Eduki publikatzailea
Atzealdea

Udako bisitak

Twitter

BISITA GIDATU BERRI BAT GEHITU DU ZARAUZKO UDALAK UDAN ERAZTUN BERDE URDINEAN

2022/06/17

Aurten ere udaran zehar Eraztun Berde Urdinaren inguruan bisita gidatuak antolatuko dira. Hauek, aurreko urteetan bezala, uztailean, abuztuan eta irailaren hasieran eskainiko dira Iñurritzako Biotopo Babestuan eta Zingirako arkamurka basoan. Aurten, berritasun bezala, ibilbide gidatu berri bat eskainiko du Udalak: “Hezeguneak: Eraztun Berde Urdinaren altxor ezkutuak” izenekoa, Zarauzko Irita-Astiko hezeguneak eta Buztinzuriko haltzadia lotuko dituena.

Bisita gidatuak doan izango dira eta bi hizkuntzatan gauzatuko dira: euskarazko talde bat eta gaztelaniazko beste bat aldi berean. Iraupena 2 ordu eta erdi ingurukoa izango da. Uztaila eta abuztuko ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan gauzatuko dira eta beharrezkoa izango da erreserba aurretik egitea Turismo Bulegoan. Partehartzaileei gida bat banatuko zaie eremu bakoitzean.

Bisita gidatuetan gune natural horien altxor naturalak erakutsiko dira, besteak beste, bertako  flora eta fauna, Zingira basoa eta Iritako hezegunea berreskuratzeko lanak etab.

“Hiru ibilbide-guneek garrantzi handia dute Eraztun Berde Urdinean. Buztinzuriko haltzadia, Zarauzko erdigunetik gertu dagoen Eraztun Berde Urdinaren altxor ezkutua da. Buztinzuri errekari eta Abendaño errekari lotuta dago eta garrantzi handiko habitata da”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak. “Irita eta Astiko hezeguneek aldamenean dagoen Iñurritzako Biotopo Babestuarekin garrantzi handiko multzo ekologikoa osatzen dute. Hezegune hauetan egindako azterlan ezberdinek egun babestu gabe dauden bi eremu hauen balioa erakutsi dute: bai biodibertsitateari dagokionez (izan ere, eta babestuta dauden habitat eta espezie ugari agertzen dira); eta bestetik, inguruko eremu hiritartuen uholde-arriskua murrizteagatik”.

Iñurritzako eremua Natura 2000ko Kontserbazio Bereziko Eremuan kokatuta dago eta Biotopo Babestua izendapena du 1997 urteaz geroztik, errekako eta hezeguneko ekosistemak duten bioaniztasuna eta zaurgarritasuna babesteko. Bertako duna Kantauri aldean kontserbatzen diren gutxienetakoa da eta bertan aurki ditzakegu galtzeko zorian dauden hainbat landare espezie. Gainera hegazti askori ere babesa ematen die gune horrek, bereziki hegazti migratzaileei.

“Zingira basoa Garate-San Barbara Kontserbazio Bereziko Eremuan aurkitzen da. Arkamurka basoek duela milaka urte Kantauriko kostaldea okupatu zuten, baina, gaur egun, toki gutxi batzuetan ikusi ditzakegu. Izan ere,  Garate Santa Barbarakoak dira geratzen diren bakanetakoak, eta, horregatik, baso reliktikoa osatzen dute. Hortik dator beraz, arkamurkak biodibertsitaterako erreserba garrantzitsu gisa mantentzearen garrantzia”, gehitu du Vazquezek. “Zarauzko Udaleko Ingurumen Departamentua lan garrantzitsua egiten ari da Zarautzen aurkitutako aleak berreskuratzeko. Esku hartu ahal izateko, hiru lursail erosi ditu, garrantzitsuena Zingira izanik, eremu handia hartzen baitu”.

Bisita gidatua Vista Alegre parketik, Zingira basotik eta Mutxio parketik igaroko da eta gune natural horien ezaugarriak erakutsiko ditu, besteak beste, bertako  flora eta faunaren azalpenak, arkamurka basoa berreskuratzeko egindako ahaleginak, etab.


Web edukia bistaratu

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010