Eduki publikatzailea

Atzealdea Turismo Plan Estrategikoa onartuta

Twitter

ZARAUZTARREN BIZI-KALITATEA LEHENESTEN DUEN TURISMOKO PLAN ESTRATEGIKO BERRIA ONARTU DU UDALAK

2025/02/28

Zarauzko Udalaren Osoko Bilkurak, otsaileko ohiko saioan, 2025-2028 Turismo Plan Estrategiko berria onartu du. Horrela, Udalak argi berdea emango die datozen urteetan Zarauzko turismo-politikak zuzenduko dituzten ildo nagusiei.

Plan estrategiko berri honek EAJ-PNVk eta PSE-EEk osatutako Udal Gobernuaren babesa eta EH Bilduren abstentzioa izan ditu osoko bilkuran.

Turismoaren Plan Estrategikoa berritzeko, turismoaren azken urteotako bilakaera aztertu da, diagnostiko eguneratu bat egiteko eta, hortik abiatuta, plan estrategiko operatibo, arin eta praktiko bat diseinatzeko. Horretarako, prozesua hiru fasetan gauzatu da:

1. Eguneratze-fasea: Barne- eta kanpo-analisia eta AMIA.

2. Azterketa estrategikoaren fasea: VICE (Bisitariak-Industria-Komunitatea-Ingurunea) ereduaren araberako helburu estrategikoak ezarri dira. Eredu hori oso ondo egokitzen da Zarauzko ezaugarrietara, eta, beraz, aurreko planean ere erabili zen, eta eguneratze horretan eredu horri eustea erabaki da.

3. Ekintza-planaren fasea: Zarautz 2030 Plan Estrategikoan ezarritako ildo estrategikoekin bat datorren ekintza-plan bat diseinatu da, helburu komun baterantz lan egiteko.

2025-2028 Turismo Plan Estrategiko honen ardatz eta protagonista nagusietako bat zarauztarrak dira. Planak herritarrei zein bisitariei kalitatezko hiria eskaintzeko beharra azpimarratzen du, zarauztarren eta bisitarien arteko harremanak eta bizikidetza sustatuz. Horregatik, beste balio batzuen artean, gure kultura-nortasuna eta euskara erakusleihoan jartzearen garrantzia azpimarratzen da, baloratu eta partekatu beharreko elementu gisa.

Aurreko planari jarraipena emanez, Zarauzko Turismoaren xede-talde nagusia familiak izaten jarraitzen dute. Bikote gazte zein helduengan, turismo profesionalean eta Zarautz kirol-helmuga gisan ere arreta jartzen da.

Planaren diagnostiko-fasean, Zarauzko merkatu nagusiak jasotzen dira bisitariei dagokienez; nabarmentzekoak dira inguruko probintzietatik datozenak, urte osoan zehar bisitatzen gaituztenak, eta Katalunia, Madril eta Frantziatik (batez ere Akitaniatik) datozenak. Frantziako merkatua, gainera, deigarria da, urte osoan zehar Zarautz bisitatzen baitute, eta horrek urtarokotasuna desegiten laguntzen du. Alemaniako eta Beneluxeko bisitariak ere ohikoak dira behe-denboraldian.

Turismo-tasa

Azken egunotan tasa turistikoaren inguruan sortu den eztabaidaren harira, Xabier Txurruka alkateak (EAJ-PNV) azpimarratu du gure herrian tasa turistiko bat ezartzea positiboa izango litzatekeela: "Zarautzen gaua igarotzen duenak bere hondar alea eman beharko luke Zarauzko zerbitzuak eta bizi-kalitatea mantendu eta hobetzeko".

Tasa horrek Zarauzko Udalak bere herritarrei eskaintzen dizkien azpiegiturak eta zerbitzuak mantentzen lagunduko luke, urte osoan zehar Zarautz bisitatzen duten pertsonek ere gozatzen dituztenak. Txurruka tasa hori udalek jasotzearen alde agertu da, izan ere, "zarauztarrentzat hobea den Zarautz bat mantentzeko erabiliko litzateke, eta honek bisitatzen gaituztenentzat ere hobea den Zarautz bat bilakatzen du".

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010