Eduki publikatzailea
Atzealdea

Udako zerbitzuak

Twitter

HILAREN 15EAN HASIKO DA HONDARTZA DENBORALDIA

2022/06/09

Datorren asteazkenean, hilaren 15ean, emango zaio hasiera udako hondartza denboraldiari eta harekin batera, udan zehar Zarauzko Hondartzan eskainiko diren zerbitzuak martxan jarriko dira. Denboraldiak hiru hilabeteko iraupena izango du eta datorren irailaren 15era bitartean luzatuko da.

“Uda honetan normaltasunaren olatua hartu nahi dugu, gure hondartzen erreginaz murrizketarik gabe gozatzeko gogotsu baikaude denok. Oraindik astebete geratzen da denboraldiari hasiera emateko baina jada ikus ditzakegu gure hondartzaren bereizgarri diren toldoak, zarauztar eta udatiarren gozamenerako”, adierazi du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak.

Toldo zerbitzuaren esleipen prozesuaren ondoren, gestioa Ibon Elorzari esleitu zaio 2022 eta 2023ko udetarako (4 denboralditarako gehienez, luzapenekin).

Sorospen zerbitzuari dagokionez, BPXport XXI SLU enpresa arduratuko da hondartzako segurtasunaz. 11:00etatik 20:00etara, sei bainu-gune mugatuko dira eta, une oro, 21 sorosle izango dira bainularien segurtasuna bermatzen. Joan den urtean egin zen bezala, aurten ere portuko bainu gunea irekiko da eta, honek ere, sorospen zerbitzua izango du.

Iban San Martin (EAJ-PNV) Zerbitzu zinegotziak jakinarazi duen moduan, “uda honetako aldaketarik nabarmenena hondartzako bainu eta aldagelen funtzionamendua izango da. Erabilera guztiz doakoa izatea erabaki du Udalak eta egunean 5 aldiz gauzatuko da instalakuntzen garbiketa”. Munoan, eta Garman eskaintzen den zerbitzu hau jada martxan dago eta datorren irailaren 15a bitartean egongo da erabilgarri, egunero, 10:00etatik 20:00etara. Hauez gain, komun publikoak ere aurki daitezke, Toldo zerbitzuaren etxolaren ondoan eta Borghettoko kantinan.

‘NIk Hondartzak’ aplikazioak erabilgarri jarraituko du

Pandemia garaian Gipuzkoako hondartzetan segurtasuna bermatzeko tresna baliagarria izan ondoren, Foru Aldundiaren ‘NIk Hondartzak’ aplikazioak erabilgarritasun berriak dakartza uda honi begira. Gipuzkoako areatzen okupazio indizea neurtzen jarraitzeaz gain, uda honetan itsasoaren egoeraren informazio zehatza eta hondartzan zuzeneko irudiak jasotzeko aukera emango du aplikazio honek. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundia arduratuko da, beste behin, lurraldeko hondartzen garbitasuna bermatzeaz.


Web edukia bistaratu

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010