Eduki publikatzailea
Atzealdea Ttanta Eguna 2025 egitaraua
MUGIKORTASUN KOLABORATIBOAREN ERRONKAK AZTERGAI ZARAUTZEN TTANTA EGUNA 2025 EKITALDIAN


2025/10/30
Datorren azaroaren 13an, 10:30ean, Zarauzko Modelo Aretoan ospatuko da Ttanta Egunaren bigarren edizioa, Zarauzko Udalak antolatuta, 2030 Agendak planteatzen dituen erronka handiei buruz hausnartzeko, tokian-tokiko ikuspegiarekin eta partaidetzan oinarrituta.
Aurten jardunaldiak gizarte-kohesioari, ingurumen-jasangarritasunari eta orobat herritarren bizi-kalitateari zuzenean eragiten dien zeharkako erronka jorratuko du: “Elkarrekin mugitu eta espazioa partekatu". Xabier Txurrukak, Zarauzko alkateak, adierazi duen bezala, “mugikortasuna azpiegitura kontua baina gehiago da, elkarrekin bizitzeko modua ere bada. Nola mugitu nahi dugun, espazio publikoa nola partekatu nahi dugun eta hori guztia modu jasangarrian nola gauzatuko dugun elkarrekin pentsatzera garamatza”.
Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatu da jardunaldia aurten ere, eta bertan bilduko dira erakundeetako arduradunak, hiri-plangintzako profesionalak, gizarte-eragileak, 2030 Agendarekin konprometitutako udalerriak eta gaian interesa duten herritarrak. Jardunaldiak aliantzak eta ikaskuntza partekatuak sortzea du helburu, tokian tokiko benetako aldaketak bultzatzeko oinarri gisa.
Programaren barruan daude Xabier Txurruka Zarauzko alkatearen ongietorri instituzionala, Josu Arraiz Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia zuzendariaren hitzaldia eta Silvia Abascal Diego politika publikoetan adituaren hitzaldi. REDS – SDSN Spain garapen iraunkorrerako sare espainiarraren Finantzaketa eta Genero arloetako arduraduna da Abascal eta "Hiriak eraldatzen dituen mugikortasuna: jasangarria, inklusiboa eta genero-ikuspegiduna" izenburupean, politika publikoek mugikortasun-eredu bidezkoagoa eta eraldatzaileagoa nola bultza dezaketen aztertuko du. Horrez gain, Iker Basurko zinegotziak "Zarautz kasua: etorkizunari buruzko ikuspegi berezia" aurkeztuko du.
"Mugikortasuna, errespetua eta bizikidetza: erronka partekatua" mahai-inguruan askotariko ahotsak bilduko dira, hala nola, herritarrak eta herritar-kolektiboak eta erakunde publikoak. Besteak beste, bertan parte hartuko dute ondoko erakundetako ordezkariak: Soriako Udala, Zarauzko Garagunea eta La Salle Ikastetxea. Elkarrizketaren bidez, alderdi teknikoak, auzokoak eta sozialak uztartuko dira, konponbide inklusiboagoak eta iraunkorragoak eraikitzeko ikuspegiak partekatzearen garrantzia azpimarratuta.
Itxiera ekitaldia Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Gizarte Berrikuntza eta Agenda 2030en zuzendariaren esku egongo da eta ondoren, Virginia Imaz clown-ak laburtuko ditu egunean zehar jasotako ideien eta proposamenen gaineko ondorioak, Pilar Kaltzada kazetariak (Linking Ideas) aurkeztutako saioan.
Bigarren edizio honekin, Zarautzek berretsi egiten du Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat datozen ekintza zehatzak sustatzeko konpromisoa eta sendotu egiten du, tokiko inplementazioan duen erreferentzialtasuna indartuz. "Etorkizun bidezkoagoagoa, osasungarriagoa eta bizigarriagoa nahi badugu, elkarrekin irudikatuz eta eraikiz hasi dezakegu. Mugikortasun kolaboratiboa funtsezko pieza da bide horretan", gaineratu du Txurrukak.
Izena eman behar da parte hartzeko: hemen. Lekuak mugatuak dira.

Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010
