Eduki publikatzailea

Atzealdea Santa Klara LAB Ondorioak

Twitter

SANTA KLARA LAB PROZESU PARTE HARTZAILEAN JASOTAKO ONDORIOAK BANATUKO DITU UDALAK ZARAUZTARREN ETXEETARA

2023/12/15

Zarauzko Udalak, 2021 urtean, Santa Klara eraikina erosi zuen, Zarauzko ondare historiko eta arkitektonikoa gorde eta babesteaz gain, herriarentzat azpiegitura indartsu bat izan zedin. “Eraikinaren birgaitze prozesua aurrera eraman ahal izateko Next Generation Europa funtsetara eskaera egin genuen udaletik eta 3.000.000 euro jaso genituen laguntza-lerro honetatik”, adierazi du Iker Basurko (EAJ-PNV) Proiektu Estrategikoen zinegotziak.

Aldi berean, Udalak, Santa Klara LAB prozesu parte-hartzailearen bidez herritarren eta eragileen iritziak jasotzeko prozesua abiatu zuen abuztuan eta irailean, eta bertatik jasotako ondorioekin, eraikina ekipamendu soziokulturala bihurtzeko prozesua abiatu du. Parte-hartze prozesuaren helburua ekipamenduaren erabileren eta programen zehazketan aurrera egitea izan da.

Prozesu hau galdetegiak eta bilera irekiek osatu dute. Alde batetik, herritarren esku jarritako galdetegiak 521 erantzun jaso ditu, 446 pertsonek herritar moduan erantzun dute eta 40 pertsonak sortzaile/eragile moduan. Bestalde, bilera irekiak ere gauzatu dira herritar, elkarte zein sortzaileekin. Bilera hauetan, guztira 80 pertsonek hartu dute parte.

“Orain, Urbanbat kooperatibak galdetegietatik eta bilera hauetatik ateratako ekarpen guztiak bateratu ditu txosten batean eta ondorio nagusien laburpena zarauztarren etxeetara helaraziko dugu, astelehenetik aurrera, esku orri formatuan”, jakinarazi du Leire Arana (EAJ-PNV) Partaidetza zinegotziak. “Esku orrian zehazten den informazioaz gain, QR kode bat egongo da eta, honen bidez, txosten osoa ikusteko aukera emango du, online, udal web orrian”.

Prozesu parte-hartzaile honetan bildutako informazio eta ekarpen guztiak aztertu ondoren, honako ondorio nagusiak atera daitezke zarauztarrek Santa Klararen etorkizunean garrantzitsutzat jotzen dituzten espazioen inguruan:

-    MEDIATEKA: XXI. mendeko beharrei erantzungo dien Mediateka erakargarria, erosoa, modernoa eta malgua nahi dute herritarrek, euskarri eta teknologia berriei egokitutakoa (Irakurketa gela, Ikasketa gela, erabilera anitzeko gela, lan-taldeetan ikasteko gelak, liburuen aurkezpenak egiteko gelak…)
-    SORMEN ESPAZIOAK: Sormen-espazioei lehentasuna ematen zaie eraikinaren programa egituratzaile gisa. Herritarren gehiengoak, formakuntza espazioak eskatzen ditu; sortzaile eta kultur eragileek, berriz, auto-esperimentazio eta auto-produkzio espazioak.
-    ERAKUSKETA ARETOAK: Bost ezaugarri hauek lehenetsi dira herritarren aldetik: erabilera anitzeko gela izatea, askotariko diziplina artistikoak sustatzea, aholkularitza kontseilu propioa izatea, hiriko gainerako erakusketa-aretoekin harremana izatea eta tokiko hasi-berrien piezak erakusteko eta bertako artista eta sortzaileek produzitutako lanak aurkezteko filosofia izatea.
-    ARETO NAGUSIA: Aretoa da, hain zuzen, sostengu gehien jaso duen espazioa. Elizan kokatzea planteatzen da, ezaugarri hauekin: 250 pertsonentzako ikuskizunak eskaintzeko aukera ematen duena, espazio libre eta moldagarria izatea, beste areto txikiago bat izatea (100 lagunentzako bigarrengo areto bat), herritarrek kudeatuta eta herriko eragileekin osatutako kultur mahaiak gidatua.

Proiektu Estrategikoetako zinegotziak azaldu duen moduan, “Santa Klararen eraberritze prozesuaren atal hau osatu dugu, baina oraindik bide luzea eta lan gogorra geratzen da herritarrei zuzendutako etorkizuneko kultur azpiegitura hau amaiturik ikusteko. Jarraian, arkitektoek proiektua landu beharko dute Foru Aldundiko eta Jaurlaritzako teknikariekin elkarlanean”.

“Eskerrik asko Santa Klara LAB prozesu parte-hartzaile ireki honetan parte hartu duzuen guztioi. Zarauztarrok hainbat amets eta ideia ditugu Santa Klara komentuaren etorkizunaren inguruan eta, prozesu honetan, horiek elkarren artean partekatzeko aukera izan dugu. Entzute, hausnartze eta jasotze lan bat izan da, ideien laborategi bat. Prozesuak aurrera darrai!”, amaitu du Aranak.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010