Eduki publikatzailea
Atzealdea Udako programa 2022
UDA GARAIA EKITALDIZ BETEKO DA ZARAUTZEN


2022/06/30
Zarauzko Udalak, gaur goizean, uda honetako ekitaldien programazioa aurkeztu du. Uztaila eta abuztuan zehar, Zarautzen hainbat ikuskizunez eta ekitaldiz gozatzeko aukera izango da, Udalak eta herriko eragile desberdinek prestaturiko programa anitz eta zabalarekin.
“Azken bi urteetan ekitaldi asko antolatu ezin izan ostean, udaz gozatzeko gogoz beterik gaude. Aurten, normaltasunaren itzulerarekin, zarauztarrekin zorretan gaude eta egitarau berezi eta oparoa antolatu dugu denen gozamenerako", adierazi du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak. “Nire eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet ekitaldi hauen eta herriko auzoetako festen antolakuntzan inplikatzen zareten zarauztarroi”.
Programa honetan askotariko ekitaldiak aurkitu daitezke, eta kirolak, kulturak, ingurumenak eta beste hainbat arlok bere tokia izango dute Zarauzko udan. Egitarauari atzo bertan eman zitzaion hasiera Kalerki Zarautz Kale Antzerkiaren jaialdiaren lehen bi ekitaldiekin eta, larunbata bitartean, herriko kaleak antzerkiz eta ikuskizunez beteko ditu.
Kirolak paper garrantzitsua izango du gure udan, lehiatuko diren goi mailako kirol ekitaldiekin. Halterofilia txapelketa, itsas zeharkaldia, hondartzako eskubaloia, herri kirol erakustaldiak, estropadak edota esku pilota partidak ikusteko aukera izango da Zarautzen uda guztian zehar.
Kulturari dagokionez, urte guztian zehar antolatzen Antzerkia Familian ekimena udan herriko kaleetara zabalduko da eta, uztailaren 7tik aurrera, ostegunero, familia guztiarentzako antzerki emanaldiak izango dira Villa Manuelako frontoian. Abuztuan, aldiz, Udako Musikaldiaren garaia izango da, ostiralero Santa Klarako elizan eskainiko diren kontzertuekin.
Hauez gain, beste hainbat ekitaldi ere izango dira udan, hala nola, bisita gidatuak, Zarautz Modan desfilea, Adarretatik musika jaialdia edota Zarauzko hainbat auzotako jaien baitan antolaturiko ekitaldiak.
Kontzertuak Malekoira itzuliko dira
Joan den udan Lizardi Kirol Aretoan ospatu ondoren, uda honetako Aste Nagusiko kontzertuak Malekoira itzuliko dira, bere ohiko Damako eskenatokira. Alkateak aurreratu duenez, "aurtengo Aste Nagusiko kontzertuak eta su artifizialak euskal hiriburuetan antolatutakoen mailakoak izango dira". Abuztuaren 14ean emango zaio hasiera Aste Nagusiko kontzertuei La Oreja de Van Gogh talde aski ezagunaren emanaldiarekin. Abuztuaren 16ean, asteartean, Trio Medianoche eibartarren doinu latinoamerikarrein gozatzeko aukera izango dugu. Asteazkenean eta ostegunean, punta puntako euskal musika izango da nagusi Malekoian Zetak eta Esne Beltza taldeekin. Amaitzeko, abuztuaren 19an, ostiralean, Celtas Cortos Valladolideko taldearen rock doinuak izango dira Aste Nagusiko kontzertuei amaiera emateko arduradunak.
Deskargatzeko
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010