Eduki publikatzailea

Atzealdea Ttanta Egunaren lehen edizioa

Twitter

HARRERA BIKAINA IZAN ZUEN ZARAUZKO TTANTA EGUNAREN LEHEN EDIZIOAK

2024/03/22

Atzo, Zarauzko Modelo Aretoan, Ttanta Egunaren lehen edizioa ospatu zen, Garapen Jasangarrirako Helburuak politika publikoetan aplikatzeari buruzko topaketa. Bertan izan ziren 2030 Agendaren aplikazioan adituak diren hainbat Udal eta instituzio —Ampostako (Tarragona) alkatea, Adam Tomàs i Roiget, Soriako Berdintasun zinegotzia, Gloria Gonzalo, eta Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentziako zuzendaria (Iraurgi Berritzen), Begoña Beobide—, bai eta beste hainbat erakundeetako ordezkari, hala nola, Antonio Casado da Rocha (EHU), Ione Ardaiz (Arantzazulab), Izaro Basurko (Ihobe) eta Usue Lorenz (Orkestra).

Topaketan Carlos Mataix Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Giza Garapenerako Teknologiako Berrikuntza Zentroko zuzendariak parte hartu zuen, eta erreferentziazko ahotsa izan zen Agenda 2030ek eskatzen duen elkarlaneko gobernantzan.

Ttanta Eguna 2030 Agendaren inplementazioarekin, edo garatzeko asmoa daukaten, lotutako jarduera duten teknikariei eta politikariei zuzenduta dago. Zarauzko Udalak hausnarketarako eta ikaskuntzarako gune aitzindari bat eskaini nahi izan die udal erakundeei, eta jardunbide egokien katalogo bat zabaldu nahi izan du, prozesu honetan tokiko erakundeek lortu dituzten konponbideak erakusteko.

Topaketaren baitan, Zarauzko Adierazpena irakurri zuten Añes Galarragak eta Mikel Larrañegik, Lizardi institutuko ikasleek, 2030 Agendan jasotako Garapen Iraunkorreko Helburuak bultzatzeko udalerriaren konpromisoak jasotzen dituen dokumentua. "2030 Agenda gure tokiko politiketan ezartzeko Zarautzek egin duen apustua irmoa da, eta guretzat garrantzitsua zen herritarrekin partekatutako konpromiso hori partekatzeaz gain, beste udalerri batzuk ere Garapen Jasangarriko Helburuek planteatzen diguten erronkara batzea. Zentzu honetan, Ttanta Egunaren lehen edizio hau arrakastatsua izan da", azaldu du Xabier Txurruka alkateak.

2030 Agendarekiko konpromisoa, Zarautzen kasuan, lehen aldiz 2022an zehaztu zen, Garapen Iraunkorreko 17+1 Helburuen tokiko hedapenerako egungo Plana abiaraztearekin. Udalean ordezkaturiko talde guztiek aho batez onartu zuten eta Zarauzko eragileen parte-hartze zabalarekin garatu zen Zarautz 2030 Plana.

Proiektu Estrategikoetako zinegotzi Iker Basurkok, bere taldearekin batera eta Linkedin Ideas enpresaren laguntzarekin, 2030erako Zarautz Plan Estrategikoaren prozesua aurkeztu zuen, baita gerora garatu diren esperientziak ere: "Lan handia egin behar izan da lehen topaketa hau egiteko, baina ahaleginak merezi izan du. Zorionak eta eskerrak jaso ditugu, eta horrek indarra ematen digu etorkizunean elkargune hau eskaintzen jarraitzeko, bai eta zarauztarrekin batera gizarte gisa hobetzen lagunduko diguten hainbat proiektutan lanean jarraitzeko ere".

Jardunaldia Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatu da, eta Ihobe, Eudel eta REDS (Garapen Iraunkorrerako Espainiako Sarea) erakundeen babesa ere izan du.

Ttanta Eguna 9:30ean hasi eta 14:00etan amaitu zen, Zarauzko Adierazpena irakurri ondoren. Ekitaldia Pilar Kaltzada kazetari eta komunikatzaileak zuzendu zuen eta ehun pertsona inguru bildu ziren Modelo Aretoko topaketaren lehenengo edizioa jarraitzeko. Jardunaldian Xabi Magoa ere izan zen, 2030eko Agendari lotutako magia-trikimailu pare bat eginez, baita Borja Gonzalezen (Sand Art) kontakizun hunkigarri bat ere, zeinak, hondarrean egindako marrazki harrigarrien bidez, Ttanta Egunaren nondik norakoa laburbildu zuen.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010