliko die eta ikastaroan zehar langabezian daudenei % 100, baldin eta emandako orduen % 80 betetzen badituzte. Gainera, matrikularen prezioan % 50 eko hobaria izango dute familia ugariek eta familia gurasobakarrek, eta % 100ekoa tarifa soziala dutenek.
HABEk ere laguntza eskainiko die 2025-2026 ikasturteko matrikularen prezioan A1 eta A2 maila ikasten duten ikasleei eta C1 helburu-maila duten 16-18 urteko ikasleei. Bestalde, HABEren azterketaren bat edo B2ra bitarteko mailaren bat gainditzen duenak erakunde horri dirulaguntza eska diezaioke.
Euskara erritmo bizian
Lelo hori du aurtengo matrikulazio-kanpainak. Horren bidez, bi mezu helarazi nahi izan ditugu: batetik, euskara ikastea «prozesu bizia eta dinamikoa» dela, eta, bestetik, ikastea soilik ez, erabiltzea dela funtsa, euskarari bizia ematea. Beraz, animatu nahi zaituztegu erritmo bizi horretara.
Nahi duenak zabal-zabalik ditu euskaltegiko ateak irailaren 19ra arte, 9:00etatik 19:00etara, Iturribide kaleko 28-30an; 943131153 edo 943835084 zenbakietara deituta ere artatuko zaituztegu, baita euskaltegia@zarautz.eus helbide elektronikora idatzita ere. Anima zaitezte, zain izango gaituzue.

Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010
