Eduki publikatzailea
Atzealdea

terrazen lizentziak

Twitter

110 TERRAZA-LIZENTZIA AZTERTUKO DIRA KASUZ KASU

2020/05/12

Aste honetan bertan has daitezke martxan ostalaritza-negozioetako terrazak, nahi izanez gero. Askok irekiera atzeratzea erabakiko dute, izan ere, deseskaladaren 1. fasean bete beharreko baldintzek aukera gutxi uzten dute negozioak errentagarri izateko.

Udaleko Herrilan, Azpiegitura eta Zerbitzu Sailak kasuz kasu aztertu ditu jada emanda dauden lizentziak, maiatzaren 3an onartutako ministerio-aginduak kasu bakoitzean nola eragiten dien ikusteko: "Gure asmoa ostalaritzari ahal den neurrian laguntzen saiatzea da, baina Gobernuaren jarraibideak errespetatu behar ditugu, eta kontuan hartu behar dugu bizilagunek segurtasunez eta leku nahikoarekin mugitzeko duten eskubidea. Herrilaneko talde teknikoak lan bikaina egiten ari da eta dagoeneko ostalari bakoitzari bere kasuaren berri eman diezaiokegu" dio Iker Basurko garapen ekonomikoko zinegotziak.

Zarauzko Udalak sektorearentzat laguntza batzuk lantzen ari da dagoeneko, besteak beste, apiriletik urrira bitarteko aldiari dagokion terraza-kuotaren konpentsazioa. Bestalde, herri askotan ostalarien eskaria terrazen espazioa handitzea da. Ulergarria Zarautz bezalako herrietan baina praktikan jartzea zaila delarik: "Herri edo hiri bakoitzak horrelako erabakiak hartzeko erraztasun edo zailtasunak ditu.  Udan, Zarautzen, gure populazioa ia bikoiztu egiten da. Honi, oporretan kanpora egingo diren bidaien murrizketa gehitu behar diogu eta Zarautzera egun batzuk igarotzea datozen gertuko bizilagun kopurua handitu egingo dela argi dago. Guzti honek, kudeatzeko egoera zaila sortuko digu, bide publikoan pertsonen arteko segurtasun-distantziak mantendu ahal izateko eta ostalaritzan behar bezalako arreta emateko.  Kasu gehienetan terrazaren azalera handitzea ez da bideragarria izango, ezta egungo azalera mantentzea ere. Erronka handia dugu uda honetan baina denon artean aurre egingo diogu eta gutxinaka normaltasuna bueltatzea espero dut”.

Asteartetik aurrera, kaltetuak udalarekin harremanetan jarri ahal izango dira informazioa eskatzeko, ahal izanez gero emailez (herrilanak@zarautz.eus) edo telefonoz (943005100).

Era berean, lizentzia-eskaera berriak aztertuko dira, baldin eta Aginduan eta Udal Ordenantzan jasotakoa errespetatzen badute.


Web edukia bistaratu

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010