Eduki publikatzailea
Atzealdea

Sanpelaioak 2022 aurkezpena

Twitter

BADATOZ SANPELAIOAK!

2022/06/16

Gain-gainean dauzkagu sanpelaioak. Bueltan dira bi urteren ostean zarauztarrok hainbeste maite ditugun festa nagusiak. Ekainaren 25etik hasita, zarauztarrak kalera irtengo gara gure herriko jaiez gozatzera hainbesteko etenaldiaren ondoren.

“Azken bi urteetan ezin izan ditugu nahi bezala ospatu zarauztarrok hainbeste maite ditugun festa herrikoi kuttunak. Aurten, bai! Irrikan gaude kuadrillako brusa jantzi eta plazara irteteko festarekin gozatzera”, adierazi du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak. “Aurtengo sanpelaioak bereziak izango direlakoan, ekitaldiz betetako egitarau ederra prestatu dugu. Denetarik eta denontzat gozagarri”.

Leire Arana (EAJ-PNV) Jai eta Ekitaldien jarduneko zinegotziak adierazi duenez, “haurren danborradako txupinazo eta suziriek emango diote hasiera festa giroari eta pozez eta ekitaldiz beteriko lau egunez gozatuko dugu zarauztarrok. Denetarik izango da sanpelaioetan: haurrentzako jolasak, kalejirak, buruhandi eta erraldoiak, erromeriak, dantzaldiak, DJak...”.

Musikaz eta alaitasunez beteriko egitarau honen puntu gorenetako bat larunbat gaueko helduen danborrada izango da. “Aurten, urte luzez Haurren Agerraldiko ‘ahotsa’ den Arantza Laskibar Agirresarobe herritarra gonbidatu dugu San Pelaio gauerdian Zarauzko bandera igotzera, hartara, urtero-urtero festa posible egiteko jartzen duen aletxoa eskertzeko” jakinarazi du alkateak. “Helduen danborradak, aurten, Zurekin Ostalari Elkarteari emango dio San Pelaio Makila, haien laguntza eta babesa eskertzeko”.

Festa garai honetarako, Udalak programa berezia antolatu du, herriko beste elkarte eta eragilerekin elkarlanean. Denei eskerrak eman dizkie alkateak prentsaurrean, denen lankidetzagatik. Programa honetan, Iñurritzako jaietako, San Juan bezperako eta sanpelaiotako egitaraua barneratzen da.

Sanpelaioetako zapi urdina doan jasotzeko aukera izango da larunbat goizean, txupinazoaren aurretik, Turismo Bulegoan.

Festak giro jatorrean ospatzeko deia

Prebentzioak ere izango du bere txokoa festa hauetan. Hain zuzen ere, datorren aste bukaeran, bi gune egongo dira drogen eta alkoholaren inguruko lanketa egiteko. Larunbat gauean, San Pelaio bezperan, Drogen Informazio eta Analisi Zerbitzua izango da Munoan. Igandean, aldiz, Alkoholemia Proben karpa jarriko da Malekoian. Honez gain, eraso sexistarik gabeko jaietako puntua ere izango da larunbatean Malekoian. “Sanpelaioak giro jator eta alaian bizi eta ospatzea opa dizuet denoi. Egunez nahiz gauez, jaietan, edonoiz eta edonon, errespetuz jokatu. Ez dugu inolako jazarpenik edo erasorik onartzen gure herrian” azpimarratu du alkateak.

Ondo pasa sanpelaioak! Gora Zarautz!


Web edukia bistaratu

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010