Eduki publikatzailea
Atzealdea San Pelaio aurkezpena 2026
‘PELAIO, PELAIO’


2026/06/19
Sanpelaiotako txupinazorako astebete geratzen denean, Zarauzko Udalak jaietako egitarauaren aurkezpena egin du Iñurritzan. Aurtengo egitaraua ekitaldiz eta festaz beterik dator ekainaren 24etik 27ra.
Egitarau oparoa dakarte aurten ere San Pelaio jaiek eta ez dira faltako dantza, haurrentzako jolasak, erromeriak, kirola, erraldoi eta buruhandiak, haur eta helduen danborradak… eta dena musika eta festa giroaz lagunduta.
“Aurtengo San Pelaio jaietan Helduen Danborradaren 25. urteurrena ospatuko dugu, 2001ean elkarteen lehen danborrada hartan parte hartu zuten lau elkarteetako antolatzaileak omenduko dira San Pelaio gauerdian: Arkaitz Mendiko Iñaki Olazabal “Paxo”, Hilario Beizama eta Pedro Mari Silvan, Zurbaraneko Santi Negueruela, Urpekoakeko Karlos Etxarte eta Carballeirako Jorge Asorey zena”, azaldu du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak.
Lehen danborrada haren garaian Zarauzko Turismo Bulegoko zuzendaria zen Ana Mari Esnali emango diote ondo merezitako San Pelaio Makila, eta hainbeste urtez danborradan eta gure herriko festen antolakuntzan emandako laguntza eskertuko zaio.
Joan den urtean harturiko erabakiari jarraipena emanez, Helduen danborrada txarangen musikaz girotuko da, aurreko urteetan bozgorailuen bitartez egiten zen sistema ordezkatuz. Honela, gaueko danborradek zuzeneko musika izango dute. Honekin batera, gauerdian, ‘Pelaio, Pelaio’ ereserkia abestu ondoren, txarangak girotuta udaletxe paretik kalejira abiatuko da Musika Plazara eta kaleak alaituko dituzte musika emanaldiari erreleboa eman arte.
Lege Zaharren Enparantzako kontzertua
Egitarauko plater nagusietako bat Lege Zaharren enparantzan izango den kontzertua izango da. “San Pelaio eguna ostirala izanik, gauean Gozategi taldearen kontzertua antolatu dugu udaletxearen parean”, jakinarazi du Txurrukak.
Ekitaldi honetan, azken urteetan udako kontzertuetan ahalbidetu den gune egokitua ere izango da. Honela, Lege Zaharren Enparantzako erdiguneko mugikortasun murriztua duten pertsonentzat erreserbatuko da. Gune honetara sartzeko akreditazioa lortzeko beharrezkoa izango da aurrez Turismo bulegora (Kale Nagusia 30) bertaratzea eta mugikortasun murriztua egiaztatzeko txartela edo dokumentazioa erakustea.
San Pelaio ermitaren 175. urteurrena
Aurtengo festetan San Pelaio ermitaren bedeinkapenaren eta lehen ospakizun eukaristikoaren 175. urteurrena ospatzen da. Data hau gogoratzeko, ekainaren 24an, asteazkenean, Udaberri Abesbatzak kontzertua eskainiko du ermitan bertan.
San Pelaio banderak
Aurten ere herritarren eskura jarriko dira San Pelaio banderak eta zapiak Zarauzko Turismo Bulegoan. Banderak gaurtik aurrera eskuratu daitezke eta zapien banaketa, aldiz, ekainaren 25ean gauzatuko da.
Deskargatzeko
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010

