Eduki publikatzailea

Atzealdea tasa eta zergen izozte orokorra

Twitter

ZARAUZKO UDALAK TASA ETA ZERGEN IZOZTE OROKORRA ONARTU DU 2021ERAKO

2020/10/09

Zarauzko Udalak, urriaren 8an egindako ezohiko osoko bilkuran, hurrengo ekitaldirako ordenantza fiskalei hasierako onarpena ematea erabaki zuen. Tasen eta zergen izozte orokorra egongo da 2021ean.

Jesus Arana (EAJ-PNV) Ekonomia eta Ogasun zinegotziaren arabera: "Ordenantza fiskal hauekin 2021eko aurrekontuetarako oinarriak ezartzen ditugu, martxotik jasaten ari garen pandemia dela eta oso garrantzitsuak izango direnak".

COVID19-ak herritarren bizitzan eta ekonomian eragina izango duela argi dago. “Ekonomia gelditzearekin batera, euskal instituzioen diru sarrerak ere behera egin dute nabarmen eta datorren urteko aurreikuspena ez da ona. Honen ondorioz, Udal Foru Funtsetik jasotzen den diru kopurua %20 inguru jaitsiko dela aurreikusten da” adierazi du Aranak.

“Pandemia garai honetan ere kalitatezko zerbitzuak izan nahi baditugu, udalaren diru sarrerak bermatu behar ditugu” adierazi du Ekonomia zinegotziak.

Datu hauek kontuan izanda, Zarauzko Udal gobernuak  tasa eta zergen izozte orokorra aurkeztu du 2021 urterako. Ondasun Higiezinen Gaineko zerga igoko da bakarrik, %0,9an.

Badira beste hainbat aldaketa ordenantzen testuetan. Alde batetik, familia errenta estandarizatuarekin zerikusia duten testuak egokitu dira Eusko Jaurlaritzako Dekretuko testura. Bestalde, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duten zergan, karga tasa bakarra ipintzen da, teknikariek horrela behar duela arrazoitu dutelako.

“Emaitza berdina izan dadin, hobariekin jokatuko dugu. Honela, emaitza aurreko urteetako bera dela ziurtatua dago” gaineratu du Aranak.

Kanpoan geratzen den atal bakarra, sute, uholde eta antzerako hondamendiekin lotutakoa da. Kasu hauetarako emergentziazko diru laguntzak erabiliko lituzke Zarauzko Udalak.

Kultur arloan, Modelo Aretoaren kudeaketarako kontratu berri bat esleitu du Udalak. Kontratu horretara egokitu dira Modelo Aretoko zerbitzu eta prezioak.

Bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzako harrera apartamentuetan, 150 euro hileko eta gelako gehiegizko prezioa ezarri da.

“Ez da ahaztu behar, 2021ko aurrekontuak osatzeko garaian, diru sarreren kapitulua erabaki honekin hasten dela. Zarauzko Udaleko zorpetze maila %3,5ekoa da, ona. Azken urteetan inbertsio garrantzitsuak egin ditugu eta guzti hori prestamo berririk eskatu gabe. Egoera onean gaude COVID-19ak sortutako krisi oni aurre egiteko” amaitu du Aranak.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010